jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Balio du

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Protesta egiteak, kalera ateratzeak, norbere burua eta norbere aldarrikapenak ikusarazteak eta entzunarazteak, balio du zerbaiterako. Ni-a gu bihurtzeak, gu-a zu-engana iristeak eta haiek deseroso sentiarazteak, balio du zerbaiterako.

Bi adibide, egun berean, bi adibide, zenbait aste eta hilabetetako ibilbidearekin. Jaka Horiak, batetik; pentsiodunak, bestetik.

Jaka Horiek Macron eta haren politikak biluzi dituzte, Macronen ahultasuna bistaratu dute, balantza eginarazi diote. Jaka Horien sumina apaltzeko iragarritako neurriek ez dute egoera baretu, eta Jaka Horiek kalean eta errepideetan jarraitzen dute. Oraindik ezin dira aurreikusi mugimenduak eragin ditzakeen aldaketa politikoak, betiere aldarrikapenei eta mobilizazioei eusten badiete.

Pentsiodunek lortu dute, ez bakarrik pentsio duinak agenda politikoan jartzea, baizik eta lehentasunezko gai bihurtzea. Ez, EAJk eta EH Bilduk ez dute lortu Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak hitzartzea, pentsiorik apalenak osatzeko kopuruak tarteko; baina Eusko Jaurlaritza behartuta geratu da legegintzaldi honetan pentsiorik apalenak osatzera, negoziazioetan horretarako prest agertu delako, kopuru eta epe batzuk mahai gainean jarri dituelako eta dirua badagoela agerian geratu delako. Eta, funtsean, pentsiodunak pentsiodun, 2019an eta 2020an hauteskundeak izango direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.