mikel p ansa
HIZPIDEAK

Morroiek ezin

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak duela ia mende erdi bat egin zuen ingurumenaren egoerari buruzko aurreneko nazioarteko topaketa. 1972an izan zen, Stockholmen. Sumatzen hasiak ziren arazo batzuk, eta proposatu zuten erregai fosilen alternatiba izango ziren energiak sustatzea eta garraio publikoa bultzatzea, besteak beste. Hogei urte geroago egin zuten hurrengo nazioarteko topaketa, 1992an, Rio de Janeiron. Bost urte gehiago behar izan ziren Kyotoko Protokoloa sinatzeko; CO2 isurien merkatua arautu zuten han, 1997an —helburuak lortzeko guztiz herrena suertatu dela orain denek badakiten, baina hori hankaz gora jartzera inor ausartzen ez den merkatu hori bera—. Urrats oso sendorik gabe, beste hamahiru urte joan ziren, Parisko Hitzarmena sinatu zuten arte. Anbizioa zerbait handitu zen orduan: berotegi gasen isuriak mugatzeko neurriak hartzeko prest agertu ziren munduko estatu gehienak, humanitatearen historian aurreneko aldiz. Bost urte eman zieten buruei akordioa indarrean jartzeko. Iritsi da momentua. Horretarako balio izan behar zuen COP25 honek, baina porrot egiteko bidean doa. Lerrook idazteko momentuan ez dago argi akordiorik egongo den edo ez, baina, etortzen bada ere, eskasa izango da. Stockholmeko hartatik 50 urte pasatu dira, eta estatuek erakutsi dute ez direla gai ez herritarrei entzuteko, ez zientzialarien abisu gero eta larriagoei kasu egiteko. COP25 honek gauza bat erakutsi du garbi: korporazio eta multinazional handien morroi besterik ez direla estatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.