Koronabirusa. Maiatzaren Lehena

Aldarriak ez dira konfinatu

Maiatzaren Lehena berezia izan da Euskal Herrian, sindikatuek etxetik ospatu dutelako gehienbat. ELAk eta LABek uste dute agerian geratu direla ereduaren gabeziak, eta iraultzeko beharra dagoela

Manifestaziorik gabe, balkoietan ospatu zen eguna. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Joxerra Senar - Iker Aranburu - Oihana Teyseyre
Iruñea - Donostia - Baiona
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren Lehen berezia izan da aurtengoa. Karrikak betetzera ohituta, Euskal Herriko sindikatuek etxetik eta balkoietatik zabaldu dute mezua kanporantz. Hegoaldean, konfinamendu zorrotzagoan eta Iparraldean arinagoan izanik, ezinbestean sare sozialak erabili dituzte. Haatik, aldarriak ez dira konfinatu, eta,sindikatu guztiek azpimarratu bezala, pandemia honek balioa eman die historikoki Maiatzaren Lehenak zabaldutako printzipioei; hots, elkartasuna, batasuna, izaera komunitarioa eta langileria klasearen garrantzia.

ELA
«Mozorroak erori dira»


Mitxel Lakuntza ELAko idazkaria euskaraz eta gazteleraz aritu zen txandaka sei minutuko bideoan. Gogora ekarri zuen «klase irakurketa bat» ere egin daitekeela pandemiaren ondorioei buruz. «Mundu guztian izan diren milaka heriotzak agerian utzi dute eredu kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista gaixorik dagoela, gero eta nekezago hartzen duela arnasa eta gu ere ito nahi gaituela». Horregatik, «mozorroak erori egin dira».

ELAko idazkari nagusiaren ustez, erantzuna kolektiboa da «aterabidea bakarra». Aldiz, «inoiz baino nabarmenago geratu da indibidualismoaren eta arlo pribatuaren gezurra». Arlo pribatua eraginkorragoa delakoan, zerbitzu publikoak pribatizatu behar direla dioen irtenbidea «erantzunik gabe geratu da».

Orain, «langileriaren osasuna defenditzea da sindikatuaren lehentasun erabatekoa». Horregatik, Hego Euskal Herriko bi gobernuek «arduragabe» jokatu dutela deritzo Lakuntzak, sindikatuen mezuari entzungor eginez, «egunik larrienetan oinarrizkoak ez diren sektoreak irekitzen tematu zirelako».

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin oso kritiko azaldu zen: «Hanka sartu du, osasun publikoa ezin baita ez patronalaren ez interes ekonomikoen baitan jarri». Era berean, kontraesanean erori delakoan dago, Madrili aginte bakarra ezartzea aurpegiratzen baitio, baina gero «modu berean» jokatzen duelako erabakiak hartzeko unean. Gogora ekarri zuen Zaldibarko hondakinen azpian segitzen dutela bi langilek. «Inork ez du ardura politikorik hartu».

Lakuntzaren ustez, pandemiak erakutsiko du gobernuak «ea prest ote dauden zuzenketak eta aldaketak egiteko, lehentasunak irauli eta politikak jendea aintzat hartuz egiteko, ez enpresen etekinei begira». Azpimarratu zuen ELA sindikatuak mobilizatzen, elkarlanean eta aliantzak bilatzen jarraituko duela.

LAB
«Sistema dago gaixo»


Maiatzaren Lehena modu «ezohiko» batean ospatu zuen LABek. Goizean, auto karabanak egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez, ordea, Nafarroan. Lau karabana antolatu zituen, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu zizkion, eta auzitegiak erabakia berretsi zuen. Protesta gisa, Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak bat egin zuen Iruñeko Errekoleten plazan ESK, CGT, Steilas, eta Solidari sindikatuek deitutako ekitaldi sinbolikoarekin —sei lagun besterik ez—. Hura ere debekatu zuen ordezkaritzak, baina auzitegiak baimendu zuen.

Goizean programaberezia egin zuen LABek bere web orrian, eta haren amaieran hartu zuen hitza Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak. Gertatzen ari dena osasun krisia baino harago doala ziurtatu zuen: «Sistema da gaixo dagoena; zaintza krisia, krisi ekologikoa, krisi soziala, horiek guztiak pilatzen dira sistemaren krisiaren barruan». Gogoratu zuen urte «latza» izaten ari dela langileentzat, LABen zenbaketaren arabera, 29 lagun hil baitira aurten lanean ari zirela. Horiei gehitu behar zaizkie Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. «Guztiz onartezina da egoera».

Krisiari alde on bat ikusi dio Aranburuk: «Ikusten ari da zeintzuk diren ezinbesteko lan horiek bizitza sostengatzeko». Krisiaren alde txarra ere argi dauka LABek. Bere ustez, konfinamendua «kapitalaren eta enpresa handien interesen arabera» diseinatua izan da, eta hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daude erdigunean. Eta, horri lotuta, konfinamendua zentralizazioaren eta militarizazioaren aldeko apustua egiteko baliatzea egotzi zien Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Langileak «otzan» nahi dituen sistema baten aurka kalera atera behar dela aldarrikatu zuen Aranburuk, «gaur ez bada, bihar». Borroka hori enpresetan eta instituzioetan ere egin behar dela uste du. «Boterea fronte guztietan borrokatuko dugu», agindu zuen.

Premiazkotzat jo zuen beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz joatea. Halaber, aberastasunaren banaketa hobea nahi du sindikatuak, eta, horretarako, eskatu zuen egungo zerga politika aldatzea. Zaintza lanak aitortuko eta berrantolatuko dituen ekonomia bat aldarrika tu zuen Aranburuk, gainera. Eraldaketa sozialaren aldeko lanetan «indarrak metatzea» babestuko du LABek. «Bide hori ez dugu bakarrik egin nahi. Euskal Herrian gehiengo sindikal eta soziala gara bide horretan sinesten dugunak».

CCOO-UGT
Sarean, elkarrekin


Azken urteetako Maiatzaren Lehenetan eskutik helduta joan izan dira CCOO eta UGT Hego Euskal Herrian. Aurten, konfinamenduaren eraginez, ezinezkoa izan zaie kalera elkarrekin ateratzea, baina 13:30ean funtsezko langileen lanaren garrantzia sare sozialetan aldarrikatzeko dei bateratua egin zuten, eta aurretik, agiri bateratua kaleratu zuten.

Dena den, eguerdian, sindikatu bakoitzeko agintariek euren mezua bereizita zabaldu zuten. Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak langileak omendu nahi izan zituen: «Langileok sostengatu dugu herrialdea, osasun krisi honetan agerian ikusi baita funtsezkoa dela gizarteak aurrera egin ahal izatea bermatu duen langileen osotasuna». Batetik, lan osasuna «lehen mailako kontua» dela azpimarratu zuen. Bestetik, egoera honetan, produkzioan diharduten enplegu guztiei eutsi behar zaiela azaldu zuen. Azkenik, krisi honek agerian utzi du zaintza lanen garrantzia, bere ustez.

Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak, bere aldetik, aldarrikatu zuen «inbertsio publikoa eta babes soziala» ezinbestekoak izango direla bidezko irtenbide bat bilatzeko orduan. Hori guztia finantzatzeko beste zerga politika bat eskatu zuen.

IPARRALDEKO ERAGILEAK
Manifestazio konfinatua


Ez da usaian bezalakoa izan aurtengo Maiatzaren Lehena Baionan: karrikara atera gabe eta etxetik ospatu dute langileek. CGT eta LAB sindikatuek, Aitzina gazte mugimenduak, Bizi mugimendu altermundialistak eta EBA kolektibo feministak antolatu zuten «manifestazio alai, aldarrikatzaile eta konfinatua». Goizean, 11:50ean, balkoira atera ziren hainbat lekutan, bakoitzak bere aldarriak zintzilikatu zituen leihotik, eta Bella Ciao kantua entzun zuten. Sare sozialetan bideo eta argazkiak partekatzera gonbidatu zituzten parte hartzaileak. EH Baiko kideek ere Frantziako Gobernuaren joera salatu zuten, eta, onartezintzat jo zuten osasun krisiak lan eskubideen arloan izandako eragina. «Egoeraz baliatu dira lan kodean zein eskubide sozialetan murrizketa gehiago inposatzeko». Sistema kapitalistaren logikatik» urruntzeko gogoeta galdegin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.