mikel p ansa
HIZPIDEAK

Arazoa

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bada hamarkada bat Katalunian ez dutela hauteskunde normalik. 2012koak aurreratu egin zituzten, eta berdin 2015ekoak; 2017koei Madrilek jarri zien data, eta aurtengoak ere aurreratu egin dituzte. Tartean, erreferendum bat, eta izan nahiko luketen baina izatera heltzen ez diren plebiszituak. Beti da arazoa bat bera eta bakarra: independentziari buruz galdetzeko Espainiaren itxikeria. Eta, nola Espainiak ez duen galdeketa hori egitea nahi, independentziaren aldekoek arakatu dituzte diren eta ez diren bide guztiak, historia garaikidean egin den desobedientzia ariketarik handienetako bat ere egiteraino.

Inkestek oso gertu jartzen dituzte ERC, Junts eta PSC. Ia segurua alde txikia aterako duela irabazleak, eta, bihartik aurrera, gobernua osatzeko negoziazioak zailak izango dira. Junts saia liteke bakarrik gobernatzen, edo ERCren babesarekin. ERC, bi aukera horiez gain, PSCren edo En Comukoen onespena lortzen saia liteke. Eta PSCk ere baditu aukera horiek, irabaziz gero eta independentistek ados jartzea lortzen ez badute. Kanpainan esandakoak eta egindakoak gora edo behera, bihartik aurrera sortuko den egoera —gaurko emaitza definitiboek baldintzatua— irekia izango baita. Orain: gobernu ahula, oso ahula sor liteke, eta horrek beste agintaldi motz baten edo, deskuidatuz gero, beste hauteskunde batzuen atarian utz lezake herrialdea. Arazoak, sakoneko arazoak, konpondu gabe jarraitzen duelako. Espainia du izena arazo horrek; eta erreferenduma du deitura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.