Karrikan

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gabiltzan kalez kale umore onean. Kantak dioen lez, badugu euskaldunok bai, kaleak hartu-zale fama. Bertan egin ohi dugu umorez festa, ala pipertuta protesta. Bilakatzen dugu plaza gure aldarri eta ospakizunen topaleku naturala. Behar ditugu lantzean behin igogailuan arrotza zaigun bizilaguna gertuago sentitzeko uneak, urteen igaroak banandutako belaunaldiak iragan beraren oinordetzat jotzeko betak. Espazio publikoa hartzeak badu ikusgarritasuna bilatu nahi izatetik, baina baita komunitate bat artikulatzeko beharretik ere. Ezaugarri guztiok batzen dituen ekimena karriketan dabil jada, lau haizeetara zeharkatuz gure geografia. Korrika ere, karrikan baitugu egiten. Bizi-bizirik dirau 1980an lehen aldiz Arantzazun abiatutako lasterketaren indarrak eta bi urtez osasun egoerak ukatu dizkigun kaleetan barrena are ozenagoa da egunotan euskararen oihartzuna. Berreskuratu du lasterketak habitat propioa, baina oraindik ziurtatu behar diogu gure hizkuntzari, agerraldi sinbolikoez haratago, mantenu publiko eta kolektiboa.

Hizkuntza kalean mantentzea, ekiteko modu eraginkorrena baita. Birtualitateak gure bizitza baldintzatu duen azken hilabeteotan, agerikoa izan da mintzaira baten indargune nagusia berdinen artean sortzen den elkarbanatze linguistikoa dela. Balio lezakete noski literaturak, teknologiaren anparoan eraikitako sareek edo ikusezina zaigun mundu horren barrunbeetan hizkuntzari lekua emateak euskarari ikusgarritasuna ziurtatuko diete zenbait plataformatan itzulitako ikus-entzunezko produktuek, baina komunitatean sentimenduak, pentsaerak partekatzeak egiten du benetan norbanakoa ahaldun. Izan ere, kofrean giltzapetuta tentuz gorde beharreko ondasunak badiren arren estatiko eta bizirik gabeak gehienak, hizkuntza bat ez da kutxa batean gotortuta izateko bitxi preziatua, beharrezkoak ditu kalea eta hiztunen pausoa.

Beharrezkoa du elkarbizitza, hartu-eman kotidianoa. Erronka nagusiei ere kalean egin behar die aurre euskarak. Irudi lezake ari naizela hizkuntza oraindik minorizatua den eremuez, baina finean erdaren presentzia hain zaigu guztioi une oro metatzailea, denok piztu behar ditugula geure radarrak, erabilera urritzeko arriskuan sumatzen dugunean berau hauspotzeko eta karrikan bere biziraupena ziurtatzeko. Ikerketek azken urteotan euskararen ezagutzak goranzko joera duela islatzen dute, baina tradizionalki hizkuntzak gotorleku izan dituen gune ustez seguru horietan jaisten ari da bere erabilera. Euskarak ezin du espazio publikoa galdu, inoiz baino presenteago egon behar du bizitza laboralean, tratu komertzialean, osasungintzan, haur eta nerabeen aferetan ala gure helduenen zaintzan.

Azken Korrika itxi zuen Maialen Lujanbioren mezuak ere ideia bera zeraman muinean. Behar dugu gure imajinarioa eraikitzen lagunduko digun euskara indartsu bat, ez hizkuntzaren beraren kontu eta problematikez soilik arduratuko den elementu ahul eta pisugabe bat. Euskarak pentsaeren eta nortasunen eraikuntzan ezinbesteko osagaia izan behar du. Euskarak izan behar du irekia, transbertsala eta bere altzora gerturatzen den edonori izateko modu berri bat eskaintzeko ahalmenduna. Garena marrazteko ezinbestekoa baita ezpainetan darabilgun pintzel koloreanitza. Har ditzagun beraz karrikak, plazak eta estratak, ekintzen indarrez bermatzeko hitzen oraina eta geroa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.