Kudeaketa arazo «larriak» salatu dituzte Arabako adingabeen zentroetan

Bideberria eta Sansohetako langileek salatu dute ezin dutela egin «esku-hartze hezitzailea». Aldundiari eskatu diote neurriak hartzeko

Langileek emandako prentsaurrekoa, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Adingabeei arreta emateko Arabako foru zerbitzuen sareak kudeaketa arazo larriak ditu».Nuria Vallejos Barroso ELAko zerbitzu soziosanitarioetako arduradunak Bideberria eta Sansoheta zentroetako egoera salatu du. Areago, auzitan jarri du horren ondorioz zentroek eman dezaketen zerbitzua. «Ezin da ziurtatu zerbitzuek izan behar duten izaera hezitzailea, adingabeen erabateko gizarteratzera begira». Are gehiago, Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzu horien kudeaketa arazoak egoera «onartezina» eragiten ari direla gaineratu du. «Administrazioak dira zentro horien arduradunak, zuzenean edo zeharka, baina ez dituzte betetzen dagozkien eginbeharrak».

Zentro horietako egoerak «hilabeteetan» mantendu direla nabarmendu du Vallejosek. «Agerikoa da administrazioaren kontrol falta». Egoitza horietako langileek gabeziak xehatu dituzte: instalazioak ez dira egokiak, banakako arreta emateko beharrizanak ezin dira bete, ez da bermatzen ez tratu berdintasuna ez aukera berdintasuna... Egoera horrek adingabeei eskainitako zerbitzuan zuzenean eragin duela salatu dute, baita langileen lan baldintzetan ere.

Sansohetako langileek jakinarazi dute hango «giro gatazkatsua» areagotu egin dela azken urtean. Jokabide arazoak dituzten adingabeak hartzen ditu zentroak, eta, gaur egun, «askotariko ezaugarri eta adinetako adingabeak» daude han. «Batzuek zentro espezializatuagoetan egon beharko lukete», zehaztu du Vallejosek. Erabiltzaileen ezaugarrien arteko alde horiek esku hartzea zailtzen duela gaineratu du, sortu den giroan ezin delako loturarik sortu adingabeekin. «Etxeko giro bat sortu beharrean, halako testuinguruekin lortzen dena da gazteek indarkeriazko jokabideak ikastea».

Giro horrek indarkeriazko jokabideak areagotu dituela berretsi dute langileek, bai adingabeen artean, bai langileen kontra ere. Zentroetako profesionalek gaineratu dute aldundia ez dela «ondo» jokatzen ari egoera «gatazkatsu» horri aurre egiteko orduan. Adingabeak zentro espezializatuetara bidali beharrean, hezitzaileei «adingabeak fisikoki eusteko» teknikak irakatsi dizkietela azaldu du Vallejosek. «Sansohetan egon behar duten gazteei emozionalki eutsi behar zaie, eta lan hori egiteko prestatutako hezitzaile profesionalak dira». Horrek lantaldean antsietate egoerak sortu dituela gaineratu dute langileek.

Azpiegiturarekin ere kezka adierazi dute, azkenaldian zentroa bera asko hondatu delakoan: «Instalazioak ez dira bertan bizitzeko modukoak».

60 erabiltzaile eta sei dutxa

Bideberria zentroko langileek, bestalde, salatu dute erabiltzaileak pilatuta daudela. Zerbitzu horrek arreta ematen die familiarik gabe bidaiatu duten adingabe migratzaileei. Duela aste batzuk, diputazioak beste solairu bat egokitu zuen zentroan bertan, hamabost adingaberentzat. Bada, hor,31 adingabe daude gaur egun. Langileek nabarmendu dute oheak dituzten gela gehiago daudela, baina ez dagoela espazio komun gehiago. Beraz, aurretik 30 gazte zeuden lekuan 60 daude egun, horrek eragiten dituen zailtasunekin: sei dutxa daude, otorduak txandaka egin behar dituzte...

Horrez gain, nabarmendu dute solairu berrira joan diren adingabeei ohea eta janaria eskaintzen zaiela, ez besterik. «Adingabeek jasotzen duten mezua da bideko ostatua baino ez dela». Halaber, behar berriei erantzuteko langile gehiago kontratatu badira ere, horiei egindako kontratuak ekainera artekoak direla salatu dute. Vallejosek galdetu du ea zein den horren helburua: «Bideberriko zerbitzu gehigarri hori adabaki bat baino ez da izango, hauteskundeak datozela eta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.