BAKARRIZKETA

Trumpen kontu ez-sekretuak

Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ostegunean, AEBetako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Donald Trump presidenteak ezin dizkiola bere finantza kontuak ezkutatu Manhattango fiskaltzari. Hark azken zortzi urteetako datuak eskatu dizkio.

1 Zer egin du Trumpek oraingoan? Fiskaltza Trumpek bi emakumeri egin zizkien legez kanpoko ordainketen atzetik dabil. Orain presidente denak iraganean sexu harremanak izan zituen Stormy Daniels pornografia aktorearekin eta Karen McDougal Playboy aldizkariko modeloarekin, eta isilik egotekoordaindu zien 2016ko hauteskunde kanpainan. Danielsi 114.000 euro ordaindu zizkion, eta McDougali, 133.000.

2 Ez zitzaion merke atera... Berak ez ditu onartuko harremanak, noski. Ez, baina kontu jakina da. Trump presidente egin berritan atera ziren kasuak argitara; gainera, ordainketak egin zituen abokatuak, Michael Cohenek, guztia kontatu zion Poliziari. Hark 2018an adostu zuen hiru urteko kartzela zigor bat, eta betetzen ari da orain.

3 Eta Trump? Immunitatea du presidente izateagatik, ala? Hori diote handikiaren abokatuek, bai. Gaiak, berriz ere, auzitan jarri du AEBetako presidenteek euren inguruko informazio eskaerak blokeatzeko duten gaitasuna. Aurrekaririk sonatuena Watergate kasua da, eta Auzitegi Gorenak hura hartu du erreferentzia gisa: 1974an, Richard Nixon behartu zuten bere bulegoko grabaketa batzuk aurkeztera espioitza eskandalu hura argitzeko. Bill Clinton ere kondenatu zuten sexu jazarpen kasu baterako frogak ematera.

4Lewinsky kasua, ez? Bai. Clintonek sexu harremanak izan zituen Etxe Zuriko bekadun batekin, eta 1998an epaiketa politiko bati egin behar izan zion aurre, impeachment bati.

5 A zer presidenteak AEBetan... Kargu horrek ez zaitu ukiezin egiten, beraz. Ez, baina baditu bere abantailak: oraingoz, presidente den bitartean, ez dirudi Trumpen diru kontuak publiko egingo dituztenik. Hori eskatu zuen AEBetako Ordezkarien Ganberak —demokratak nagusi dira han—, baina kasu horretan Auzitegi Gorenak Trumpi eman dio arrazoia. Hauteskundeak igaro arte, behintzat, salbu da errepublikanoa.

6 Hala ere, ez dio graziarik egingo bere kontuak gainbegiratzeak. Zipitzik ere ez. Erabakia jakin bezain pronto Twitterren idatzi zuen purrustada ikusi besterik ez dago... Jazarpen politiko baten biktima dela dio, eta bera espiatzea egotzi dio Obamaren gobernuari.

7 Ez dago kontuak argitaratzera derrigortuta? Ez, baina egia da azken berrogei urteetan bere diru kontuak plazaratu ez dituen lehen presidentetzarako hautagaia dela. Idatzi gabeko lege hori hautsi zuen 2016an.

8 Horretarako ere berezia izan behar... Izango du ezkutatzeko zerbait. Egozten dizkioten iruzurrak argitzen lagun dezake Trumpen mugimendu finantzarioak eta donazioak publiko egiteak. Besteak beste, The New York Times egunkariak 2018an argitaratu zuen bere anaiekin batera dirua ezkutatzeko enpresa faltsuak dituela.

9 Duela gutxi ez al zuten epaitu beste konturen bategatik? Bai. Ukrainako presidenteari xantaia egitea egotzi zioten, eta impeachment baten ostean absolbitu egin zuen Senatuak. Baina hori beste kontu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.