Jose Eladio Santacara. Bidaiaria

«Turista beti eskatzen ari da, eta bidaiaria, eskertzen»

Munduari hiru itzuli eman dizkio Santacarak, eta Erriberako euskaldun gisa aurkezten du bere burua nonahi. Mendebaldeko gizartearen «moralik eza» salatu du.

Iker Tubia.
Zarrakaztelu
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Legeak Nafarroako hegoaldea «eremu ez-euskalduna» dela dioen arren, izendapen hori gezurtatzen dutenetako bat da Jose Eladio Santacara zarrakazteluarra. Ingeniaria da, eta, erretiratu aurretik, 30 urtez irakasle aritu da. Mundua ongi ezagutzen du, bidaia luzeak egin baititu planetako luze zabalean. Berriki, bere bidaien kronika batzuk bildu ditu liburu batean: Efectivamente, la tierra es redonda (Halaxe da, lurra borobila da). Txinara abiatu aurretik hartu du tartea solasaldirako.

Hainbeste bidaiaren ondoren, zuri bai, zuri esaten ahal dizute munduko herritarra zarela, ezta?

Hori da esan didaten lorerik politena: «Agur, munduko herritarra!». Nik askotan diot, bidaiak egin ondoren, geroz eta euskaldunagoa sentitzen naizela, baina, horrekin batera, munduko herritar ere bai. Biak batera.

Orduan, bidaiatzeak ez du nazionalismoa sendatzen?

Ez naiz nazionalista, ez naiz inoiz sentitu. Hemengoa naiz, eta kito.

Zergatik sentitzen zara euskaldunagoa?

Bitxia da, nire gurasoak euskararen kontra zirelako, edo, behintzat, ez zuten maite. Madrilen nengoela hasi nintzen euskara ikasten. Uste dut ezinezkoa dela Nafarroa ongi ezagutzea ez baduzu bere euskal arima ulertzen.

Kanpora zoazenean azaltzen duzu euskalduna zarela?

Hori beti. Bueno, muga batean pasaportea ateratzen dut, eta kito. Baina, galdetu didaten guzietan, euskalduna naizela esan diet. Ameriketan toki guzietan badakite zer den Euskal Herria, eta Europan ere bai. Asian ezberdina da, baina saiatzen naiz adierazten nongoa naizen, pasaporte espainiarra badut ere. Kanpoan nagoenean libreago sentitzen naiz nik nahi dudana adierazteko.

Hemendik kanpo libreago?

Hori esateko bai. Pertsona bezala ere bai. Askotan libreago sentitu naiz alor pertsonalean; baina ez naiz politikaz ari. Beste lekuetan gehiago errespetatzen dira kulturak eta hizkuntzak Europan baino. Hemen estatu nazionalak asmatu zirenean, hiru baldintza jarri zituzten: hizkuntza bat, administrazio bat, armada bat. Beste lekuetan, ez. Indian harro sentitzen dira 22 hizkuntza dituztelako. Alde horretatik erosoago eta libreago sentitzen naiz, normaltasun osoz hartzen dutelako nire nortasuna ezberdina dela.

AEKn ere ibili zara?

Bai, hamar urte inguru.

Nola lan egiten da Erriberan?

Oso bitxia da. Hemen egiten ari ginena zen euskararen kontrako jarrera deuseztatzea. Inportantea zen ikastea, baina ez zen hori bakarrik; euskararen aldeko inguru bat sortu behar zen, eta hizkuntza normalizatu. Hori ez zuten ulertzen hemendik kanpo. Hemen euskararen kontra egin dena izugarria izan da. Duela 40 urte, Lakuntzako talde bat etorri zen hemengo taldearen kontra jokatzera. «Putakumea, hitz egin kristaueraz», esaten zieten.

Egoera hori aldatu da?

Bai. Hasi gara euskara zerbait entzuten, baina denak oso sakabanatuak gaude. Orain onartzen da afixetan euskara ere agertzea, adibidez. Baina, tira, Zarrakaztelun bai, baina inguruko herrietan Santacaran, Meridan... gaizki dago egoera.

Telekomunikazioetako ingeniari batek nolatan erabaki zuen mundu osoa ezagutzea?

