Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Adinekoak dira, ez inozoak

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Sakelakoetako Whatsapp taldeetan bili-bolo dabilen meme batek hala dio: Parlamentari bat hiru botoirekin nahasteko gai da, eta 80 urteko pertsonak kutxazain automatiko batera bidaltzen ditugu. Alberto Casero agertzen da irudian, Espainiako Kongresuko lan erreformaren bozketan ustez hanka sartu zuen PPko parlamentaria, eta bankuak bezeroen aurrez aurreko arreta murrizteko ematen ari diren pausoak kritikatzen ditu. Borroka horretan adineko pertsonak izan dira ozenen kexatu direnak, haiek pairatzen baitute gordinen arrakala digitala delakoa. Halere, ez dira bakarrak.

Adinekoak, baina, aspaldian ez daude lo. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak askotan salatu du joera hori, eta iazko irailean manifestazioak egin zituen hainbat bankuren aurrean, besteak beste, haiengandik jasotzen duten tratu kaskarra salatzeko. Kausa horren heroia, baina, Herrialde Katalanetan agertu da, Valentzian zehazki. Carlos San Juan 78 urteko erretiratuak sinadura bilketa bat hasi zuen Adinekoa naiz, ez inozoa lelopean. Adineko bezeroei tratu hobea emateko eskatu die bankuei, besteak beste bulegoetako irekiera ordutegiak luzatuz eta aurrez aurreko arreta indartuz. Hilabete batean 700.000 sinadura bildu ditu, eta, garrantzitsuagoa dena, hedabideen arreta bereganatu du.

Arreta mediatiko horrek zalaparta eragin du, eta banku askok erreakzionatu egin dute. Espainiako Gobernuak ere errefera eman dio San Juanen sakeari, eta oraingoz borondatezkoa den arau sorta bat bidali die finantza erakundeei. Hiru dira oinarriak: bulego ordutegiak handitzea, adinekoei arreta eskainiko dieten langileak izatea eta telefono arreta hobetzea. Deigarria da erakunde publikoek horrelako eskaerak egitea haietako asko hiritarrekiko arreta azpikontratatzen eta eremu digitalera bideratzen ari diren honetan. Urrunago joan gabe, aste honetan bertan EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du zergapekoak ezin direla behartu errenta aitorpena Internet bidez aurkeztera. Hiritar batek Bizkaiko Aldundia salatu zuen aurretik.

Banku batzuek berehala erreakzionatu dute, eta jakinarazi dute halako neurri batzuk hartuko dituztela, batez ere ordutegiei dagozkienak. Arreta mediatikoa gainean izateak erabaki horiek hartzera behartu dituzte. Ikusteko dago zenbat iraungo duten, ea marketin keinu hutsa diren eta ea langileen baldintzei eragiten dien ala ez. Adinekoek kolektibo gisa presio ahalmen handia dutela erakutsi dute beste behin, eta garaipen txiki bat lortu dute.

Paradoxikoa da, baina, Internet bidezko sinadura bilketa batek azaleratu izana agerikoa zen eta teknologiarekin harreman zuzena duen arazo bat. Izan ere, bankuek aspaldi ekin zioten arreta zuzenarekin harremana duten gastuak murrizteari: bulegoak itxi, kutxazain automatikoak kendu, ordutegiak murriztu... Milioiak mugitzen dituen sektorea izan arren, erabaki oinarrizkoenak hartzen ditu datuak hobetzeko.

Adinekoek errespetua eskatu dute, urtez luzez kontu korrontearen komisioak ordaindu ondoren duin tratatuak izatea. Arrakala handia da, eta, gertuko sendikoengatik ez balitz, are agerikoagoa litzateke: «Seme edo alabak egingo dit Internetez» ia etxe guztietan entzun den esaldi bat da. Baina adineko guztiek ez dute seme-alabarik, ez Internetik, eta, zorionez, ezta pazientziarik ere.

Aferaren beste erpin bat komisioak dira, eta ez bakarrik kontu korronteen mantenukoak. Gutxieneko zuzeneko arreta mantentzen duten banku batzuek komisioak kobratzen dituzte leihatilan eragiketak egiteagatik. Eta asko ez dira legezkoak. Herenegun Arabako Lurralde Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen Bankinterrek bi euro kobratzea bezero ez direnei dirua leihatilan dirua sartzeagatik. Epailearen ustez, ageriko «oztopoa» dira. Noizbait ordaindu dituztenak joan daitezela orain eskean. Antzeko sententzia ugari daude.

Epaileak, Espainiako Gobernuak... Eudelek ere bilera eskatu die bankuei. Bihotz pixka bat izatea eskatzen diete guztiek. Baina tratu duin hori ez da errentagarria: soldatak eta alokairuak ordaindu behar izatea dakar. Herri txiki eta auzoetan banku bulegoak desagertzen ari dira. Baina bankuei bihotza eskatzea alferrikakoa da; legez behartu ezean, kostata hartuko dute mozkinen aurkako erabakirik. Eta legez horrelakoak behartzea oso zaila da.

Beraz, erakundeek tratu duina bermatu eta komisioak puztuko ez dituen banku bat nahi badute, haren sorrera bultzatu beharko lukete. Aukera aproposa da banku publiko baten edo erakundeek kate motzean lotuko luketen banku baten beharraren gaineko eztabaida mahai gainean jartzeko. Lehiakortasun legediak zorrotzak dira, eta Europak ez du erraztasunik emango, baina bide hori urratzeko zirrikitua aztertu beharko litzateke. Ez da utopia bat. Adinekoek markatu dute jarraitu beharreko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.