Battaglin, oraingoan bai

Herenegun saririk gabe gelditu ondoren, italiarrak Giroko bosgarren etapan lortu du garaipena. Lopezek 43 segundo galdu ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Enrico Battaglinek (Lotto Jumbo) Italiako Giroko bosgarren etapa irabazi zuen atzo Santa Ninfan, eta, bide batez, herenegungo arantza atera zuen. Astearteko etapan bera izan zen ausartena azken igoera pikoan, eta Tim Wellensek haren gurpila hartu zuen irabazteko. Atzokoan, baina, zuhurtziaz jokatu zuen. Gordeta ibili zen helmugatik bi kilometrora zegoen igoeran, eta 500 metroko azken zuzengunean Giovanni Visconti (Bahrein) baino gehiago izan zen. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik egon, eta Rohan Dennisek jarraitzen du lider. Hala ere, nabarmentzekoa Miguel Angel Lopezek (Astana) 43 segundo galdu zituela helmugan, eroriko baten erruz. Egun, Pello Bilbao da Astana taldeak duen txirrindularirik indartsuena.

Siziliako bigarren etapa (152 kilometro) esperotako ihesaldiarekin hasi zen. Irten eta berehala, bost kidek egin zuten aurrera, eta Andrea Vendramek (Androni) eman zizkion lan gehien tropelari. Helmugatik hiru kilometrora harrapatu zuten azken iheslaria. Ordurako, tropela ziztu bizian zen, helmugatik bi kilometrotara zegoen kilometro eta erdiko, eta, batez beste, %12ra arteko pendizdun aldapa prestatzeko. Ordurako, Lopez eroria zen, eta tropeletik kanpo zegoen.

Elkarrekin igo zuten 42 txirrindularik. Nabarmentzekoa da Chris Froome (Sky) multzoaren erdi aldean ibili zela. Domenico Pozzovivo (Bahrain) ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Igotzaileen artean Visconti sartu zen, esprinter bat, eta Battaglinek haren gurpila bilatu zuen. Saririk gabe gelditu zen Bahrein taldearen lan handia, Battaglinek nagusitasunez hartu baitzion aurrea.

Etna igoko dute gaur

Gaurkoaren aurrerapena izan dira azken bi etapa bihurriak. Izan ere, seigarren etapa Lehen Mailako mendate batean bukatuko da: Etna sumendian. Hamabost kilometroko igoera gogor bat da, eta %6,5eko batez besteko aldapa du. Halere, %15eko maldak ere baditu. Etnara iritsi aurreko ibilbidea ere oso gorabeheratsua da (ia 150 kilometro). Iaz igo zuten azken aldiz Giroan, eta Jan Polanc esloveniarrak (UAE) irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.