Beti izan dut joera bidaiatzeko. 20 urterekin Frantziako tren geltokietan lo egiten nuen, eta auto-stop egiten nuen. Erranen nuke erabaki nuela hezkuntzan egotea horrexegatik, oporrak luzeagoak direlako. Aurretik ere ezagutzen nuen Afrikako iparraldea, Ekialde Hurbila eta Europa osoa, baina barnean banuen hemendik 10.000 kilometrora zegoena ikusteko gogoa: jendea, kulturak eta hizkuntzak ezagutzekoa. Uste baino berdinagoak garela pentsatzen nuen, eta bidaiek hori baieztatu dute. Bidaia horretan 59 herrialdetan izan nintzen. Edozein herritan, ni beste herritar bat naiz, aldatzen naiz. Bidaiari bat naiz. Horrek hondarra uzten du zure baitan, hango jendearekin mimetizatzen zarelako.

Nola lortzen da herri batean hain barneraino sartzea?

Zure gogoan dago hori. Bidaiatzeko forma ezberdinak daude. Turista beti eskatzen ari da, eta bidaiaria, eskertzen; ematen diotena eskertzen du. Herri batera aurreiritziekin joaten bazara, zaila da; horregatik, bidaia hauek errespetu osoz egin behar dira. Ikusi, begiratu, eta, gero, agian, bueltatzean, hasi gauzak zalantzan jartzen. Hemengo joera izaten da, nolabait, beste kulturak modu txarrean ulertzea. Maien ustetan, mundua arto ale batetik sortu zen. Askok pentsatuko lukete tontakeria bat dela, baina emakumea saihets batetik sortu dela esatea normaltzat jotzen da.

Munduari eman zenion lehenbiziko itzulian han eta hemengo musikak jaso zenituen. Biblioteka musikala sortu zenuen?

Bost kontinenteak musikaren bidez ezagutzea pentsatu nuen. Egia esan, bidaia hauek berez justifikatzen dira; ez duzu aitzakiarik behar. Baina, tira, hori pentsatu nuen. Munduko musika tradizionalak biltzea zen asmoa, eta izugarria izan zen. Musika izan zen bidaia horren —eta, gero, Afrikakoaren— gasolina; tira, kasu honetan, diesela.

Besteekin komunikatzea errazagoa da musikaren bitartez?

Baietz uste dut. Musikak, berez, badu adierazteko modu bat; askoz ere errazagoa da komunikatzea. Adibidez, Kuban gertatutakoa datorkit gogora. Han sartzeko, nire pasaportea hartu zuten, zigiluz beterik, eta galdetu zidaten, zabar, ea zertara nindoan. Pentsatu nuen hordago bat bota behar nuela: «Munduko musika biltzen ari naiz, eta, noski, hori egin eta Kubara ez etortzea bekatu mortala litzateke», esan nien. Berehala pasatu nintzen. Musikak jendea batzen duela uste dut.

Sukalderaino sartzeko modua da bestearen musika partekatzea?

Bai. Nik euskal musikaren bilduma bat eraman nuen, eta askotan diskoak trukatzen genituen. Gogoan dut Pakistango kanpin batean nengoela herbeheretar bat etorri zitzaidala. Erran zidanez, hiruzpalau urte egon zen Euskal Herrian. Hertzainak taldearen disko bat galdu zuen, eta, furgonetan nuenez, kopia bat egin nion.

Zein tresna eramaten zenituen?

Txistua, akordeoia eta tronboi irristailuduna. Baina nire ideia ez zen joaten nintzen tokietan jotzen ibiltzea. Momentu aproposa ikusten nuenean jotzen nuen; bestela,ez. Goan txistua jo nuen Frantzisko Xabierkoarentzat, nahiz eta ez naizen sinestuna. Baina gehienbat akordeoia jotzen dut.

Bidaietan erabili duzun furgoneta Ibiletxe da. Zure maitalea?

Gutxi gorabehera bai. Nire etxea da. Harekin bi itzuli eman dizkiot munduari, eta Afrika zeharkatu dut, beraz, harreman berezia dugu. Orain, zahartzen ari da, ni bezala, baina berarekin jarraitzen dut. Agian eginen dugu beste bidaia luzeren bat.

Euskaldunak edozein tokitan aurkitzen ahal dira?

Adibidez, Rolaimara joan nintzenean, gidak galdetu zidan ea euskaldunak zenbat milioi ginen, hara joaten ziren gehienak euskaldunak zirelako. Nik esan nion oso gutxi ginela, hiru milioi. Ezin sinetsi zebilen.

Zein herrik harritu zaitu gehien?

Niretzat denak izan dira oso garrantzitsuak, baina erranen nuke leku bat, hori bai: Taj Mahal.

Bidaia horietako istorioren bat kontatuko zenuke?

Lolaren istorioa hunkigarria da. Lola Nepal iparraldeko neska bat zen, ezkonduta zegoena. Ezkontza batera gonbidatu ninduen, eta, musika grabatzeko aukera zegoenez, joan nintzen. Neska ezkongaia negarrez ari zen, eta horri buruz galdetu nion Lolari. Berak arrapostu zidan: «Ni ere horrela egon nintzen». Ezkontza adostuta zegoen, eta egun berean utzi behar zituen familia, lagunak eta herria. Egun berean ezagutzen duzu senarra, berarekin oheratu behar duzu... nahiko gogorra da. Baina guztiak ez ziren horrela. Han bazen nahi zuen pertsonarekin ezkondu zen emakume bat ere.

Hobeki bidaiatzen da bakarrik?

Burua ongi finkatua izatea da bakarrik bidaiatzeko garrantzitsuena. Ni ohitu nintzen horretara, eta ez dut batere problemarik. Duela bi hilabete bukatu nuen munduari emaniko azken bira, eta ez nuen irratia konpondu ere egin.

Bidaiaz gozatu arren, nekagarria ere bada?

Noski, nekagarriak dira. Batzuetan ez zara konturatzen oso nekaturik zaudela edo ez duzula egun osoan deus ere jan. Beti aurrera jarraitzen duzu, ez dago atzera bueltatzerik. Begira, bidaia bukatzear nuela, Dalaserako bidean, ikusmena galtzen hasi nintzen. Autoa gelditu, atera, eta lo seko geratu nintzen han. Esnatu nintzenean konturatu nintzen lurrean etzanda nengoela. Medikuak esan zidan gorputza kexatu zela.

Herrialde bat ez duzu aipatu nahi izan, baina Txinarekin baduzu harreman berezi bat, ezta? Orain itzuliko zara.

Hasierako momentutik, liluraturik geratu nintzen, oso ezberdina zelako gurearekin konparatuz.Tiananmen plazara ailegatu eta bandera gorria ikustean... Musikarekin ere hunkitu nintzen. Liluratu ninduen bizitza ulertzeko beste modu bat zutelako, beste kultura bat. Orduz geroztik nik ez dut sinesten hemengo gizartean. Arazoak bonbak botatzen konpontzen dira hemen. Argi eta garbi dut Txina dela etorkizuna. Bi Txina daude han: badaude diruaren atzetik dabiltzanak, baina oraindik asko dira humanitatea dutenak. Eztabaidan dabiltza, eta bigarrenak irabaztea espero dut.

Begiak zilborretik aldendu, eta munduari so egin behar zaio?

Horretaz seguru nago. Hau da europar baten liburua salatzen dituena Europan erabiltzen diren metodoak. Azken finean, gu aritu gara 500 urtez mundua txikitzen eta bere altxorrak kentzen, eta oraindik inork ez du barkamenik eskatu. Australian Elizak eta agintariek orain bost urte barkamena eskatu zutenean [gelditu egin da], hor ziren aborigenak negarrez [begiak busti zaizkio], ez da gehiegi baina... [tarte bat hartu du] Hemen ez, gizarte hau amorala da. Hemen hedabideek diote zer pentsatu behar dugun, eta nola interpretatu behar den kanpoan gertatzen dena. Uste dut bidaiariok bizi izaten duguna kontatzeko ardura dugula.

Zer asmorekin zoaz Txinara?

Bi helburu ditut: txinera ikasten jarraitzea, unibertsitatean egunero lau orduz, eta Afrikari buruzko liburu bat idaztea. Asteburuetan hango familia bat bisitatuko dut, edo pub batera joanen naiz afaltzera. Ikasle bizitza eginen dut.

Bueltak ematen ditu bizitzak. Irakasle izan zara urte luzez, eta, orain, berriz ere ikasle.

Bai, bai. Nire garaian ahal banuen ikasleei ez nien azterketarik jartzen, ni oso txarra nintzelako azterketak egiten. Azterketak ez zuen adierazten nik nekiena; beraz, nire ikasleekin gauza bera egiten nuen. Txinan ez dut azterketarik eginen; ez dut beharrik.

Hiru itzuli eman dizkiozu munduari. Laugarrena eginen duzu?

Ez, baina bidaia luze bat dut buruan, eta egitekotan norbaitekin eginen dudala uste dut. Noski, eta Ibiletxe-rekin. Beti kexaka dabil, kokoteraino dago, baina ongi ezagutzen ditut bere soinuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.