mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kaosa atarian

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Txinako lantegi batzuk itxita daude gobernuaren aginduz, energia aurrezteko, eta argindar etenak ere izan dituzte eskualde batzuetan. Erresuma Batuan, eskasia sumatzen hasiak daude supermerkatu batzuetan, garraiolari faltagatik besteak beste. Euskal Herrian, automobilgintzari lotutako milaka langile etxera bidaltzen ari dira, hornigai faltagatik. Mikrotxipak falta dira, erdieroaleak ere bai, lehengai metalikoen produkzioa jaitsi da, plastiko bilgarrien krisia ere badago, produktu kimikoena, egurra ez dago sobran... Edo dagoena ezin da garraiatu, itsaso bidezko garraioa erotuta dabilelako: prezioak bost aldiz garestitu dira; erostun onenak mugitzen ditu ontziak, eta besteen hornigaiak portuetan daude. Erregai fosilak garestitzen ari dira, eskasiagatik edo gai horiek baztertu eta deskarbonizazioan inbertitzeko joeragatik. Eta hori guztia, Txinak eta Europak energia trantsizioaren erronka ustez serioago hartu duten honetan: alegia, CO2 isuriak garestitu direla, eta, elektrifikazioaren eraginez ezinbestekoak bihurtu diren materialak ere bai, litioa eta kobaltoa horien artean. Merkatu librearen fededunek espero dute udaberrian hasiko dela lehengaien eskasia onbideratzen. Desazkundearen fededunek aspaldi esan zuten trantsizioa era ordenatuan egin ezean jende askok sufrituko zuela, desazkundea kaotikoa izango zelako. Oraingoz, argitu den bakarra da bakoitza bere aldetik salbatzerik ez dagoela, eta ezin direla erronka handiak zoriaren esku utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.