inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Europara, katalanekin batera

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herrira igorri du proposamena Quim Torra Kataluniako presidenteak: «Europako hauteskundeak dauzkagu aurki, datorren maiatzean. Ni euskaldunak eta katalanak elkarrekin joatearen aldekoa naiz».

Kazetariak galdetu gabe egin du proposamena Torrak, eta, beraz, edo bere-berea du edo beste norbaitek iradoki eta baiezko erantzuna emateko baliatu du Martxelo Otamendik egin dion elkarrizketa. Izan ere, aste honetan parada izan du presidente katalanak Euskal Herriko ordezkari politiko batzuekin egoteko, eta litekeena da haietakoren batek gaia aipatu izana.

Proposamenari erantzun beharko diote alderdi politiko abertzaleek, jakinekoa baita EH Bildu eta EAJ direla Torrak interpelatutakoak. Pentsa liteke ideia EH Bilduren gustukoa izan daitekeela, baina askoz ere zalantza gehiago sortzen du EAJri tentagarria irudituko ote zaion. Izan ere, Europan nazio sentitzen diren bi herriren bozgorailu ezin indartsuagoa izan daiteke zerrenda bateratu hori, baina, aldi berean, haserrearaz ditzake EAJk euskal erakundeetan bazkide dituen Espainiako alderdiak, bereziki PSOE. Are gehiago, zerrenda horretako buru Carles Puigdemont presidente errepresaliatua izango balitz.

Edonola ere, jokoa emango du Torraren proposamenak hurrengo egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.