Tokio 2020

DOMINA JARRI DU JAPONIAK

Japoniak nabarmen hobetu ditu aurreko Olinpiar Jokoetako emaitzak, ohi bezala judoan eta gimnastikan oinarrituta, baina kirol berrietan ere dominak eskuratuta. Talde kiroletan ere emaitza onak lortu ditu: saskibaloian eta futbolean, adibidez.

ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Sortzen ari den eguzkiaren herrialde esaten zaio Japoniari. Bada, herrialdean jokatzen ari diren Olinpiar Jokoetan, bertako kirolariak eguzkiaren pare ari dira distira egiten. Dominei erreparatuta, eta Jokoak amaitzeko egun baten faltan, inoizko urre gehien lortu dute: 27. Horiez gain, baita zilarrezko hamabi eta brontzezko hamazazpi ere. Gainera, orain arte nabarmendu gabeko diziplinetan nabarmendu dira kirolari japoniarrak, bai bakarka, bai taldeka.

Japoniak 1912an hartu zuen parte estreinakoz Olinpiar Jokoetan, Stockholmen. Ordutik 22 jokotan izan da, eta, hauetan lortzen ari dena kontuan hartu gabe, 439 domina lortu ditu. Horietatik 142 izan dira urrezkoak, 136 zilarrezkoak, eta 161 brontzekoak. Domina kopuruari erreparatuta, Rioko 2016ko Olinpiar Jokoak oparoak izan ziren. 41 lortu zituen, eta seigarren amaitu zuen zerrendan: hamabi urre, zortzi zilar eta 21 brontzerekin.

Baina urreei begira, ez zen Brasilgoa onena izan. Hamasei lortu zituen Atenasen, 2004an, eta beste horrenbeste herrialdeak Jokoak estreinakoz antolatu zituenean, 1964an.

Marka horiek txiki utziko zituen helburu bat jarri zion Japoniako Olinpiar Batzordeak bigarren aldi honetarako, urreei begira: 30 lortzea. Hau da, orain arteko markarik onena bikoiztea. Inoizko talde handiena osatu dute horretarako, 582 kirolarikoa.

Pandemia iritsi aurretik jarri zituzten helburuak. Izurriak, ordea, dena hankaz gora jarri zuen, Jokoak baldintza oso berezietan eta publikorik gabe jokatzeraino. Zaleen babes hori erabakigarria izan ohi da herrialde antolatzailearentzat, dominak lortzeko orduan.

Helburutik gertu

Hauspo hori gabe, argi esan ez arren, helburuan atzera egitera eraman zuen Japoniako Olinpiar Batzordea. Zera adierazi zuen Yushiro Yamashitak, Batzordeko buruak: «Garrantzitsuena ez daurrezko zenbat domina lortzen den, baizik eta kirolariguztiek beren onena ematea». Hala ere, gaur egun, 30etik oso gertu daude.

Eta hala ari dira Japoniako kirolariak, eta jada bikoiztu egin dute Rioko urre kopura. Esan bezala, gainera, oraindik, egun bat falta da Olinpiar Jokoak amaitzeko.

Baina non lortu du domina gehien? Historian, gimnastikan eta judoan kolkoratu dute garaikur gehien: 98 gimnastikan eta 84 judoan. Urre gehien judoan dute, 39; eta, ondoren, borrokan, 32.

Oraingoan ere judoa izan da emankorrena domina aldetik: 11 lortu dituzte. Horietatik, gainera, bederatzi urrezkoak izan dira. Hala ere, urreez gain, irabazi dituzten bi zilarretatik bada bat bereziki mingarria: talde mistoetan lortutakoa. Finala galdu zuten Frantziaren aurka, eta hori porrota da judoa sortu eta bere egin duen herrialdearentzat.

Talde kirolak

Japonia talde kiroletan ere nabarmendu da bere Olinpiar Jokoetan. Bi adibide nabarmen: emakumeetan, saskibaloi taldea finalera iritsi da, eta gaur goizaldean jokatu du AEBen kontra, finalerdietan Frantziari aise gailendu eta gero; gizonetan, futboleko taldea finalerdietara iritsi da, baina finalerdia galdu egin zuen Espainiaren aurka, eta brontzea lortzeko partida Mexikoren kontra.

Talde kiroletan, urrezko dominak lortu dituzte japoniarrek asko estimatzen dituzten bi kiroletan ere: emakumeek softbolean, eta gizonek beisbolean.

Gimnastika eta judoa dira Japoniaren domina iturri nagusia, baina azken urteetan beste kirol batzuk ere indartu dituzte, eta hori nabaritu egin da Jokoetan. Japoniak dominak lortu ditu aurten lehen aldiz egin diren kiroletan: skateboardingean (hiru urre, zilar bat eta brontze bat), surfean (zilar bat eta brontze bat) eta eskaladan (bi brontze).

Japoniako kirolarien emaitza onak ondo datozkio Japoniako Gobernuari: alde batetik, Tokioko Olinpiar Jokoen kontra dauden edo Jokoen inguruko axolagabetasuna adierazi duten herritarren eragina apaltzeko; bestetik, azkeneko hilabeteetan koronabirus kasuek izan duten igoera ikusgarriak eragindako kezka orekatzeko. Japoniako telebista publikoak ia programazio osoa eskaintzen die Olinpiar Jokoei, kirolari japoniarren lorpenei batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.