Koronabirusa

Hegoaldeko ontziek antxoa gutxiago hartuko dute, prezioa igotzeko

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzontzietako buruek egunero harrapatzen duten antxoa kopurua murriztuko dute, portuetan prezio «egokiagoa» lortzeko. Kanpaina astelehenean hasiko da, eta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak atzo azaldu zuenez, arrantzaleek beraiek hartu dute erabaki hori. Gauzak horrela, ontzi bakoitzean eguneko 10.000 tona arrantzatzeko baimena izan arren, 6.000 tonara mugatuko dituzte harrapaketak.

Berdelaren kanpaina oso eskasa izan da prezioetan, eta, antxoarekin gauza bera pasatuko zen beldur zirenez, sei astez atzeratu dute hasiera. Neurri hori, baina, agian ez da aski izango, eta, horregatik, antxoa kuota kanpaina bukatu arteko egunetan dosifikatuko dute. Atzerapenaren beste arrazoi nagusia koronabirusa ugaltzearen beldurra zen; hala ere, Tapiak azaldu zuenez, portu eta ontzietan «oso ondo» ari dira betetzen segurtasun protokoloak. LAB sindikatua, berriz, ez da iritzi berekoa, eta protokoloak «gabeziak» dituela salatu zuen atzo. Era berean, uste du ez duela laguntzen salmenta prezio baxuaren auzia konpontzen: «Sektoreak historikoki izan zuen arazoa»; eta uste du izurritearekin are gehiago larrituko dela.

Gauzak hala, LABek arrantzaleen baldintzak hobetuko lituzkeen neurri batzuk proposatu dizkio Jaurlaritzari. Ontziak egunero desinfektatu beharko liratekeela uste du, eta itsasoratzeak mailakatua izan beharko lukeela. Arrantzaleei testak egitea funtsezko iruditzen zaio sindikatuari, eta lan egunak mugatzea, astelehenetako 10:00etatik osteguneko 12:00etara. Era berean, portuko salmenta enkante bidez ez egitea iradoki du LABek, ontzi guztiak ordu berean deskargatu nahi izateak —prezio hobea lortzeko— «aglomerazioak» sortuko bailituzke portuan. Horren ordez, portuan «prezio justu» bat ezartzea iradokitzen du, arrainaren tamaina, kostuak eta azken bi urteetako prezioaren batez bestekoa kontuan izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.