Begoña Martinez Agirre. Azken sardina saltzailea

«Santurtzitik Bilbora oinez joaten ginena asmakeria da»

Duela 30 urte inguru, erretiroa hartu zuenean, Santurtzin gelditzen zen azken sardina saltzailea izan zen Martinez. Goizeko ordu txikietan eta kalean egin beharreko lan nekeza izanik ere, etxera jatekoa eramatea izan du helburu nagusia.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Santurtzi
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Itsasoari loturiko bizia izan du Begoña Martinez Agirrek (Santurtzi, Bizkaia, 1930). Gaztea zela, gurasoekin hasi zen, amari lagunduz ezkatak eta hezurrak kentzen; ostean, senarrarekin batera aritu zen; hark hartu zien erreleboa aurrekoei. Sardina saltzaile peto gisa, kalean saldu izan du, eta bezeroek produktua ona zegoen galdetzen ziotenean: «Nola egongo da txarra Begoñako Ama Birjinaren ordezkariak saltzen duen arraina», erantzuten zien. Kalean ordu asko eta hotz handiak pasatuta, gakoa umorea izatea dela dio. Ez du lanbidea transmititzerik izan, baina ez dauka penarik.

Santurtziko azken sardina saltzailea zara. Noiz hasi zinen?

Orain batxiler dena modu librean atera nuen, eta bi urtez idazkari ikasketekin aritu nintzen. Baina, gero, bizitzan gertatzen diren gauzen ondorioz, utzi egin behar izan nuen, eta amarekin portuan aritzen nintzen. Goitibehera handi batekin eramaten genuen arraina Plentziako [Bizkaia] geltokira, Areetatik. Goizeko sei eta erdietarako han ginen. Ondoren, ezkondu, eta umeak izan nituen.

Eta gauzak aldatu ziren?

Ez asko. Semeak adindu zirenean, askatasun handiagoa izan nuen. Senarra arrantzalea zen, eta lauzpabost urte eman genituen arrantzaleen etxean bizitzen. Irratia genuen han, eta 03:30ean deitzen nion senarrari: arrantzarik ba al dago? Baietz esaten bazidan, kamioiari deitzen nion, eta kamioiak eramaten zuen. 06:30ean berriz deitzen nion. Ba al dago ezer niretzat? Bai! Orduan, jaitsi, kaxa batzuk hartu, eta kalean saltzen nuen. Seme txikiak laguntzen zidan. 62 urterekin utzi egin behar izan nuen; ordurako, lau orno zanpatuta neuzkan.

Nola saltzen zenuen arraina? Salmenta teknikarik ba al zenuen?

08:30ean hasita, une oro oihukatzen nuen: Abrako antxoak! Erretzeko sardinatxoak! Txitxarroak!

Azkar amaitzen al zen generoa?

Salmenta oneko egunak eta ez hain onak zeuden.

Eta itsaso txarra izaten bazen gauean?

Egun horretan etxean geratzea tokatzen zen; etxean ere bazeuden egitekoak. Baina egun horiek ez ziren asko.

Tratu asko egin behar zenituzten bezeroekin?

Zerbait garesti zegoela esaten zidanari «dena bezala», erantzuten nion. Niri inork ez dit produktua oparitu; ordaindu egin behar izan dut. Baina esan behar dut bezeroen artean parrokia ona izan dudala.

Santurtzitik Bilbora oinez joaten zinen saltzera?

Zertara? Santurtzitik Bilbora oinez joaten ginena asmakeria da.

Hala al da?

Kantuan abesten den hori ere, gona jasota joaten zirela, asmakizuna da. Are gehiago, garai hartan Santurtzin ez zegoen trenik; Portugaletera joaten ziren, eta handik Bilbora, trenez.

Gogorra zen egunerokoa?

Latza. Ogia etxera ekarri behar zen. Gurasoek ez zuten erretirorik izan, eta haiei ere jatekoa eman behar nien. Errespetu ikaragarria nion amari: berorika hitz egiten nion. Amari, berarekin elkarrizketa bat izatean, nahiz eta ados ez egon, ezin zenion esan esandakoa gezurra zela. Bestela, zaplazteko bat zenuen. Esan zeniezaiokeen: hori ez da egia, oker zaude. Nik ere debekatu egin diet nire semeei hitz hori esatea.

Amaren izaera al duzu zuk ere?

