Albistea entzun

OSASUNA 3 - 1 ALMERIA

Amets handitik esnatuta, ilusioa piztu du berriz

Osasunak biharamun gozoa izan du Kopako finalaren ostean, aise gailendu baitzaio etxean Almeriari. Bigarren zatian iritsi dira partidako gol guztiak
Ez Abde neurketako bigarren golaren ospakizunean.
Ez Abde neurketako bigarren golaren ospakizunean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 14 - Iruñea

Golak. 1-0. Budimirrek (46. min.). 2-0. Abdek (51.min). 3-0. Moi Gomezek (81. min) 3-1. Lazarok (91. min)

Ate bat ixten denean, leiho bat zabaldu ohi da: Kopako finala galdu ondoren, Osasuna sendotu egin zen atzo Europako postuetan sartzeko hautagai gisa. Nagusitasunez irabazi zion Almeriari Sadarren, eta argi gelditu zen denboraldia ez duela amaitutzat ematen. Ezin izan zuten Kopako txapeldun izateko ametsa bete, baina ilusio berri bat dute gorritxoek: Europan barna bidaiatu nahi dute datorren sasoian. Egutegi egokia dute, eta, atzo erakutsi zuten mailari eutsiz gero, erronka egingarria da.

Osasuna partida oso berezi bat jokatu berria zen, eta hori asko nabaritu zen Sadarren. Zaleek gogo biziz egin zuten bultza, eta jokalariek grina handiz jokatu. Joko jario etengabea sortu zuten, Aimar Orozen gidaritzapean. Erakustaldi handia egin zuen nafar gazteak: jokaldi on asko sortu zituen, eta goleko bi pase eman, bata Budimirri, eta bestea Moi Gomezi. Abdek egin zuen gorritxoen beste gola. Sasoi honetako hamaikagarren artelana egin zuen marokoarrak, eta, oro har, amesgaiztoa izan zen Almeriako atzelarientzat.

Gol guztiak bigarren zatian sartu zituen Osasunak. Aurrez ere distiratsu aritu zen, baina ate aurrean asmatzea falta izan zitzaion. Ante Budimirrek izan zuen aukerarik garbiena, 33. minutuan, Aimar Orozen jokaldi eder baten ostean, baina Fernando atezainarekin egin zuen topo. Merezi zuten gola gorritxoek, goitik behera ari baitziren nagusitzen. Erritmo handian mugitu zuten baloia, eta barneraldi ugari egin zituzten bi hegaletatik. Neurketak bakarrizketa itxura ere hartu zuen zenbait unetan.

Nafarrek bigarren zatia hasi orduko kendu zioten kortxoa botilari: Budimirrek sotilki sareratu zuen baloia 46. minutuan, Aimarren pasea jasota; eta bost minutu geroago, Fernandoren ateko armiarma sareak kendu zituen Abdek, eskuinkada itzel batekin. Zerraldo erori zen Almeria, eta ez zuen ia zirkinik ere egin hortik aurrera. Azken txanpan, etxekoen festa biribildu zuen Moi Gomezek, Aimarren beste pase erabakigarri bat probestuz. Vinicius Lazarok 3-1ekoa egin zuen luzapenean. Edonola ere, irribarrez eta ilusioz bukatu zuten lehia gorritxoek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, finalerdietako ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partidan. 22-18 irabazi zuen Altuna III.ak Astelenan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Markari eutsi, edo markak hautsi

Jon Eskudero

Jokin Altunak eta Aitor Elordik buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Amezketarra aterako da nabarmen faborito, baina finalak arrisku handia duela ohartarazi dute adituek
Eibarreko eta Alaveseko jokalariak lehia betean, atzo Ipuruan jokatutako derbian. ©JON URBE / FOKU

Elkar imitatu, eta ikusmina areagotu

Eñaut Agirrebengoa

Bana berdindu dute Eibarrek eta Alavesek Ipuruan, eta Gasteizen erabakiko da igoera faseko lehen kanporaketa. Azken txanpan hamar jokalarirekin gelditu da Eibar

Osasunako Aimar Oroz baloia babesten, Almeriaren aurka Sadarren jokatutako partidan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Final bat balitz bezala

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak Konferentzia ligarako sailkatu nahi du gaur, Gironari irabazita. Berdinduta, aurkarien emaitzei begiratu beharko die talde gorritxoak

Bernabeun irabazi, eta, ondoren, beste emaitzen zain egon

Bernabeun irabazi, eta, ondoren, beste emaitzen zain egon

Haritz Gallastegi

Athleticek gaitz du Konferentzia ligan egotea. Real Madril mendean hartzeaz gain, Osasunak ez irabaztea behar dute zuri-gorriek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...