Zozoen elean (IV). Pilare Baraiazarra Txertudi. Euskaltzalea

«Euskaltzaletasunak mirariak egiten dituela ondo frogatu ahal izan dut nik»

Dio ez dela protagonista, sasoi jakin batean hainbat emakumek egindako bidearen adibide dela. Adibide bada ere, aski bakana, ageri denez. Meñakatik Bilbo-Barakaldoetara egin du bidea, Donostiatik barrena.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Bilbo
2015eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Oharra egin nahi diguzu, ezer baino lehenÂ…

Bai. Hara, hau ez da, beste barik, Pilareren historia, ezpada garai bateko baserriko emakumearen ibilbidearen agerpena. Ni ez naiz protagonista! Gu Meñakan herri eskolara joaten ginen, berton izaten ginen hamalau urte arte, eta, orduan, amaitu egiten zen mundu hura. Baserrietako umeen bidegurutzea zen hura!, ze etxean guk ikastea gura zuten, baina zelan ikasi, nora joanik ez bazen? Horrela, batxilerra ikasi beharrean, josten eta brodatzen hasten ginen. Niri ere heldu zitzaidan sasoia, eta halaxe esan zidaten: «Hamalau urte, eta eskola amaitu duzu, eta orain zer?... Zuk ikasten segitu behar duzu. Ea zelan!». Horixe zen kontua.

Oharra eginik, kontari hasi zatzaizkigu. Hamalau urte beterik, ikasten segitu nahi, baina zelan ez jakinÂ…

Nik, gauza bat neukan argi orduan, eta argi izan dut beti: norbera independentea edo askea izateko, diru iturria eduki beharra dagoela. Independentzia ekonomikoa ezinbestekoa da duintasunez bizi ahal izateko. Horixe pentsatzen nuen orduan, horixe pentsatzen dut orain, eta uste dut kontu hori horrela izango dela betiÂ… Nahiz eta baserri giroa asko gustatu niri, bertan bizitzen jarraitzea ez zitzaidan inoiz burutik pasatu ere egin. Gure gurasoek gelditu gabe lan eta lan egiten zuten, eta guk berdin, geure neurrian. Akordatzen naiz nola gure amak esaten zidan, eskuak antxumatuta geldirik ikustea baino nahiago zuela ni lanean edo olgetan ikusi. Berak ez zuen izaten geldirik egoteko astirik. Ezkon aurretik jostetik bizimodua ateratzen ohituta zegoenez, tarteka, eta ahal zuen neurrian, jarraitu egin zuen. Hala ere, horretarako asti handirik ez zuen izango: hamar umeren ama zen, senarra baserritarra eta tratantea, eta, beraz, baserriari eustekotan bertoko lan gehienetan aritu behar izaten zuen.

Kantu eta kontuak izango ziren, bada, zuen baserrianÂ…

Bai, eta ez gutxi ere! Amarengandik kantuak eta errezoak jaso genituen. Arrosarioa, eta bitarteetako errezoak, eguneroko ogia ziren gure baserrian. Ama memoria onekoa zen eta orduko eliza-abesti guztiak kantatzen zituen. Ama afaria prestatzen ari zen bitartean, aitak kantu politiko eta herrikoiak irakasten zizkigun. Akorduan dut, aitak ume bi txikienak belaun banatan altzoan hartu eta zelan kantatzen zizkigun Palazio eder bat, Itsasoan laino dago, Askatasuna eguzkia basotik irten daÂ… Eta esakuneak, gertakizunak, ipuinak eta olerkiak ere irakasten zizkigun. Orduan jendeak asko kantatzen zuen. Orain ez da halakorik. Mixel Lekuona Makeako apaizak Hegoaldeko elizetan jendeak gutxi kantatzen duela ikusi eta esaten zuen mikrofonoek ahotsa lapurtu digutela.

Irrati-telebistetako mikrofonoez ariko zen Mixel Lekuona. Garai hartan telebistarik ez, baina irratia sartzen hasia izango zenÂ…

Nik sei-zazpi urte inguru nituenean erosi zuten irratia gure etxean. Frankismoaren gustuko emisoreak ziren gehienak, baina baziren salbuespenak. Gauetan Pirenaica entzuten genuen, belarria irratiari lotuta, bestela gaizki entzuten zen eta. Geroago, bazkalorduan, Loiolako irratiko bertso eta kantuak. Bizkaiko herri irratian bazen Euskal ordua izeneko saioa, gure orduko oasi txikia! Xabier Peña, tolosar bizkaitartuak egiten zuen saio hura, Aurea Urrutia eta Jaimeren laguntzaz. Saio hartan gutun bidez parte hartzen genuen ahizpa gazteenak eta biok, eta, egun batean, ni gaztetxoa nintzela, gure baserrian agertu zen Xabier Peña, Euskaldunak liburu ederra niretzat zekarrela esanez. Ni pozez zoratzen!

Menditik mundura egin zenuen zuk ere: baserria utzi eta kaleraÂ…

Ikastera, baina ez nekien ikasketak egiteko behar bezain bizkorra nintzen, edo motela. Eta, ez nekien, herriko eskolan azterketarik ez genuelako egiten! Hori oso gauza ona zen, aurreiritzirik batere barik hasten ginelako libre batxiler egiten! Hala ere, izaten dira ongileak bazterretan, eta nik ere ezagutu nuen bat, «Pilare, zuk balio duzu!», esan zidana: Maria Luisa Egiguren. Zortea eduki nuen nik lagun orduan ere! Meñakabarrena auzoan karmeldarren fundazio bat egon zen, señora hark posible egin zuena. Bilbon, Esperanza kalean 3. zenbakikoa zen hura, gerrako emakume abertzale horietarikoa. Karmeldar haiekin joan zen Maria Luisa, haien ondoko etxean bizi zen, eta Meñakako gazteokin tailer mordoa egiten hasi zen: antzerkia, sukaldaritza, joskintza, puntua, kakorratz puntua, dantza, bertsoak, txistua, kantuakÂ… Horretarako, Maria Luisak Bilboko lagunak ekartzen zituen Meñakara asteburuetan, guri erakusteko. Emakume haiek ere gerrako emakume abertzale horietarikoak ziren: Josefina, Tere Umaran, Maria Jesus Arregi, Anita, Mari Iturriaga, Rosario Ajuriagerra, Txaro MujikaÂ… Beste zenbait lagun ere etorri izan ziren noiz edo noiz: Balendin Enbeita, Mungiako txistulari Gotzon eta Ander Arantzamendi osaba-ilobak, Bilboko zenbait talde ospetsu —Txinparta, Gaztedi, Dindirri…—, eta jende gehiago. Baserriak sakabanaturik zeuden eta bertokook jaietan baino ez genuen elkar ikusten, eta, ostera, ekintza haiek zirela eta ez, kasik egunero ikusten genuen batak bestea, eta horrek gure arteko batasunari eta adiskidetasunari lagundu zien.

Bizkaitar petoa, Gipuzkoan izan zintuzten hainbat urtez. Garai baten lekuko zaituguÂ…

Gipuzkoan sarrera Ikaztegietan egin nuen, sei-zazpi lagunekin batera, gero bidelagun garrantzitsu eta betiko lagunak izango zirenak. Han oso denbora laburra igaro nuen. Bakoitzak bere lanetik bizi behar genuenez, horixe egin nuen nik, era guztietako lanak, etxeak garbitzetik hasi eta liburuak saltzeraino. Orduan ere Donostia aldeko euskaltzale talde bat parean egokitu zitzaidan. Euskaldunen bila zebiltzan ikastola eta beste zenbait proiektu aurrera eraman ahal izateko. Jose Mari Aranzadi, Karlos Santamaria, Joxemi Zumalabe, Karmele Esnal, AranburuÂ… horiek eta beste batzuk ziren. Urte haietan, 1968tik 1976ra, euskaldun askoren artean modan jarri zen Nafarroako Leireko monasteriora joatea, eta hango ardura eramateko ere euskaldunak nahi zituzten. Urtean zehar geure ikasketa eta lanetan aritzen ginen, eta opor denboran, bai aste santuan eta bai udako oporretan, Leireko ostatuaren ardura hartzen genuen.

Donostiako euskaltzale talde horren ekimena izan zen?

Bai. Haiek ez ziren geldirik egotekoak! Hurrengoan, kaputxinoek Lekarozeko ikasle ohientzako egoitza zabaldu zuten Donostian, eta Jose Mari Aranzadik esan zigun euskaldunak nahi zituztela harako ere. Nik baietza eman nuen, eta Zumaiako Maria Pilar Aizpururekin batera hartu nuen hango ardura. Nerienea izan zuen izena unibertsitatera etorritako ikasleentzat pentsatutako etxe hark. Adibidez, Pedro Migel Etxenike ere han izan genuen. Heldutasun handiko mutila zen orduan ere. Eta kale berean, gurearen ondoan, andereño izateko herrietatik etorritako neska euskaldunen egoitza zegoen: Lerienea etxea. Honen buru Pakita Arregi izan zen eta arduradunetariko bat Iñazita Letamendia. Oso ondo antolaturiko egoitza zen, eta ikastoletan irakasle izango zirenei prestakuntza trinko eta aberatsa eman zitzaien bertan. Euskal kulturan puntakoak zirenak joan izan ziren andereñogai haiei klaseak ematera. Oteiza, Ez Dok Amairu taldekoak, Joan Mari Lekuona eta garaiko idazleak...

Nola hasi zinen Donostiako Santo Tomas Lizeoan lanean?

Bada, mutilen erresidentziako lana amaitzean, Groseko Zabaleta kaleko 47an bizi ziren taldekoekin bizitzera joan ginen Mari Pilar Aizpuru eta biok. Karmele Esnal sarritan joaten zen pisu hartara eta esan zidan: «Pilare, joan hadi Martutenera, Arantzazuko Ama ikastolara. Han Miren Tolaretxipi zegon». Eta horixe egin nuen. Ondoren, Santo Tomas Lizeora joateko eskatu zidan Karmelek. Han urtebeteko praktikak egin behar izan nituen Edurne Martin andereño urrestildarrarekin. Ordurako Santo Tomas Lizeoa asko hazi zela eta irakasle ordezkoaren figura sortu zuten. Eta neu izan nintzen irakasle ordezko hura. Geroago, Santo Tomas Lizeoan bertan tutore-lana ere egin nuen, txikitxoekin lehenengo, eta orduko Goi Zikloan gero. Esaterako, Juan Antonio Letamendiak Euskara 6 liburua atera zuenean frogatzeko aukera izan nuen. 6. mailarako pentsatua zen, baina guk 8. mailakoekin frogatu genuen. Ikastolako euskara batuaren erreferente modura jotzen genuen Juan Antonio Letamendia, eta berarekin batera Jose Mari Aranalde, Xalbador Garmendia, Karmele Esnal, Mikel Zalbide, Iñaki Azkune, Mari Jesus Zabaleta... Lizeoan gu gehienok batuaren aldekoak ginen, baina batuaren aurkakoak ere baziren.

Lana eta ikasketak uztartu zenituenÂ…

Lizeoan lan egin eta libretik EUTGn matrikulatu eta Euskal Filologia egiten saiatu nintzen Donostian, baina Patxi Altunari hori ez zitzaion gustatzen. Eskerrak Gotzon Garatek guztiz bestelako iritzia izan zuen Bilbon! Aldi hartan bertan, neba Luisek deitu zidan Markinatik: «Pilare, Deustun izena ematera noa Euskal Filologia ikasteko. Gura baduzuÂ…». Baina nik Lizeoko ardura nuen, andereño nintzen han! Karmele Esnal zen gure buru eta gure pedagogo eta Deustura Euskal Filologia ikastera joateko asmoa adierazi nion. Eta berak: «Joan hadi, hemen berdin emango ziguten-eta ostikoa egun batean!». Gatazka giroa zegoen garai hartan Lizeoan. Hitz egin nuen Santos Sarasola zuzendariarekin, eta eragozpenik ez zidan jarri eta 1976ko urrian Bilbora etorri nintzen, baina Deustun ere Patxi Altunarekin egin nuen topo! «Hemen lan asko egin beharra dago ikasturtea aurrera ateratzeko!» mehatxu gisako kontuak Patxi Altunarenak Bilbon ere! Eta Deustun ari nintzela, Bergaran irakasle ikasketak egiteko aukera zabaldu zen eta hantxe hasi nintzen. Patxi Altunak jakin izan balu Euskal Filologiarekin batera beste ikasketa batzuk ere egiten ari nintzela eta lan ere egiten nuela!

Bi ikasketak eta lana! Zure amaren «zelan ikasi» hari erantzuna da hor!

Ez da gezurra! Kar, karÂ… Deustuko Euskal filologia bost urtekoa zen eta Bergarako irakasle ikasketak hirukoa. Beraz, Deustukoa amaitu baino lehen titulua lortu eta Ugaoko Eskola Publikoan hasi nintzen lanean, B ereduan. Bertako zuzendari eta denen aurka eskola A eredutik Bra pasatzea lortu zuten ni bertara joan nintzen urte berean. Asko borrokatu ondoren! Bizkaian Isabel Lertxundi zen orduan Hezkuntza ordezkaritzako burua eta zuzen jokatu zuen euskarari eskoletan lekua egiten joateko. Orduko eskoletan euskara sartzeak etsai askorekin egin zuen topo. Euskara ez zekiten irakasle asko aurka zeuden, erresistentzia handia jartzen zuten, euskararik gabeko eskolak ematen jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen zuten! Ni Ugaoko irakasle nintzela Abel Ariznabarreta zen Nerbioi Garaiko Euskara Koordinatzailea, Urduñatik Basauriraino. Abeli beste ardura bat eman ziotela eta niri agindu zidaten haren plaza betetzeko. Geroago, euskara aholkularia izan nintzen Bizkaian, Balmasedatik Barakaldora, eta zerbitzugune gehiago zabaldu zituztenean Barakaldoko Berritzegunean euskara teknikari izan nintzen jubilatu arte, eta, beti, ikastetxeetan euskarazko ereduak bultzatzen saiatu nintzen, bertako irakasle eta gurasoekin batera. Guraso asko euskaldunak izan dira, eta beste asko ez, baina euskaltzaleak izan dira denak. Eta euskaltzaletasunak mirariak egiten dituela ondo frogatu ahal izan dut nik! Bidelagun bikainak izan ditut benetan, zortetsua izan naiz, eta uste dut Barakaldo euskaldunagoa egin dugula. Irakasle eredugarriak ari dira berton, eta zenbait euskaltzale ere buru-belarri ari dira euskara aurrera ateratzen, eta horrek asko pozten nau.

Ez dago arrosarik arantzarik gabe, eta badakit Barakaldoko giro eder horretan ere estutasunak izan zenituelaÂ…

Hezkuntza PSOEren eskura pasatu zenean, [Fernando] Buesaren garaian, izugarrizko atzerakada igarri genuen, eta ni zigortu ere egin ninduten euskarazko ereduen alde egiteagatik. Irakasleen aholkularia nintzela, eta ez gurasoena, izan zen argudioa. Eta aurreko lanpostura bidali ninduten, baina ez dakit hura zigorra izan zen, ala saria! Kontua da Barakaldoko guraso eta irakasleek protesta gogorra egin zutela Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzan, ni Barakaldora berriro ekartzeko eskatuz. Eta lortu egin zuten! Are gehiago, niri zegokidan Barakaldoko lanpostu hura urte erdi edo hutsik eduki zuten. Gero, bertora itzultzeko agindua heldu zitzaidan, eta agindua zenez, berriro Barakaldora! Gustura itzuli nintzen, eta nire alde egindako borroka eskertzeko aukera izan nuenÂ… Asko maite dut Ezkerraldea, eta oraindik, euskara dela eta, ezusteko on asko emango dizkigula pentsatzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.