Egun bete-betea izango da gaurkoa, Espainiako Lehen Mailako euskal talde guztiek jokatuko baitute: 14:00etan (Movistar La Liga), Osasuna Granadaren zelaian ariko da; 18:30ean, Realak Getafe hartuko du (La Liga) eta Athleticek Rayori egingo dio bisita (Gol); eta 21:00etan, Alavesek Bartzelona jasoko du (La Liga).
Gorritxoak izango dira jokatuko duten lehenak, Granadan (Espainia). Egoera berean dauden bi talderen aurkako lehia izango da: 25 puntu ditu Osasunak, eta 24 Granadak. Baina kontrako bidea daramate: behetik gora egin du Espainiako taldeak, eta goitik behera Euskal Herrikoak. Jagoba Arrasatek jokatzeko moduan ditu berriro Unai eta David Garcia.
18:30ean ariko dira Reala eta Athletic. Biak daude konfiantzaz lepo, Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu baitira. Hamar egun barru jokatuko dute Kopan, eta neurketa horretara ligan etxeko lanak eginda iritsi nahi dute. Partida bihurria dute biek gaur: txuri-urdinek, behetik gora datorren Getafe hartuko dute; zuri-gorriek, berriz, ligako ezustekoari egingo diote bisita: Rayori. Azken orduko hutsuneak daude bi taldeetan: Realean, min hartu dute Aihenek eta Zubimendik. Isak, berriz, osatu da; Athleticen, berriz, Yerayk eta De Marcosek min hartu dute, eta Muniainek positibo eman du koronabirusa atzemateko antigeno proba batean. Sancet ere ez da ariko, min hartuta baitago.
Alavesek jokatuko du jardunaldiko azken partida, eta, itxuraz, zailena euskal taldeen artean:Bartzelona jasoko du. Jose Luis Mendilibarren aginduetara, taldeak gorakada izan zuen, baina susperraldi hori kolpe batez eten zen aurreko asteartean, astindua jaso baitzuen Betisen zelaian: 4-0. Itxura hobetu nahi du gaur. Beste horrenbeste egin nahi du Bartzelonak Kopan agur esan eta gero.
Bigarren Mailan, Amorebietak Sportingi egingo dio bisita gaur (16:00, La Liga). Bihar, Eibar Almeria liderraren zelaian ariko da (21:00, Gol), eta Reala B-k Cartagena hartuko du (21:00, La Liga).
Gaur jokatuko dute Osasunak, Realak, Athleticek eta Alavesek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu