mikel p ansa
HIZPIDEAK

Etsenplua

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bi guardia zibil hil dira Espainian, koronabirusaren ondorioz. 150 polizia baino gehiago omen daude kutsatuta. Ez dakigu Euskal Herrian poliziarik gaixotu den birusarekin, baina zenbait ertzainek doluminak eman zizkieten guardia zibilei herenegun, Gasteizen. Lau autotako ertzainak joan ziren Sansomendiko kuartelera, eta han, atarian zeuden guardia zibil batzuei elkartasuna agertu zieten. Ertzainak, banan-banan, guardia zibilengana gerturatu ziren, metro eskasera, agur militarra egin, eskua eman zieten guardia zibilei, auto ondora itzuli, eta koadratu egin ziren. Bideoan grabatu zuen norbaitek, eta Denis Itxasok, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, sare sozialetan zabaldu zuen.

Heriotzen aurrean hunkidura agertzea normala da. Keinu bat egin nahi izatea ere bai. Baina senide asko ari dira galtzen maite duten norbait, eta ukitzeko aukerarik gabe ari dira despeditzen. Familiak eta lagunak elkartzeko aukerarik gabe ere bai, talde murriztuetan; senide baten magalean negar egiteko aukerarik gabe. Eta horrelako bideoak zabaltzeak hiru kalte ditu: lehena, eskua emanez birusa kutsatzeko arriskua zabaltzea; bigarrena, ekintza hori sare sozialetan zabaltzea, ezer gertatuko ez balitz bezala; eta hirugarrena, arauak hausten ari diren herritarren aurrean zilegitasuna galtzea. Horrelako jokabideekin autoritate legala ez dute galduko, baina morala bai. Ertzaintzak 79 lagun atxilotu ditu aste honetan, alarma egoeraren aginduak urratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.