Nieves Kintana. Nekazaria

«Gure amonek eta amek transmititu digute egun dugun indarra»

Nekazaritzari lotuta egon da Kintana gaztetatik; bidean oztopo batzuekin egin du topo, baina borrokaren aldeko hautua egin, eta UAGA Arabako nekazarien eta abeltzainen sindikatuan sartu zen. Andreek sektorean duten presentzia du gogoan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Otazu (Araba)
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ezin da geldirik egon Nieves Kintana nekazaria (Done Bikendi Harana, Araba, 1965); energia handia du, nahiz eta aitortu azken urteotan bizi erritmoa mantsotu nahian dabilela. Familia nekazari eta abeltzain batean jaio zen, eta borroka handia eginikoa da; batez ere andreek sektore horretan duten presentzia du gogoan. Bide horretan, UAGA Arabako nekazari eta abeltzainen sindikatuan sartu zen, eta baita Gure Soroa andre nekazarien elkartean ere. Horrez gain, Gasteizko Kontzejuen Elkarteko lehendakaria da gaur egun.

Lehendabizi, kuriositate bat: ba al dakizu Wikipedian zaudela?

Bai, banekien! Mentxu Ramilo politologoa dago horren atzean. Ikerketa bat egin zuen, eta ikusi zuen Wikipedian ez zegoela emakume erreferenterik; batzuk sartu gintuen, eta kasualitatez baita ni ere.

Hor dago jasota lehen pista: familia nekazari eta abeltzain batean jaio zinen.

Aitona-amonak, gurasoak eta seme-alabak bizi ginen. Gogoan dut nire uda ezberdina zela herrira garai hori pasatzera etortzen ziren beste haurrekin alderatuta; etxean lan egin behar nuen, txerriak eta patatak zeudelako. Une horietan haserrea sentitzen nuen, ezin nuelako, esaterako, igerilekura joan besteen moduan; baina gurasoek beti esaten ziguten bizitzan denetarik egiten ikasteko.

Baliagarria izan da aholku hori?

Oso harro nago jaso dudan heziketaz eta transmititu dizkidaten balioez. Eskertzekoa da arlo desberdinetan moldatu ahal izatea, bizitzarako prestatuago egon nadin. Gainera, aukeratu dezakezu zer egin ere.

Zure kasuan, nekazaritzarekin jarraitzea.

Bai, baina hasieran ez nuen halakorik nahi, txikitako haserre hori neukalako. Hala ere, ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, eta Ernesto ezagutu nuen, nire senarra. Kamioiarekin patatak kargatzen ibiltzen zen, eta, maitasuna deitzen dioten horregatik-edo, nekazaritzara itzuli nintzen. 29 urterekin ustiategi baten titularra nintzen, 1992an, Otazun [Araba].

Halere, borrokatzea tokatu zitzaizun.

Asko. Aitaginarrebak erretiroa hartu zuen, eta, nire senarra kamioiarekin ibiltzen zenez, haien familiako ustiapena nire izenean jarri genuen. Hala ere, ia hiru urte egon nintzen Gizarte Segurantzarekin borrokan.

Zer oztopo topatu zenituen?

Alta ukatzen zidaten. Nire senarra garraiolaria zen orduan, eta esaten zidaten berak irabazten zuenarekin aski zela familiari eusteko. Hala ere, beti diot bi aukera daudela: amore ematea eta bazter batean gelditzea, edo lehoi baten eran borrokatzea. Bigarrenaren alde egin nuen; pentsa, Administrazioari esan nion banandu ere egingo nintzela ustiapena nire izenean jartzeko. Baina argi zegoen zein zen ukapenaren arrazoia: emakumea nintzen. Izan ere, nire senarrak gerora autonomo izatetik nekazaritzarako Gizarte Segurantzara pasatzeko izapide bat egin zuen, eta tramite huts bat izan zen.

Orduan hasi al zinen UAGA sindikatuan ere?

1992an. Beti diot bikote bat enpresa bat dela, eta lanak banatu egiten direla; gure kasuan, senarrari ez zitzaion bileretara joatea gustatzen, eta, beraz, ni joaten nintzen gizon guztiekin batera. Ez zen erraza izan.

Gaizki pasatu al zenuen?

Ez nuen lorik egiten. Baina esperientzia onetatik oroitzapen onak gelditzen zaizkigu, eta txarretik asko ikasten da. Hori izan zen nire kasua. Saiatu ginen urratsak egiten, eta 2004tik 2007ra egon zen zuzendaritza taldea kezkatuta zegoen emakumeen parte hartzea zela eta; ikerketa bat egin zuen horri buruz, eta estrategia bat markatu. Lau emakume hasi ginen parte hartzen, bik amaitu bagenuen ere: Eva Lopez de Arroiabe eta biok. Jarraibideak ematen genituen; partaidetza areagotu eta sustatu beharra zegoen.

Azkenean, sindikatuko batzorde exekutiboan amaitu zenuten, 2007tik 2011ra, Yolanda Uriarterekin batera.

Hautagaitza bat osatzera animatu gintuzten, batik bat sindikatuko kide Ines Arangurenek. Hark esaten zidan sindikalista nintzela, baina nik, ezetz, nekazaria nintzela; hala ere, batzuetan era horretako bultzadak behar dira aurrera egiteko. Horrelako urratsekin, gainera, emakume gisa badago aukera beste andre batzuei ere bideak irekitzeko, eta animatu egin ginen.

Baita irabazi ere.

Sindikatuan ez zegoen erantzukizun posturik zuen emakumerik, eta, beraz, oinarritik goraino igotzea zen, jauzi bat. Uste nuen arriskutsua zela hiru emakumeko hautagaitza bat aurkeztea horren matxista den nekazaritza eta abeltzaintza sektorean, baina, azkenean, irabazi egin genuen, eta oso errespetatuak sentitu ginen. Hor hasi ginen aldaketak egiten.

Eta horrek eman dizu aukera beste eremu batzuetan ere aritzeko, ezta?

Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioan, esate baterako. Kooperatibek osatzen dute, eta bi urtean behin biltzarraren erdia aldatzea tokatzen da. AGA Arabako nekazari eta abeltzainen kooperatiba da, UAGAn sartuta dago, eta bertako kide gisa aurkeztu nintzen. Hor ere gizonezkoekin nengoen, baina errespetatua sentitzen nintzen, eta asko ikasi nuen. Zehaztapen bat egin nahiko nuke, ordea.

Zein?

Federazioan, lehendakariak 25 urte zeramatzan, eta gainerako guztiek hamasei. Hala ere, plan estrategiko bat egin zen, eta hor aipatzen zen sektorea berritu egin behar zela eta emakume eta gazte gehiago egon behar zirela. Horregatik, uste dut leku batean denbora justua egon behar dela, ekarpenak egiteko adina; aulkiak berritu egin behar dira, bestela, gauzek ez dute funtzionatzen.

Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen nazioarteko konferentzian ere egon zinen, Brasilen.

Orain ez nuke egingo, baina une hartan ordu laurden nuen erantzuna emateko, eta baiezkoa eman nien. Sao Paulora joan nintzen, eta, beldurra ere pasatu arren, ikaragarri ikasi nuen. Hamar egun egin nituen konferentzian, baina mugitu ere egin ginen; besteak beste, Via Campesinako eta MST Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko kideak ezagutu nituen. Idatzita daukat dena, eguneroko bat.

Beste elkarte batean ere bazaude: Gure Soroa.

Bai, eta, hain zuzen, aurten 25 urte betetzen ditu. Arabako emakume nekazarien elkartea da, eta sortu eta urte eta erdira sartu nintzen. Senarrak eman zidan haren berri, nik soilik emakume horien senarrak ezagutzen nituelako. Hitzaldiak izaten genituen, eta, esaterako, autoestimua eta ahalduntzea lantzen genituen. Asko ikasi nuen, baina batik bat ni baino zaharragoak ziren emakumeengandik: entzuten eta elkarrekin bizitzen. Ikasteko eskola bat da, baina, zoritxarrez, egun, batez besteko adina oso altua da.

Adinekoak diren andre nekazari horiei eginiko lana eskertu behar al zaie?

Begi-bistan egon ez badira ere, gure emakumezko arbasoek lan garrantzitsua egin zuten. Hau guztia haiek borrokatutakoaren emaitza da, eta oraingo bide hau ere haiengatik egiten dut, hori irakatsi didatelako: gure amonek eta amek transmititu digute egun dugun indarra, eta kapela kentzen dut haiengatik, ikusezintasunean bizi izan diren emakume horiengatik. Ez da aintzat hartu haiek eginiko lan hain garrantzitsua.

Gasteizko Kontzejuen Elkarteko lehendakaria ere bazara.

Otazuko batzar administratiboan egoteko aukeratu ninduten lehenbizi, eta orain alkate ere banaiz; herria txikia da, eta Gasteizko Udaleko kide gara, beste 62 herrirekin batera. Gasteizko Kontzejuen Elkartea ere sortu zen, gure aurrekontuak, hitzarmenak eta bestelakoak defendatzeko. Egun, bertako lehendakaria ere banaiz, aurrez zegoen Miren Fernandez de Landa udaleko Landa Guneko zinegotzia delako egun.

Zer garrantzi du elkarteak?

Gasteiz beti da Gasteiz; bertako udalerriez hitz egitean ez dira gogoan izaten bere parte diren beste 62 herriak, eta, beraz, gauza bera gertatzen da tramiteekin ere; borroka egin behar dugu. Hala ere, garrantzitsua da administrazio batzarrak herrian betidanik bizi izan direnekin eta etorri berri direnekin osatzea; informazio asko transmititu daiteke, eta baita nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearen ezagutza ere. Belaunaldiei hori guztia transmititzeko aukera dago, eta baita herrietako bizitza mantentzekoa ere.

Herri horiek zer egoeratan daude?

Batetik, izurritean ikusi dugu ez gaituztela aintzat hartzen, eta, oro har, landa eremu osoaz ari naiz hitz egiten. Horren adibide da laborantzako lursailetan sartzen zela jendea eta autoak ere edonon uzten zituztela. Bestetik, herrian bada jendea, baina asko soilik lotara etortzen dira; era horretan, herriek galdu egin dezakete nekazaritzari eta abeltzaintzari lotuta dagoen nortasuna.

Hori galtzeko arriskua al dago?

Oraingo errealitatea oso ezberdina da, zenbait arrazoirengatik; esaterako, mekanizatuagoa da egungo nekazaritza, eredua aldatu da, eta lekukoa hartzeko inor ere ez dago. Nolako etorkizuna izango dugu horrela?

Ba al duzu horren erantzunik?

Agian multinazionalak etorriko dira, eta lur guztia hartu, suntsitu eta kutsatuko dute? Baina etekin ekonomikoez eta beti guregan pentsatu ordez, aurrera begiratu behar da, eta beharrezkoa da hori guztia etorkizuneko belaunaldiei uztea. Beti diot lan hau garrantzitsua dela, elikagaiak ekoizten ditugulako, eta, beraz, uste dut gizarteari ere badagokiola pentsatzeko era aldatzea: erosketak egiterakoan etiketari begiratu behar zaio, merkeena den eta jatorri ezezaguna duen produktu bat erosi ordez. Gu bertakoaren ekoizleak gara, hurbilekoak, eta ingurumenarekiko ekoizpen jasangarria dugu; hau guztion artean zaindu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.