Indarkeria matxistaren aurkako eguna. Mobilizazioak

«Ardurak hartzeko ordua da»

Andreen aurkako bortxaren aurkako mezuak ozendu ditu mugimendu feministak mobilizazio jendetsuetan, neurri eraginkorren eske. Instituzioak ere plazara irten dira hainbat mezurekin

Jendea erruz batu zen arratsaldeko mobilizazioan. FOKU.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Dena esanda dago, bai, eta aspertuta gaude feministak isilaraztera garamatzaten hitz hutsal horiekin». Kalean ozen entzun ziren atzo indarkeria matxistaren kontrako mezuak, arazo horren konponbidea ekarriko duten neurri eraginkor eta zuztarrekoen eske. Izan ere, azaroaren 25a egun seinalatua izaten da bortxa horren gainean ohartarazteko, mundu osoan. Euskal Herrian mugimendu feministak deituta egin ziren deialdietan, hitzez harago, benetako «baliabideak eta konpromisoak» hartzeko eskea egin zuten milaka pertsonak:«Ardurak hartzeko garaia da». Alde horretatik, zuzenak eta irmoak izan ziren instituzioei egindako eskeak. Indarkeria matxistaren kontra egiteko olatuan egon nahi izan zuten haiek ere: elkarretaratzeak egin ziren instituzioen atarietan, eta adierazpen ugari plazaratu zituzten indarkeria matxistaren aurka, etenik izan ez zuen emari jorian. Bestelako erakunde askotan ere zabaldu ziren atzo ikur eta aldarri moreak.

Feminismoak, ordea, hitz maiztuen arriskuaz ohartarazteko ahaleginean aparteko indarra ipini nahi izan du aurten. «Dena esanda dago, baina dena egiteko dago. Hitza hartu dugu, eta guri entzutea eskatzen dugu, gure proposamenak kontuan hartzea, guk geuk jasaten baititugu indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinak», adierazi zuten ilunabarrean egin ziren manifestazioen ondorenean. Hegoaldeko lau hiriburuetan egin ziren atzo mobilizazioak; Iparraldean, berriz, asteburuan egin zituzten. Arazoaren sustraiak arakatzera deitu dute feministek: «Hamaika aldiz errepikatu dugu ez direla kasu bakartuak: patriarkatuaren, kapitalismoaren, kolonialismoaren eta beste zapalkuntza askoren arteko aliantzak eragindako indarkeriak dira».

Eskari zehatzak

Horiek horrela, aldarri zehatzak ere egin ditu mugimendu feministak aurten. Gizarte Segurantzari zuzenduta: pentsioetan genero arrakala %44koa dela oroitarazi du, eta etxeko langileek aparteko erregimen bat dutela, zeinak gainerako langileek onartuak dituzten eskubideak ukatzen dizkien. Eusko Jaurlaritzari bideratuta: «ikuspegi feminista» duten aurrekontuak garatzeko, hezkuntza «hezkidea eta inklusiboa» sustatzeko eta diru sarrerak bermatzeko errentan egindako murrizketak bertan behera uzteko eskatu diote, besteak beste. Migrazio politiketan ardurak dituzten erakundeei begira: «Egoera irregularrean egoteak ez du esan nahi gizaki ez garenik, eta, horregatik, beldurraren harresiak apurtu eta gizartearen eraso guztiei aurre egingo diegu». Patronalaren ardurak gogoan hartuta: «edozein motatako diskriminazio ekonomikoak» ezabatzeko eskea egin dute, eta enpresetako zuzendaritza eta erabaki organoetan emakumezkoak egotea. Aldundien erabaki eremuak zedarritutako alorrei erreparatuta: «Aurrekontu partida handiagoak eskatzen ditugu menpekotasunei erantzungo dioten politika publikoetan, kalitatezko zerbitzu unibertsal, doako eta publikoekin». Justiziaren alorrean ikusten dituzten gabeziei so: «Ez dugu emakumeok biktima babesgabe eta autonomia gabeko gisa tratatuko gaituen justiziarik nahi».

Mugimendu feministak gogora ekarri ditu indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hil diren lau andreak. Lau izan dira: hiru Lapurdin eta bat Nafarroan. Ekainaren 17an tiroz hilda aurkitu zuten bikote bat—andrea eta gizona ziren— Urruñan; Poliziaren lehen hipotesiaren arabera, gizonak emakumea hil zuen, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Mayie Nervi zen emaztea, 81 urtekoa. Ekainaren 25ean, Chantal Monte izan zen biktima, 72 urtekoa, Bardozen; senarrak hil zuen, bere buruaz beste egin aurretik. Azaroaren 2an, 53 urteko andre bat agertu zen hilotz Baionan. Poliziak ubelduz josita zegoela ikusi zuen, eta senarra atxilotu zuten. Abuztuaren 23an, Alicia Zubiri hil zen Iruñean, leihotik erorita; semea atxilotu zuten aurki eta bermerik gabe espetxean sartu ondoren, hilketa egotzita. Halakoak erauzteko bidean eragile izatera deitu dute feministek. «Erakunde publikoek indarkeria matxista amaitzeko hartu beharreko neurriak hartzen ez dituzten bitartean, guk antolatuta jarraituko dugu»

Eragile gehiago

LAB sindikatuak deituta, Hego Euskal Herriko Lan Ikuskaritzetako egoitzen aurrean protestak egin ziren atzo Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu leloa zabaltzeko. ELAk ere hainbat ekintza egin zituen Donostian. Aldarria ozendu nahi izan duten erakundeen artean dago EHU Euskal Herriko Unibertsitatea ere: indarkeriaren kontrako «olatu erraldoi» bat hauspotzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.