Antonio Sanchez. Suhiltzaile erretiratua

«Zapi busti batekin estaltzen genituen ahoa eta sudurra, kerik ez irensteko»

Suhiltzaile izatearen arriskuez hitz egin du Sanchezek. «Zerbait positiboa» egin nahi zuelako erabaki zuen gaztetan suhiltzaile egingo zela. Egun, 80 urte dituen arren, ondo gogoratzen ditu bizi izandako abentura guztiak.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Suteak itzaltzen dituena baino gehiago da suhiltzailea. Beste ezbehar mota batzuetan pertsonak erreskatatzen aritzen den pertsona ere bada; baita gertakari horien prebentzioan esku hartzen duena ere. Betidanik izan da lan sakrifikatua, eta une oro aldaketa nabarmenak jasan izan ditu, gainera. Ogibideak izandako aldaketa horiek guztiak bizi izan zituen Antonio Sanchezek (El Cerro de Andevalo, Andaluzia, Espainia, 1942). 1965ean, Gasteizera bizitzera joatea erabaki zuen, anai-arrebekin batera. Izan ere, jaioterrian geratuz gero, landa lanetan aritu beharko zuen, baina ez zuen hori nahi. Eta suhiltzaile izatea erabaki zuen Euskal Herrian zegoela. 2005ean erretiratu zen, baina 37 urtez aritu zen Gasteizko suhiltzaile taldean.

Emaztearekin lasai dago etxean. Lankide ohiek erretiratu zen urtean oparitu zioten oroigarriaren parean jarri, eta argazkietarako prestatu da. Gutxinaka, bizi izandakoak biziberrituko balitu bezala, nostalgiaz oroitu ditu lanean bizi izandako une arriskutsuenak.

Zergatik erabaki zenuen Huelvatik Gasteizera etortzea?

Ni jaio nintzen herrian, nekazaritza lanak egiteko aukera baino ez neukan, nire gurasoek lursail bat baitzuten. Nik ez nuen nahi horretan lan egin. 1965ean erabaki nuen Gasteizera etortzea. Gainera, nire bi anaia Gasteizen bizi ziren ordurako. Lau anai-arreba ginen guztira, eta gurasoek beti nahi izan zuten, geunden tokian geundela, beti elkarrekin jarraitzea. Bigarren anaia etorri zenean erabaki nuen hona etortzea; hari esker etorri ginen guztiok. Erabaki onena izan zen, oso zoriontsua izan bainaiz ordutik; eta oraindik ere banaiz, noski. Gainera, hemen sortu genuen emazteak eta nik familia: hemengoak gara.

Etorri zinenean argi zenuen suhiltzaile izan nahi zenuela?

Niri ez zitzaidan gustatzen geldirik egotea edota ikastea. Zerbait positiboa egin nahi nuen; jendeari lagundu nahi nion. Horregatik, suhiltzaile izateko lanpostuak atera zituztela jakin nuenean, izena eman nuen. Zortea izan nuen, eta lortu nuen suhiltzaile izatea.

Kostatuko zitzaizun suhiltzaileen bizi erritmora ohitzea.

Egia da hasieran kostatu egiten zitzaidala familia utzi eta suhiltzaileon parkera joatea. Baina, behin parkean nengoela, hura beste mundu bat zen: beti egon behar nuen edozeri erantzuteko prest.

Nolakoak ziren zure egunak parkean?

Gimnasioan ariketa fisikoa egiten nuen, aisialdirako denbora izaten nuen, deskantsatu ere egiten nuen... Hala ere, erne geunden beti; edozer gauza gertatuz gero, azkar mugitu behar genuen. Suhiltzaile prakak jantzita sartzen ginen ohera, eta ondoan utzi behar genituen botak. Horrela, alarma entzuten bagenuen, azkar janzten ginen. Ez dut gogoratzen zenbat segundo behar izaten genituen parketik irteteko, baina oso azkar ateratzen ginen.

Hori kaosa. Ezustekoak ere gertatuko ziren alarmak jotzen zuenetan, ez?

Ondo oroitzen naiz lagun batek, alkandora praketan sartu beharrean, oheko izararen punta sartu zuela. Logelatik azkena atera zenez, ez zen inor konturatu, eta izara lurrean arrastaka zuela agertu zen. Kar-kar. Askotan egin dugu barre istorio horrekin. Ez da hain arraroa hori gertatzea. Dena pasatzen da azkar minutu gutxi horietan. Edonori gertatu ahal zitzaion gauza bera.

Ordu asko pasatuko zenituen parkean. Nolakoak ziren txandak?

Txandak 24 ordukoak izaten hasi zirenean, 14:00etan sartzen banintzen, parkean egoten nintzen, gutxienez, hurrengo eguneko ordu berera arte. Gero, 48 ordu libratzen nituen; hori zen errutina. Halere, orduak metatzen genituen beti, eta ordu horiek aparte ordaintzen zizkiguten. Ordu horiek udako opor hilabetea hartzeko aprobetxatzen genituen. Uste dut antzekoa dela oraindik.

Orain parke gehiago daude Araba osoan; lehen, ordea, ez zineten hainbeste suhiltzaile.

Gaur egun, parke asko daude Araba osoan. Lanean hasi nintzenean, ez zeuden hainbeste. Oroitzen naiz 40 suhiltzaile ere ez ginela txanda bakoitzean. Suteetarako kamioi bakarra besterik ez geneukan.

Gogoratzen duzu zein izan zen suhiltzaile gisa tokatu zitzaizun lehen lana?

Errementarien kaleko etxe batean izan zen. Etxeko jabeek esan ziguten bero handia zegoela etxean, baina ez zutela surik ikusten. Etxea egurrezkoa zen, eta igeltseroak ez zuen ondo babestu sukaldeko zurezko habeetako bat. Tximinia ondoan zegoenez, eta airerik eta oxigenorik ez zegoenez, su hartu zuen habeak.

Pentsatzen dut tximinietako su asko itzaliko zenituela.

Hala da. Lehen, sute asko izaten ziren tximinietan, ikatz asko erabiltzen baitzen: neguan batez ere. Jendeak ez zuen tximinia itzaltzen, ezta zaintzen ere. Ondorioz, tximinia ez bazen behar bezala garbitzen, kedarrez betetzen zen. Oso arriskutsua da hori, tximinia bera erre baitaiteke. Gainera, inguruko guztia erre dezake, eta ezbeharren bat gerta daiteke. Gauzak aldatu egin dira, baina kontu handia izan behar da tximiniekin.

2005ean erretiratu zinen arte, lanerako erabiltzen zenituzten lan tresnetan bilakaera nabarmena egongo zen, pentsatzen dut.

Gauza asko aldatu ziren suhiltzaile izan nintzen 37 urteetan. Zorionez, aurrerapen izugarriak bizi izan nituen; bai erabiltzen genituen tresnetan, bai soldatetan. Hasieran ez genuen eskularrurik erabiltzen. Oroitzen naiz aizkora bat ere eramaten genuela; halere, erabiltzeari utzi genion urte gutxiren buruan. Hori gutxi balitz, lehen ez genuen oxigeno botilarik erabiltzen. Norberak ahal zuena egin behar zuen arnasa hartu nahi bazuen. Ez geneukan beste aukerarik.

Eta nola babesten zineten ketik oxigeno botilarik ez bazenuten?

Zapi busti batekin ahoa eta sudurra estaltzen genituen, kerik ez irensteko. Horrekin egin behar genion aurre keari. Ez zen nahikoa, ordea. Ke asko irenstea tokatu izan zait. Eskerrak gauzak aldatuz joan ziren eta ponpa botilak erabiltzen hasi ginen.

Aizkora txiki bat erabiltzen zenutela ere esan duzu. Zertarako?

Urgentziazko gauzak mozteko edo apurtzeko erabiltzen zen. Aspaldian ez da eramaten. Egun batean, Gasteizko aroztegi batera joan ginen sute bat itzaltzera. Kristalezko ate bat zuen eraikinak. Lankide batek kristalezko atea hautsi zuen sartzeko, ez baitzen konturatu atea irekita zegoela [barrez lehertu da].

Suteak itzaltzeaz gain, beste gauza batzuk ere egiten zenituzten?

