xabier martin
GEURE KONTU

Janariaren prezioari mugak jartzeko saioaren zilegitasunaz

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Janaria taula politikoaren erdira ekarri dute azken egunotan. Oinarrizko elikagaiek izan duten garestitzeari aurre egiteko, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa janari jakin batzuen prezioei muga bat jartzeko akordioa sustatzen dabil, banaketa talde handiei ahalegin bat eskatuz; alderdien erreakzioa eragin du ekonomian esku hartze baten gisa hartu den mugimendu horrek; batzuentzat, ezin delako merkatuan maila horretan esku hartu, eta, beste batzuentzat, saioa ez delako praktikoa, eta ekoizle txikiak kaltetuko dituelako.

Diazen ekinaldia ezin da ulertu pandemia hasi zenetik ekonomiak izan duen lurrikara handia aintzat hartu gabe. Koronabirusa azaldu zenetik, Europako Batasunean pentsaezinak ziren neurriak hartu dituzte estatuek, betiere merkatu askeari dagokionean. Janaria ez beste produktu eta zerbitzu batzuen prezioei muga bat jarri diete azken bi urteotan. Maskaren, butanoaren, gasaren eta etxebizitza alokairuen salneurriak finkatu dituzte, eta, batzuetan, merkatu askearen defendatzaile liberal sutsuen txaloarekin, gainera. Zilegi al da, orain, oinarrizko janarien prezioei ere mugak jartzea? Ez da inkesta handirik egin behar jakiteko gizartearen zati handi batentzat, zilegi bakarrik ez, baina beharrezkoa ere badela.

Hego Euskal Herrian, %10etik gora dago inflazioa, eta itunpeko soldatak %4 inguruan ari dira igotzen. Erosteko ahalmenaren galera itzela da langileentzat, eta, egoera horretan, janarien alorrean ere formula bat edo beste hartu beharko dela politikari askoren ustea da dagoeneko. Izan ere, %10 ez, baina hortik gora garestitu dira janari fresko ugari: barazkiak eta frutak, haragia eta arraina, olioa eta arrautzak. Nola azaldu behar zaie boto emaileei erosketaren saskia bere horretan utzi behar dela, banaketa talde handien emaitza ekonomikoak gizentzen jarraitzen duten bitartean?

Carrefourren publizitatea

Oinarrizko elikagai batzuk prezio izoztuetan eskaintzeko ideia ez da berria; Ipar Euskal Herrian, aspaldian ezagutzen dute formula. Nicolas Sarkozyk 2011n ezarri zuen Frantziako Estatuan, artean presidente zela. Banaketa talde handiekin adostu zuen «salneurri erakargarriak» eskainiko zituztela oinarrizko hamar produktutan, baina gobernuak ez zuen gainbegiratu askorik supermerkatuen ahalegina, eta neurriak apenas izan duen eragina.

Diazek azkartasun politikoa erakutsi du beste inor baino lehen Sarkozyren ideia hori erreskatatzeko, eta Carrefour ere lehiakideak baino azkarrago ibili da publizitate kanpaina eder bat egiteko. Frantziako taldeak 30 produktu eskaini ditu 30 euroren truke. Eskaintza hori urrutiko intxaurrena dela azaleratu da azkar asko, produktu horien artean ez baitago janari freskorik. Pobreentzako saskian soilik aurretik prestatutako janariak eta osasungarritik urrun dauden beste elikagai batzuek dute lekua, antza.

Arantxa Tapia Ekonomiaren garapeneko sailburuaren bidez erakutsi du Eusko Jaurlaritzakgaiaren inguruan duen posizioa: «Janariaren prezioak ezin du ekoizpen kostuen azpitik egon». Tapia ekoizle txikien defendatzaile gisa azaldu da, banaketa talde handiak ekuaziotik aterata. Oinarrizko janari batzuen salneurriei mugak jartzearen pagaburu nekazari eta abeltzain txikiek izan beharko balute bezala ezinbestean, elikagaien katearen lege bat ez balego bezala, banaketaren balizko abusua galarazteko.

Tapiak nahiago du beste formula bat oinarrizko janaria erosi ezin dutenak laguntzeko. «Okerren dauden familientzat bonu sozial bat izan daiteke neurri onena, agian». Energiaren prezioei aurre egiteko bonu soziala dagoen moduan, janariaren kasuan ere halako formula bat da Jaurlaritzaren proposamena, beraz. Eta banaketa taldeen festa ez ukitzea, bide batez. «Kontuz ibili behar da prezioak adostearekin: lehia askearen aurka joango ginateke».

Euriborra %2ko langara hurbilduta, batez besteko hipoteka aldakor bat urtean 2.000 euro garestitzen ari da, eta bankuen festa ere ez ukitzearen alde egongo dira alderdi batzuk, kasurako PP; lehia askearekin ez zuen arazo handirik eduki Rajoyk, ordea, bankuak erreskatatu zituenean. 40.000 milioi euro publiko baino gehiago baliatu zituen, baina, orain, janari batzuen prezioa izoztea da gehiegikeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.