mikel p ansa
HIZPIDEAK

Aukera

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako inbestidurarako negoziazio aste hauetan, EAJkoak, BNGkoak, Teruel Existekoak, PRCkoak... ibili dira PSOEri neurriak eta konpromisoak izenpetuarazten. Eta baita ERCkoak ere. Pedro Sanchezen apustua arriskatua da. Koalizio gobernuek ez dute tradiziorik Espainian, eta koalizio hori Unidas Podemoseko ezkertiar gaiztoetan eta abertzale deabruetan babestea are eta onartezinagoa da Espainiako eskuinarentzat. Etsaiak ez zaizkio faltako Sanchezi; eskuinean izango ditu, eta ezkerrean, eta baita independentisten artean ere, eta, okerrenak, etxe barruan. «Traizio» hitza askotan entzun da azkeneko egun hauetan, eta «Espainia hausten ari da» eta «Espainia ez da hausten ari» ibili ziren atzo Kongresuko eztabaidan.

Espainia ez da hautsiko, noski; ez gobernu koalizio horrengatik behintzat. Baina Sanchezen gobernua negoziatzera eta elkarrizketara behartuko du; eta negoziatzeak esan nahiko du aurrean dagoenaren eskari batzuei men egitea —Espainian ohikoa ez dena—. Aurrekontuak, legeak... aurrera ateratzeko babesen behar larriak izango dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek. Momentuz, Sanchezek onartu du negoziazio mahai bat sortzea Kataluniarentzat, eta EAEko estatus berria bultzatzeko prest agertu da. Mugak ere argi jarri ditu; ez da oso originala izan horretan: Espainiako Konstituzioa. Orain abertzaleei dagokie erabakitzea negoziaziorako aukera horiek baliatu nahi dituzten edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.