«Ez naiz Messi: ezin dezaket esan nirekin gauzak oso ezberdinak liratekeenik»

VILLAR LOPEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Taldez aldatu da, bai, baina bihotzez gorritxoa da oraindik ere Merino. Sufritzen ari da Osasuna Lehen Mailan izaten ari den ibili okerrarekin. Hori bai, uste du oraindik baduela denbora onera itzultzeko. Teknikari aldaketari dagokionez, Martinen kargugabetzea «azkarregi» iritsi zela deritzo, baina, orobat, nabarmendu du ez dela «bandoak eratzeko» garaia.

Ari al zara Osasunaren jarduna jarraitzen?

Bai. Ahal ditudan partida guztiak ikusten ditut. Eta klubaren egunerokotasunaren berri ere badaukat.

Distantziaren talaiatik, nola dakusazu taldea?

Egoera zailean dago. Sailkapenak asko estutzen du. Lehen Mailara egokitzen saiatzen ari dira jokalariak. Gainera, aldaketa ugari jazo dira. Ez da erraza. Egonkortasun apur bat behar du. Bolada on bat hartzea da gakoa. Osasunaren zaleok ere behar dugu.

Azken sailkatua da egun, hamasei partidatan zazpi puntu eskas lortuta. Lehiakorrago arituko zela uste zenuen?

Lorpen handia izan zen Lehen Mailara igotzea. Gero, behin igota, modu askotara has dezakezu denboraldia: lehen jardunaldietan puntu asko lortuta, edo, kontrara, nahi baino emaitza txarragoekin... Garbi daukadana da talde hau amaierara arte borrokatuko dela. Hori barru-barruan dauka txertaturik.

Zein gabezia sumatzen diozu taldeari?

Nire ustez, hutsegiteak oso garesti ordaintzen dira Lehen Mailan. Hanka sartze txikienak ere baliatu egiten dituzte aurkariek. Eta behin markagailuan atzetik zaudela, oso zaila da buelta ematea. Niretzat, Osasunak baditu kalitate handiko jokalariak. Orain arte egindakoa baino askoz gehiago egin dezake taldeak. Hutsegiteak ahal den gehien gutxitu eta aukerak aprobetxatzea da gakoa.

Taldekide ohiekin hitz egiteko aukera izan duzu?

Bai, askorekin harremanetan segitzen dut, umezarotik baitira nire adiskideak. Komentatu didate beren burua egoera iraultzeko gai ikusten dutela, ataka zailean direla onartu arren. Horrek esperantza pizten dit. Konfiantza osoa dut eurengan.

Zer iruditzen zaizu Osasunak Enrique Martin Monreal kargugabetu izana?

Zuzendaritzak pentsatu zuen hori zela taldearentzat onena. Ez dakit oso ondo nola gertatu diren gauzak. Nire iritzi pertsonala da Martinek sekulako lana egin zuela Bigarren Mailan, eta Lehen Maila ez dela batere erraza. Agian, azkarregi iritsi zen kargugabetzea. Baina, tira, eurak dira taldea gertutik dakusatenak, eta erabakia beharrezkotzat ikusten bazuten, orain ez ditugu eskuak burura eraman behar. Denak norabide berean joateko garaia da. Bandoak eratzea saihestu behar da.

Alabaina, entrenatzaile aldaketak ez dirudi esperotako eragina izan duenik.

Ez da erraza dinamika ezkorrean den talde bat hartu eta gauzak berehala aldatzea. Ideia berriak ekarri ditu Caparrosek, eta denbora behar da jokalariak horietara egokitzeko.

Euskarrian Mikel Merino edukita, asko aldatuko litzateke egoera?

Ez dakit. Jokalari batek nekez alda dezake talde oso baten dinamika. Susperraldiak kolektiboa izan beharko luke. Ez naiz Messi: ezin dezaket esan nirekin gauzak oso ezberdinak izango liratekeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.