Fernando Ramallo. Hizkuntzalaritza irakaslea

«Gaztelaniak toki berriak irabazi ditu»

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Aditu Batzordeko partaidea da, besteak beste, Fernando Ramallo. Haren aburuz, hizkuntzen aniztasunari buruzko diskurtso berriak behar dira.

Gasteiz
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Hizkuntzak gai politikoak dira». Argi dio Fernando Ramallo (Vigo, Galizia, 1965) hizkuntzalaritza irakasle eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Aditu Batzordeko kideak. EHUko Unesco katedrak gonbidatuta, galegoaren hiztun berriez eta hizkuntzaren egoeraz jardun du Bilbon eta Gasteizen.

Zein da galegoaren egoera egun?

Nahiko egoera zailean dago galegoa, azken 30 urteetan hizkuntza ordezkatzeko prozesua sendotu baita. Gaztelaniak toki berriak irabazi ditu aurretik inoiz sartu ez den tokietan, hau da, 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan. Horrez gain, galegoa ama hizkuntza gisa dutenek behera egin dute, baita galegoaren praktika elebakarrak ere. Galizian galegoz bizi daiteke; ez da zertan elebidun aktiboa izan. Baina gero eta elebidun gehiago daude. Pertsona horietako asko galego hiztun tradizionalak dira askotan.

Beraz, azken 30 urteetako hizkuntza politikek ez dute eten hizkuntza ordezkatzeko prozesua?

Ez. Azken urteetako inkesten datuak alderatuz gero, ikus daiteke galegoak nabarmen galdu duela presentzia. Hizkuntza politikek balio izan dute galegoa inguru formal berrietan sartzeko, bereziki komunikabideetan, hezkuntza sisteman eta administrazioan. Hala ere, kasu horietako batean ere ez da modu egonkorrean ezarri. Hizkuntzaren gizarte prestigioa hiru alor horien bitartez sortu nahi izan dute, baina alde batera utzi dituzte beste arlo garrantzitsu batzuk, hala nola enpresaren eta aisialdiaren munduak.

Ekarpen positiborik izan al du?

Gizartearen hizkuntza gaitasunak hobetu dira hizkuntza politikekin, oro har. Baina erabilera ez da aldatu. Beraz, beste politika batzuk behar ditugu, eta gizarteak nabaritu beharra du hizkuntzaren inguruko adostasuna dagoela. Galizian ez da sekula halakorik egon. Hizkuntza politika gatazkaren inguruan egituratu da, eta horri ez zaio inoiz aurre egin.

Zergatik ez zaio aurre egin?

Galiziako gizartea, beste edozein bezala, ez da homogeneoa hizkuntzaren gisako balio bati dagokionez. Azken 40 urteetan gobernatu gaituzten eliteek oso iritzi kontrajarriak izan dituzte hizkuntzari buruz. Galiziako gizartean hizkuntzaren inguruan dagoen hausturaren adibide argia da hori. Badago muturreko talde minoritario bat: gaztelaniak pisurik ez galtzearen aldeko gisa aurkezten dute euren burua; baina galegoaren aurkako logika bat dago horren atzean. Beste aldean, berriz, badago beste talde minoritario eta oso ekintzaile bat galegoaren alde. Ez dut asaldurarik sortu nahi, baina. Gizartearen gehiengoa ez dago ez batarekin eta ez bestearekin, eta uste dut gustatuko litzaiekeela hizkuntza zeharkako elementu bat izatea.

Politikak bi muturretara jo duela esango nuke, eta erdian daudenak ahaztu egin ditu. Beti egongo da gatazka politika publikoen inguruan. Baina gizartearen gehiengoaren interesak zaindu behar dira, eta uste dut horiek ondo ikusiko dutela galegoa gehiago sustatzea.

Euskal Herrira etorrita, zer gomendatuko zenuke Nafarroan euskararen egoera hobetzeko?

Hizkuntza aniztasunaren inguruko diskurtsoa aldatu behar da. Alderdi politiko guztien arteko erabateko adostasuna egotea eskatzen du horrek. Ez da gatazkan sakondu behar. Nire iritziz, hizkuntzak dira gai politiko nagusiak edozein lurraldeetan. Politikoak dira, komunitate osoaren ardura direlako. Ez dute alderdikoiak izan behar, bestela ados jartzeko aukera guztiak galduko baitira.

Logika horri jarraituz, zein urrats egin daitezke?

Duela gutxi egindako lege aldaketari esker, Nafarroa osoan D ereduan ikasteko aukera zabaldu dute. Horrez gain, komunikabideen aldeko apustu indartsua egin beharko litzateke. Berezko medioak ez badaude, EAEko gobernuarekin akordioak lortu behar lituzkete ETB Nafarroan ikusteko. Hala eskatzen baitu Nafarroako komunitate euskaldunak. Noski, hor arazo alderdikoiak sortzen dira. Zentzugabea da egungo egoera. Gauzak erraztu behar dira. Nafarroako Gobernuak euskaldunengan pentsatu behar du. Eskubide osoa baitute euren hizkuntzako telebista bat izateko. Baina garrantzitsuena da hizkuntzak ez izatea gai gatazkatsu baten irudia.

Nola lor daiteke hori?

Gobernuek gai nagusi gisa hartu behar dute hizkuntza, Galizian Donejakue bidea den bezala. Denek egon behar dute ados. Erkidego guztietan hizkuntza batzordeak egin beharko lituzkete, ideologia guztietako pertsonekin, eta gobernuek onartu beharko lituzkete batzordearen erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.