Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko ordezkariak autonomia erkidegoetako eta unibertsitateetako ordezkariekin bildu ziren atzo goizean, USE unibertsitatera sartzeko ebaluazioaz hitz egiteko: selektibitateaz, alegia. Azkenean, oraingoz, gaur egungo probaren formatuari eutsiko diote, eta aldaketak urtebete atzeratu asmo dituzte, 2025era.
Hain zuzen, Madrilek LOMLOE azken hezkuntza legera egokitu nahi du proba. Hainbat aldaketa egin nahi dituzte; besteak beste, azterketak egiteko denbora gehiago emanda —etsamineko 90 minututik 105 minutura—. Izan ere, memoriari hain lotuta ez dauden ariketak txertatu nahi dituzte, eta leku handiagoa egin nahi diete pentsatzeko ariketei eta ideiak lotzeari. Gainera, esaterako, ikasleei eman egingo dizkiete matematikako eragiketak egiteko behar dituzten formulak. Orain arte bezala, selektibitatearen emaitza unibertsitatera sartzeko notaren %40 izango da, eta gainerakoa, %60, batxilergoko batezbestekotik aterako dute.
Aldaketak egiteko, errege dekretu bat prestatzen ari ziren, eta otsailean aurkeztu zuten zirriborro bat. Berez, hastear den 2023-2024ko ikasturtean ezartzen hasteko asmoa zeukaten, baina maiatzetik geldirik dago prozesua, uztailaren 23ko hauteskundeengatik.
Orain, aldaketak atzeratzea erabaki dute, ministerioak eskatutako txosten juridikoek adierazi baitute jarduneko gobernu batek ezin dituela legeak edo errege dekretuak onartu, «oso premiazkoak» ez badira behintzat: «Erabaki hau hartu da araua onartzeak jardunean dagoen gobernu baten eginkizunak gainditzen dituelako, administrazio autonomikoekin konfrontazioa eraginez», adierazi du ministerioak, ohar batean. Gainera, haien hitzetan, unibertsitateetako ordezkariek ere eskatu izan diete luzapena, eta irakasleen, ikasleen eta familien «ziurgabetasuna» apalduko dutelakoan daude.
Erabakiarekin pozik
Albistearen berri izanda, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egin dituzte adierazpenak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, orain ez da garaia USEn aldaketak egiteko. Areago: uste dute gisa horretako aldaketek hausnarketa sakonagoa egitea behar dutela, eta ezin dela horrelako berrikuntzarik egin curriculum berriak batxilergo osoan martxan jarri arte.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ere aldaketak atzeratu izana onetsi du, ikusita Espainiako Gobernua jardunean dagoela. Horretaz gainera, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eskertu egin du ikasturtea hasterako eman izana «informazio hain garrantzitsua», iruditzen baitzaio ezinbestekoa dela familiei, ikasleei eta irakasle taldeei horren berri emanda egotea.
Hezkuntza
Madrilek erabaki du USEren formatuari eustea 2025era arte
Aldaketak egin nahi dituzte selektibitatea LOMLOE Hezkuntza Legera egokitzeko, baina ebatzi dute jarduneko gobernuak ezin duela aldatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu