LEGEA

2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Eutanasia eskea egiten duen pazienteak berrogeiren bat egunen buruan prozesua hasi eta bukatu ahal izateko pentsatuta dago legea. Horra, puntuka, zer dioen:
Idatziz. Idatziz egin behar da eskea beti, eta pazienteak izenpetuta; sinatu ezin badu, «era argian» adierazi beharko du eskabidea martxan jarri duela, norbaitek lagunduta. Kasuaz arduratuko den medikua erietxe bateko mediku batizan liteke, edo familia mediku bat. Pazienteak aurretiazko borondateen agirietan ebatzitakoak aintzat hartzeko era ematen du legeak.
Bi egunen buruan, erantzuna. Bi egunen ondoren erantzun beharko du medikuak. Baiezkoa bada, hausnarketa prozesu bat hasi beharko du pazientearekin; haren diagnostikoaz, aukera terapeutikoez, horien emaitza posibleez, eta jaso ditzakeen zainketa aringarriez.
Bigarren eskea. Eskabidea berritu behar du pazienteak.
Berrespena. 24 ordu igarota, berriz galdetuko dio kasua daraman medikuak eskea egin duen pazienteari prozedurarekin aurrera jarraitu nahi duen. Berriz ere baietz erantzuten badu, medikuak gaixoa artatzen duen osasun taldeari eta pazienteak esaten duen familiako kideei emango die eskearen berri, eta prozedurarekin aurrera jarraitu beharko du.
Aholku eskea. Aholku eskea egin beharko du kasuaren ardura duen medikuak osagile aholkulari batekin; horrek, pazientearen historia eta pazientea bera aztertuta, dena legezko irizpideen barruan dagoen ebatzi beharko du.
Batzordearen galbahea. Bi medikuek kasua onetsi badute, kasuaren ardura daramanak Berme eta Ebaluazio Batzordera eraman beharko du, eskaera onets dezan. Erantzuna ezezkoa bada, auzitara jotzeko era izango du gaixoak.
Bi aukera. Pazienteak, kontziente bada, medikuari esan beharko dio nola egitea nahi duen eutanasia. Baga: lehen hautua onesten badu, osasun profesional batek substantzia bat jarriko dio, heriotza eragiteko. Biga: beste hautua da osasun profesionalek heriotza eragiteko substantzia bat preskribatzea, eta pazienteak berak hartzea. Bi kasuetan azken ordura arte artatuko dute osasun langileek gaixoa.
Jarraipena. Egindako kasuen jarraipena egingo da, ondorengo ebaluazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.