Eraikinetako hodiak buxatzen zirenean, suhiltzaileok joan ohi ginen haiek askatzera. Mahuka bat presiopean sartu, eta zikinkeria guztia ateratzea lortzen genuen. Horrez gain, erleekin arazoak zeudenean, gu joaten ginen laguntzera. Istorio asko ditut erleekin.

Kontatuko zenidake bat, mesedez?

Andre Maria Zuriaren plazaren ondoko eraikin batera joan behar izan genuen behin. Etxe bateko leiho baten ondoan erle asko zeudela esan ziguten deitu zigutenean. Eraikinaren izkina batean zeuden erleak; beraz, zaku bat eraman genuen guztiak bertan sartu ahal izateko. Erle gehienak lasai zeuden iritsi ginenean. Hala ere, zakuan sartzen hasi ginenean, aztoratu egin ziren, eta kanpoan geratu ziren batzuk. Aurpegian ziztatu ninduten, zoritxarrez. Handitu egin zitzaidan, eta bero handia sumatzen zuen arnasa hartzen zuen bakoitzean. Parkera iristean, injekzio batzuk sartu zizkidaten ziztaden efektuari aurre egiteko. Aurrerago, aurpegia estaltzen hasi ginen erleekin zerikusia zeukan misio batera gindoazen bakoitzean. Zorionez, ondo moldatu naiz gehienetan; izan ere, erleekin lan egiten nuen umetan.

Erleak arriskutsuak izan daitezke. Baina bestelako arrisku egoerak bizi izango zenituen.

Lehen lerroan zaudenean, ez duzu inoiz beldurrik sentitzen. Suhiltzaileak beti jarduten du ondorioen beldurrik gabe. Lagunek txantxetan esaten zidaten askotan suhiltzaileok ez genuela ezer egiten, eta beti egoten ginela parkean. Hauxe erantzuten nien nik: «Suhiltzaileok lan egitea nahi baduzue, eman su zuen etxeei eta ikusiko duzue nola segituan joango garen». Suhiltzaile batek edozer egingo du sua itzaltzeko edo beste edozein arriskuri aurre egiteko.

Inoiz istripu larriren bat izan zenuen sute batean zeundenean?

Nik ez, zorionez. Baina nire bi lankide ospitaleratuta egon ziren sute baten ondoren. Su hartu zuen Gasteizko festa areto batek, eta nire bi lagun sutara erori ziren. Haietako bat ospitalean egon zen hainbat egunez. Ezin sutuzko arropa eramaten genuen, eta, zorionez, ez zen erre, baina ke asko irentsi zuen.

Nola ikusten duzu suhiltzaile lana gaur egun?

Dena askoz seguruagoa da orain. Hori bai, suhiltzailea inoiz ezin da guztiz babestuta egon: beti daude arrisku uneak. Suhiltzaile batek ez du inoiz atzera egiten, are gutxiago biziak jokoan badaude. Edozer egingo du norbait salbatzeko. Oposizio batzuk egin behar dira, baina lan eginez ikasten duzu bizia jokoan duzula parketik ateratzen zaren bakoitzean.

Zer esango zenioke suhiltzaileen oposizioetan izena eman nahi duen norbaiti?

Aurrera, dena eman dezala. Gogor lan egin beharko du, eta ez dadila inoiz kikildu. Bizitza batek asko balio du; salbatu ahal bada, beti salbatu behar da.

Arriskua hainbestekoa izanda ere, badirudi suhiltzaile izaten zoriontsu izan zarela.

Une onak eta txarrak bizi izan ditut, baina orokorrean oso zoriontsu izan nintzen Gasteizko suhiltzaile parkean. Gerora jabetu nintzen lanaren arriskuaz. Ez nuke ezergatik aldatuko: ederra zen.

Atzera egingo al zenuke bizi izandakoak berriz bizi ahal izateko?

Erretiratu aurretik istripu bat izan nuen, eta denbora luzez bizkarreko mina izan nuen. Ezin nintzen suteak itzaltzera joan. Azken urteak parkean pasatu nituen. Familiak erretiratzeko esaten zidan, eta sentitzen nuen agur esateko garaia iritsia zitzaidala. Gaur egun, izan nintzenaz oroitzen naiz askotan, baina oso zoriontsu naiz beste gauza batzuk egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.