mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Zuloa tapatzen zuen lurra

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Kaosa ez da zulo bat; kaosa eskailera bat da». Game OfThrones telesailean Petyr Baelish erregearen kontseilariak Varis gorteko kideari erraten dio hori, Varisek zehazten dionean erresumaren ongizatea bermatzen ez bada, alternatiba «kaosaren zuloa» dela. Gehiengoa hondamendira eraman dezakeen egoera bat gutxiengo batek onurak lortzeko balia dezakeela, beraz. Txineraz krisia eta aukera errateko solas bera erabiltzen dela dioen ustea testuinguru sofistikatuago eta literarioago batekin azalduta, funtsean —ustela omen den ustea, gainera—.

Pandemiak krisian murgildu du nazioartea bi urteotan, zuloan sartu ditu herritar anitz, eta irtenbidea noiz eta nola ikusiko den ez dago argi oraindik, baina gutxi batzuek harrapatu dute eskailera. Batzuentzat, gainera, mekanikoa da: Oxfamek duela astebete jakinarazi zuenez, munduko hamar aberatsenek pandemia hasi aitzinetik zuten dirutza bikoiztu egin dute. Txertoak egin dituzten etxe pribatuetako ugazabek, testen prezioarekin espekulatu dutenek edo osasun aseguru pribatuak eskaintzen dituztenek ez zuten zulo bat ikusiko kaosean. Osasun publikoak bizi kalitate on bat izateko aukera ematen dien herritarren gehiengoak, ordea, ez du eskailerarik harrapatuko, eta zuloa tapatzen zuen lurra du arriskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.