Javi Pineda. Navaleko langile ohia

«Lanera noa Cadizera, bai, baina etxetik bota nauten irudipenez»

Bi urteko prozesu luze baten ondoren, martxoaz geroztik Navaleko langile ohia da Pineda, 37 urte bertan egin eta gero. Cadizera joango da ostegunean, ontziola publiko batean hasteko. Amorratuta dago.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Etxetik bota izan balute bezala sentitzen da Javi Pineda (Sestao, Bizkaia, 1968) Navaleko langile ohia. Jaioterrian bizi da, eta bertan egin du lan ontziolak ekoizpena gelditu zuen arte. «Nik uste nuen nire lan ibilbidea hemen amaituko nuela, Navalen hartuko nuela erretiroa». Baina ez da horrela izango. Ostegunean hegazkina hartuko du, eta hilaren 17an Cadizko (Espainia) ontziola publiko batean hasiko da lanean. Oraindik ez daki zein postutan, ez zein lantegitan, eta ezta zein baldintzatan ere. «Inork ez dit deitu oraindik ezer esateko». Sestaotik 990 kilometrora egongo da, eta jakitun da bere lan ibilbidea han amaituko duela. «Etxea ordaindu ezin duten horiek kaleratzen dituztenean bezala sentitzen naiz; lanera noa, bai, baina etxetik bota nauten irudipena daukat».

Bere errotik erauzi izan balute bezala doa Cadizera, behartuta. Navaleko garabiak geldirik daude 2017ko urriaz geroztik, eta langile denak joan den martxoan kaleratu zituzten. Baina badute alternatiba bat, duela hamahiru urte ontziola pribatizatu zenean akordio bat egin baitzuten CCOO eta UGT sindikatuek SEPI Espainiako enpresa industrial publikoak biltzen dituen sozietatearekin. Lantegia inoiz itxiko bazen, beharginek aukera izango zuten ontziola publiko batera joateko. Cadiz, Cartagena (Espainia) eta Ferroleko (Galizia) ontziola publikoen artean aukeratu dezakete, beraz.

Kaleratu zituzten 173 langileetatik 150ek daukate ontziola publiko batera joateko berme hori, eta abenduaren 31 baino lehen jakinarazi behar diote Navantia ontziola talde publikoari zein lantegira joan nahi duten. «Nik lehenago hasi nahi nuen lanean, maiatzean amaitu zitzaidalako langabezia saria, eta diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen hasi nintzelako». Baina Navaletik kaleratutako lehen langileak hilaren 17an hasiko dira beharrean ontziola publikoetan. Eta horien artean dago Pineda.

«Kalean askok diote pribilegiatu batzuk garela, lana bermatuta daukagulako; bai, baina etxetik mila kilometrora joan behar duzu, eta berriz ere hutsetik hasi. 30 urte dituzunean, akaso pozik joango zinateke, baina adin honekin asko kostatzen da». 51 urte ditu Pinedak. «Nik behintzat ez daukat seme-alabarik, eta nire gurasoek oraindik ez dute zaintzarik behar; baina lankide batzuen kasua ez da hori». Asko Ferrolera joango dira, gertutasunagatik, baina Pinedak Cadiz aukeratu du: «Eguzkia behar dut nik, eta Ferrolen hemen baino eguraldi okerragoa egiten du».

Bizitza berri bat hasiko du han, eta lagun baten bidez pisua lotuta dauka dagoeneko. Sestaon familia, lagunak eta bikotekidea utziko ditu. «Nik etxea ordainduta neukan; ez neukan inolako kargarik; gauza bakarra falta zitzaidan: lan egin eta bizi ahal izatea. Baina nire etxetik bota naute; horrela sentitzen naiz».

Bi urteko nekea gainean

Astebete barru lan berrian hasteko bezperan egongo da, eta, hala ere, gaur-gaurkoz oraindik ez du sinesten egoera horretan dagoenik. «Moduren batera edo bestera Navalek iraun ahal izango zuela pentsatzen genuen, edo pentsatu nahi genuen; baina, azkenean, dena hautsi da, eta bizitza berri bat hasi beharko dugu hutsetik. Dena den, joateko gogoz ere banago, azken urte eta erdian bizi izan dugun estutasun hau amaitu dadin nahi baitut, eta lanean hasi». Dioenez, hilabeteak baitaramatza apenas lorik egin gabe. «Dena ondo antolatuta edukitzea gustatzen zait, eta ezegonkortasun egoera honekin ezin nuen lorik egin. Prozesu guztia oso gogorra eta nekagarria izan da».

Nekeaz gain, amorrua ere sentitzen du, Navaleko krisia hasi zenetik denbora galdu izanaren irudipena baitauka: «Txarrenean aukera bat geneukan: ontziola publiko batera joatea lanera. Bi urteko neke guztien ondoren zein aukerarekin geratu gara? Hasieran geneukan berberarekin! Ez dugu ezer aurreratu denbora tarte horretan guztian».

Horrek sorrarazten dio amorrua, baina baita erakunde guztiek bizkarra eman dietelako ere. Hala sentitzen baitu. «Jo beharreko ate denak jo ditugu, eta mahai gainean proposamenak jarri ditugu». Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari behin eta berriro eskatu diete ontziolaren kargu egin zitezen, baina Europako mandatuak aipatu izan dituzte erakundeek aukera hori baztertzeko. «Txosten juridiko bat eskatu genuen aukera hori bideragarria zela erakusteko. Bruselara ere joan ginen, eta han oniritzia jaso genuen. Baina aukera horri ere ezetz esan diote. Horregatik diot bakarrik sentitu garela, inork ez gaituela babestu. Maleta hartu beste aukerarik ez zaigu geratu».

Inbertitzaile pribatu bat babestuko zutela errepikatu izan du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak behin eta berriz. «Baina guk bagenekien inbertitzailearen kontu hori fikzioa zela; ontziola erabat ixten denean, orduan etorriko dela benetako inbertitzailea. Navaleko langile ginen arte ez da interesik egon, eta orain epaitegietako prozesua amaitu ondoren ixten dutenean, orduan azalduko da, gu kanpoan gaudela. Gainera, esaten dutenagatik, dagoeneko badago inbertitzaile bat ontziolaren jabetza hartuko lukeena». Inbertitzaile hori azaltzen denean, litekeena da lantegian berriz ere ontziak egitea. «Amorrazio handia emango lidake horrek».

Sestaotik alde egiteko maleta prest baitauka, eta iraganeko Ezkerraldea gogoan duelako oraindik. Babcock Wilcox, Naval edo Labe Garaiak boladan zeuden garaiak. Orain, horien hondakinetan supermerkatuak zabaldu dituzte, eta Amazonek esan berri du banaketa gunea zabalduko duela Babcocken lantegi zaharrean. «Zer dirurekin erosiko du jendeak supermerkatu horietan? Industriak ematen du aberastasuna!». Sestaok 40.000 biztanle ere izan zituela gogoratu du; 27.000 ditu orain. «Lanagatik alde egingo duen beste bat gehiago naiz ni».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.