Emakumeen Nazioarteko Eguna. ROSA ARAMENDI

Nola aitortu haien lana

Baserrian egiten du bizimodua. Andreak bigarren mailako izan diren tokian. «Gizonena da hitza; emakumeena, atzerago». Hitzez taldean bildu da beste andre baserritar batzuekin. Harremanak josten ari dira.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Baserrian daramatza azken hamarkadak Rosa Aramendik (Zarautz, Gipuzkoa, 1968), baina ez da han jaioa. «Ni kalekoa naiz, gizonaren baserrira ezkondutakoa». Aiara, Saberri baserrira joan zen bizitzera. «Horrek atzerago jartzen zaitu: aurrena familia izaten da, bertan jaiotakoa». Eta emakumea zen. «Gehiena ohartzen zara erabakiak hartzekoan: gizonezkoena izaten da hitza. Emakumeena, atzerago». Pixkana gauzak aldatzen ari direla uste du. «Kalean baino mantsoago, baina bai». Zer nahiko lukeen galdetuta, argi dio: «Emakumeen bizitza ere argitara ateratzea, aitortzea, bai familian, bai erakundeetan».

Aldaketak egin behar izan dituzte azken urteetan. «Esnetarako behiak genituen, baina esneak ez zuen ematen pentsua pagatzeko ere». Haragitarako behiak eta ardi batzuk jarri zituzten. «Eta geu kanpora irtetea erabaki genuen». Senarrak eta biek lan egiten dute baserritik at ere. «Pare bat ordu» Aramendik.

Kanpoko lanez gain, zerrenda luzea da baserrian bertan. «Gurasoak eta umeak zaindu, gizonari lagundu, abereak zaindu... Dena obligazio gisa; ez da ikusten lan edo karga dela emakumeentzat». Ikusten ez den lana.

Harreman sarea ez da kalean adinakoa, Aramendiren arabera. «Kalean, umeak eskolara eramatean eta, juntatzen dira emakumeak, kafea hartuz, kontuak esanez». Baserrian, ez. «Nahiko urrun daude etxeak, eta ez gara asko elkartzen. Bakoitzak barruan izaten ditu bere arazoak».

Harreman sarea sendotzeko, Hitzez elkartea sortu zuten. Andrazko baserritarrak biltzen dira. «Konturatu ginen hitz eginda, gure arazoak kanpora aterata indartu egiten garela». Hogei bat emakume biltzen dira «laguntza taldean», psikologo batekin.

Aian sortu zen taldea. Udalak laguntza taldea jarri zuen. «Baina diru laguntzarik ez zegoela eta, kendu egin zuten talde hori». Baina jardun hark on egiten ziela argi zuten. «Beharra geneukan, eta uste genuen egongo zirela gehiago gu bezala». 2007an sortu zuten Hitzez. 50 bat kide ditu.

Oinarrizko gauzak

Baserriko andreen egoera hobetzen ari dela uste du Aramendik: «Makineria gehiago dago, autoak...». Baina egiteko asko dago. Oinarrizko gauzak. «Kotizatzeko, askotan, baserriak ez du ematen bi lagunentzat adina. