Irune Lasa.
GEURE KONTU

Energiak eta sinergiak Siemens Gamesaren kontura

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Batzuetan, botereak ez du balio trago garratzak saihesteko. Europako talde industrial handieneko presidente izateak ez dio esplikazioak eman beharra aurreztu Siemens AGko presidente Joe Kaeserri asteazken honetan, konpainiaren urteroko akziodunen batzarrean. Siemensek erregai fosilen sektorean dituen proiektuak bertan behera uzteko eskatuz, Kaeserrek Municheko Olympiahalleko atarian protestan zeuzkan 300 aktibista gazte. Pabiloi barrura ere iritsi zen kexa, akziodun instituzionalek ere leporatu baitzioten Adani talde indiarrarekin kontratua lotu izana trenbideetarako seinale sistema ezartzeko non eta Queenslanden (Australia) zabalduko den ikatz meategi batean.

Protestari «grotesko» iritzi zion Siemenseko presidenteak. Adjektibo bera erabiliko ote zuen Kaeserrek egun bat geroago, ostegunean, BlackRock inbertsiogile erraldoiak ere Australiakoa aurpegiratu zionean? Aktiboen munduko kudeatzaile handienetakoak zer, eta «ingurumen arriskuen neurria» behar bezala aintzat ez hartzea egotzi zion Siemenseko buruzagitzari.

Erregai fosiletan edo haiekin zerikusia duten proiektuetan aktiboak izateagero eta nekezagoa bihurtzen ari da konpainia eta multinazionalentzat, eta ez soilik irudi kontuengatik, baita inbertsiogileen perspektibatik ere.Etorkizun teorian berdeago baten atarian, noizbait oso errentagarriak izan ziren aktibo horiek bihur al daitezke lasta eramanezin konpainientzat? Eta, bitartean, zenbateraino izan daitezke eragozpen enpresek negozio bide berriak urratzeko?

Siemensek joan den maiatzean erabaki zuen zer bide hartuko zuen arrisku horiek saihesteko: gero eta zailtasun handiagoko Gas & Power dibisioa talde nagusitik bereizi, eta Siemens Gamesa Renewable Energy (SGRE) harribitxi eolikoarekin batu, Siemens Energy osatzeko. Sinergiarako aukera handiak ekarriko omen ditu. Konglomeratu berriak 80.000 langile eta 30.000 milioi euroko negozio bolumena izango ditu, ohiko iturrietako, iturri hibridoetako eta iturri berriztagarrietako sistema, turbina eta abarrak eskaintzeko.

Siemens nagusia, berriz, industria digitalean eta azpiegitura adimendunetan jardungo da, eta hara, sinergia gehiago: Siemensek aukera gehiago izango ditu 2030erako zero isuriko karbono neutraltasuna erdiesteko, Gas & Powerren karbono isuriakSiemens Energyrekin joango baitira, haren %75 irailean burtsaratzen denean.

Batzuetan, boterea ez da nahikoa trago garratzak saihesteko. Zenbait hedabideren arabera, Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak, Markus Tackek, ez zekien Municheko buruzagien asmoen berri, haiek argitara atera aurretik. Egia da, halaber , Tackek nahikoa lan bazuela Siemens Gamesaren kudeaketa gorabeheratsuan, eta akziodunekin gatazkan.

Iberdrolarentzat, ziurrenez, orduan iritsi zen Gamesako parte hartzeari agur esateko unea, ikusi zuenean nola zuzeneko lehiakide bat eratzen zitzaion muturren aurrean. Maiatzeko Siemens Energyren sorrera iragarpenaz geroztik, dibortzioa atontzen jardun dira bi aldeak, Iberdrolaren % 8aren prezioa adosten. Iberdrolaren akzioena zehazki, ezen ez baitu gainerako inbertsiogileei akziorik erosteko asmorik, haien haserrerako.Berez, Siemens behartuta legoke Siemens Gamesaren akzio guztien gaineko erosketa eskaintza publikoa (EEP ) egiteko —%30 baino gehiago duelako—. Baina CNMV halako zerbait egitetik libratu zuen 2017an, industria proiektua zela argudiatuz. Orain ere libratu nahiko luke Siemensek. Izan ere, EEP batek izugarri garestituko luke operazioa: 4.500 milioi euro lirateke Iberdrolari erositako prezioetan. Eta Siemens Energyren burtsaratzea atzeratuko luke.

Siemensek sinergietarako aukera are gehiago ere ikusten dizkio Gamesaren bereganatzeari. 100 milioi euroren aurrezkiak lortuko omen dira Siemensen eta SGREren arteko lotura estuagotik. Baina norentzat izango ote dira mesedegarri sinergia horiek? Siemensen kontura dira, edo Siemens Gamesaren kontura?

Gamesaren euskal hornitzaileen eta langileen kontura erdietsiko ote dira? Botere, baliabideeta kontrol nahikorik gabe, garratzagoak izaten da trago batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.