MARINEL GUTXIAGO, ARRAIN GEHIAGO

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza sektorea goitik behera aldatu da hiru hamarkadatan, eta asko handitu da produktibitatea. Arrantzontzi kopurua %73 apaldu da, eta marinel kopurua, %72; aldi berean, baina, harrapaketak %32 gehitu dira, eta porturatutakoaren balioa %44 handitu da.

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Egunero-egunero ikusten den lagunari nekez igartzen zaizkio denboraren joanak eragindako aldaketak; aldiz, aspaldiko argazki batekin konparatuz gero, nabarmenago azaleratzen dira mudantzak. Antzeko zeozer gertatzen zaio arrantza sektoreari Bizkaian eta Gipuzkoan: azken hiru hamarkadetan goitik behera aldatu da sektorearen egituraketa. Duela hiru hamarkada baino 548 arrantzontzi gutxiago daude, eta 5.726 marinel gutxiago; baina, aldi berean, baxurako ontziek porturatutako arrain tonak ia 13.000 gehiago dira, eta kofradietako enkanteetan arrain salmentek izandako balioa ia 26 milioi euro garestiagoa da.

Lehen ondorioa nabarmena da: ontzidiaren produktibitatea asko handitu da. Eusko Jaurlaritzak sektoreko 2018ko datuak berritu ditu, eta, bilakaera historikoari erreparatuz gero, ikus daiteke kontrako norabidea egin duten bi ardatz argi daudela. Ontzidia eta marinel kopurua behera, eta harrapaketak eta salmentak gora.

Amildu egin dira ontzi kopurua eta marinel kopurua: 748 arrantzontzi zeuden Bizkaian eta Gipuzkoan 1985ean, eta 200 iaz(-%73); 7.950 marinel ari ziren lanean 1985ean, eta 2.224 iaz (-%72).

Eta, hala eta guztiz ere, baxurako arrantzontziek iaz 53.611 milioi tona porturatu zituzten bi lurraldeetako portuetan, 1986an baino ia %32 gehiago —urte horretakoak dira Eustatek eskuragarri dauzkan porturatze daturik zaharrenak—. Gainera, arrainaren salmenta prezioak ere gora egin du, iaz 83,7 milioi euroko balioa izan baitzuen, duela hiru hamarkada baino %44 gehiago.

Europaren bidesaria

Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak EBren arrantza politikaren helburuekin lotzen du sektorea horrenbeste txikitu izana: Espainia 1986an sartu zen EBn, eta orduan hasi zen gainbehera. «Europak bazeukan ideia argi bat: Espainian eta Euskadin ontzidiaren zati bat sobran zegoela, Espainiak arrantzatzeko zeukan arrain kuota kopuruarekin ez zetorrelako bat hainbeste arrantzontzi eta marinel izatea; ez zen errentagarria».

Azkuek gogora ekarri du ez zela kasualitatea izan EBko kideek 1983an egitea arrain espezieen banaketa orduko bazkideen artean, pentsatuz handik urte gutxira sartuko zirela taldera Espainia eta Portugal, eta egokitu egin beharko zutela aurrez egindako banaketara. «Hori mugarri bat izan zen ulertzeko nolako bilakaera izan duen gure ontzidiak».

Gakoa, dena dela, ontzidiaren teknologia berria eta efizientzia izan dira. «Arrain kopuru bera edo handiagoa harrapatzen dugu, eta fakturazioari etekin handiagoa ateratzen diogu», nabarmendu du Azkuek. «Arrantzatzeko teknikak lehengo berdinak izan arren, arraina topatzeko gaur egun dagoen teknologia punta-puntakoak asko erraztu du lana. Orain, gutxiagoren artean lehen baino gehiago harrapatzen dute».

Horrek badu analisi bikoitz bat: batetik, ontzidia ez da txikitu ingurumen arrazoiengatik, arrain tona gehiago porturatzen baitira; eta, bestetik, sektoreak sortutako aberastasuna —lehen baino handiagoa— pertsona askoz gutxiagoren artean banatzen da.

Arrain espezie bakoitza arrantzatzeko muga ekologikoa zientzialariek jarritakoa izaten dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako arrantza zuzendariak, eta egoerak onera egin duela esan du: «Zientzialariek esaten dute orain dela hogei urte espezieen %30ek zeukatela stockaren egoera osasuntsua, eta, gaur egun, Atlantikoan, espezien %70 daude egoera biologiko onean».

Eta aberastasunaren banaketa? Bestelako analisi bat egin du Jaurlaritzako ordezkariak. «Baxuran, egia da jende gehiagoren artean banatzen zela lehen harrapatutakoaren etekina, baina, termino erlatiboetan, gaur egungo arrantzaleek lehengoek baino gehiago irabazten dute».

Bizkaian eta Gipuzkoan baxurako arrantzak du pisurik handiena, eta marinelen diru sarrerak harrapaketen araberakoak izaten dira, freskotarako alturan ez bezala. Hain zuzen, azken hori murriztu da gehien: alturako 107 ontzi eta 1.554 marinel zeuden 1992an; orain, 17 ontzi baino ez dira geratzen, eta 210 marinel, denak Ondarroan (Bizkaia).

Edozelan ere, estatistikei erreparatuta, ontzien eta marinelen galera datuak egonkortuta daude azken urteetan, eta Jaurlaritzak uste du EBk sustatutako doikuntza eginda dagoela ia erabat.

Portuen kontzentrazioa

Portuei dagokienez, nabaria da zer-nolako kontzentrazioa gertatu den hiru hamarkadatan. Gaur egun Ondarroa eta Getaria dira nagusi porturatutako tonetan eta salmenta balioan; atzetik dute Hondarribia, eta atzerago, Pasaia. Gainontzeko portuek nabarmen egin dute behera, batzuk jarduera ekonomiko moduan desagertzeraino.

Kontzentrazioa Jaurlaritzaren apustua izan zela gogora ekarri du Azkuek: «Orduko gobernuak apustua egin zuen arrain lehorreratzea kontzentratzeko Gipuzkoan, Getarian eta Hondarribian, eta Bizkaian, Bermeon eta Ondarroan. Pasaiakoaren jabea Madril da». Apustu hark azaltzen du salmenta jardueren fokalizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.