Igor Duñabeitia. Federazioko presidentea

«Akordioa ez zen aho batezkoa izan; bai, ordea, gehiengoarena»

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko buruak esan du «akordio eztabaidatua» izan dela erakundearena, eta adierazi du alde guztiek «zerbait eman» behar dutela egoera hobetzeko

AINTZINA MONASTERIO.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun

Igor Duñabeitia da Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidentea. Hark aletu du egoera, erakundearen ikuspegitik.

Ezpal elkartekoek txapelketan ez aritzea erabaki dute. Zer iritzi du federazioak?

Pena eta mina, batez ere. Federazioa ez da Igor; ni bitartekari bat naiz. Federazioan 43 konpromisario daude, eta erabakia, erabakia da. Nik badakit, agian, proposamena ez dela onena haientzat. Hemen, hoberena ikusi beharrean, etortzea ikusi behar da. Miraririk ezin da egin; haiek hirugarren mailan daude, araudiak hori esaten du. Planteamendu horrekin, datorren urte hasieran lehen mailan egoteko aukera zuten.

Penagarria da, benetan, talde horretan aizkolari oso onak daudelako. Beti hobe da denok batera joatea. Jendeak galdetzen du nola zuzenduko den, zer gertatzen den: denok eman behar dugu zerbait. Federazioak eskua zabaldu du, eta, antza denez, gure proposamena ez da nahikoa haientzat. Zer egingo diogu ba.

Araudiari lotuta aritu al zarete?

Hori da. Nahiz eta, araudia zehatz-mehatz hartuta, hiru urte beharko liratekeen lehen mailara heltzeko. Kasu honetan, salbuespena egin du biltzarrak. Araudiaren akordio berri bat biltzarrak soilik egin dezake, eta akordio labain bat da oraingoa. Horregatik, hamalau denbora onenak bigarren mailara igaroko dira, eta bigarreneko kanporaketa eta finala ere aurten egingo dira. Zer esan nahi du horrek? Hau: urtarrilean edo otsailean lehen maila osatzeko aizkolariak bigarren mailatik hartzen dira, eta bigarren mailan ere aizkolariak izango genituzke. Orain, bigarren mailan aizkolari bakarra dago, hamalau egon beharrean. Ordea, hamahiru igoko direnez, hor dago harrobia.

Ezpal elkarteak dio ez dela erdibideko aukerarik egon. Zer iritzi duzu?

Erabaki dute akordio hau ez dela haien komenentziazkoa. Guk, egoera zuzentzeko hartu genuen. Nahiz eta biltzarra izan, araudia ezin da %100 buelta emanda utzi. Agian, nahiko lukete lehen mailara urtebetean igotzea, baina beste kirolari batzuk badaude, eta haiek joan egin ziren. Ulergarria da egoera.

Egoera zaila al da kudeatzeko?

Nik urte bi daramatzat federazioan. Harreman onak ditut haiekin; aizkoran ibilitakoa naiz, eta haien etxean eta plazan elkarrekin aritutakoak gara. Niretzat fardel handia zen, baina eskuak lotuta nago. Ni bitartekaria naiz; bost federazioak daude hemen [Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa zeta Ipar Euskal Herria], zenbait konpromisario eta bakoitzak iritzi eta irizpide ezberdinak ditu. Akordioa ez zen aho batez onartu; gehiengoz baizik. Abstentzioak egon ziren, eta kontrakoak ere bai.

Ezpal elkartekoak ari dira herrialdeetako federazioen txapelketetan, Egur Sporten ere bai, Urrezko Kopan... Nola gainditu daiteke Euskal Herriko Federazioaren txapelketen koska?

Haiek lizentzia dute Euskadiko federazioan, kirolari gisa. Gero, herrialdeetako federazioek beste araudiak dituzte. Hau da, Euskadikoan hirugarren mailan daudenak, agian, lehenengoan daude herrialdeetakoan. Haietara joaten dira. Zer gertatu da hemen? Aurrez aurreko bat egon zen kirolarien eta Euskadikoarekin. Horrekin dituzte kontuak.

2020an lehertu zen auzia. Gehiegi luzatzen ari al da?

Noski. Ni 2021ean sartu nintzen, eta giroa bero zegoen. Luzatzen ari da, bai. Proposamen honekin ez bada zuzentzen, hor geldituko da. Ez dago beste aukerarik. Biltzar orokorrak erabaki hau hartu du; landua, pentsatua, eta konpromisarioekin erabakia. Ez dut uste konpromisarioen aldetik beste alternatibarik egongo denik. Abstentzio asko egon zen, eta kontrakoak ere bai. Proposamen hau nahiko justu atera zen aurrera; konpromisario asko daude esaten dutenak: «Araudia araudia da, eta kito».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.