Bai. Aita, berriz, oso alaia zen, dantzaria. Baina amak eta biok ez genuen txantxarik onartzen, soilik egilearen arabera, eta nola egiten zuen. Hala ere, gogoan dut amak umore handia zuela.

Eta zure haurtzarotik zer gehiago duzu gogoan?

Txikitan amaren magalari itsatsita egoten nintzen beti. Eskolaz aldatu behar izan nintzen mojek kaleratu egin nindutelako amarekin zinemara joateagatik. Shirley Templeren La Pequeña Coronel ikustera joan ginen.

Beti aritu zara sardina saltzen?

Fabrika batean ere egin nuen lan, eta baita Bilbon izebarekin esnea saltzen ere.

Baten ordez, bi seme eduki izana zer izan zen?

Tximista bat erortzea bezala izan zen. Etxean ia ez zegoen jatekorik, oso gutxi arrantzatzen zen eta ez genuen dirurik. Ohitzea izan zen gakoa; bizitza aurrera zihoan. Handik ere atera ginen.

Etxe honetan sardinak nola jaten dira?

Erreak edo frijituak, bakoitzak nahi duen bezala.

Arrantzaleen etxean haragia jaten al da?

Haragia edo ahal zena. Urte haietan ezin zen esan gaur txuleta bat nahi dut eta bihar urdaiazpiko tortilla bat.

Nor zineten sardina saltzaileak?

Gaur egun bat baino ez da bizi. Lonjara joaten ginen, eta bertan gizon batek produktua prezio batean eskaintzen zuen. Nahi zuenak botoia jotzen zuen, eta, beste gizon batek emandako ohar batekin, produktua pisatzera igarotzen ginen. Orduan bazeuden komisionistak, kilo bakoitzeko kantitate bat kobratzen zutenak, eta izan zenezakeen zorraz arduratzen zirenak. Baina nik ez nituen komisionistak hartzen, nire senarraren ontzitik hartzen nuelako arraina. Berari esaten nion egun horretan nahi nuena gordetzeko.

Abantaila zenuen horretan?

Bai. Denek ez zuten ontzirik, eta, senarrak itsasora joan arren, ez zuten abantailarik. Ni, aldiz, armadorea nintzen. Nire senarraren ontzia, hiru bazkidekoa bazen ere, nire izenean zegoen.

Arrantzara irten zara inoiz?

Ez. Baina, ni jaio nintzenean, aitak ontzi bat zuen. Txiki-txikitatik aitaren txalupan egoten nintzen. Txalupa txikia zen, lau lagunek hartutakoa. Batek dirua jarri zuen erosteko, eta besteek funtzio bana zuten: aita, adibidez, motorista zen. Baina, denborarekin, aita eta beste bat bakarrik geratu ziren. 28 urtez egin zuten lan elkarrekin, aitak bere izenean paper triste bat ere izan gabe. Halako konfiantza zegoen.

Pena eman zizun uzteak?

Ba, ez dakit zer esan. Senarrak erretiroa hartu zuenean, arraina saltzen laguntzen zidan. Baina une batean bizitza bizitzea erabaki genuen. Ordura arte bizi izan ez genuena. [Iberiar] penintsulan zehar bidaiatzen hasi ginen.

Lanbidearen bilakaera ikusi duzu. Zer duzu esateko?

Sardina saltzaileak desagertu ahala, jende gutxiago etortzen zen. Sardina saltzaile asko zeudenean, Bilboko jendea etortzen zen bertako giroa ikustera.

Zer giro zegoen?

Jai giro itzela. Nahiz eta liskarren bat edo beste ere ikusten zen.

Liskarrak?

Sardina saltzaileak liskarrean eta borrokan, produktuagatik. Bilboko jendea etortzen zen sardina saltzaileek elkar jotzen ote zuten ikustera.

Eta zuk liskarren bat izan duzu?

Ez dut inoiz inorekin iskanbilarik izan. Nik erraz ematen dut amore. Amak irakatsi zidan.

Zer izan da sardina saltzaile izatearen gauzarik gogorrena?

Salmentarik izan ez eta arrantza ordaindu behar zen momentua. Amak, adibidez, arrantza patatengatik aldatzen zuen.

Eta politena?

Gure umorea.

Familiako norbaitek jarraitzea nahi al zenuen?

Ez. Arrantzalearen bizitzarekin gaur egun gosez hiltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.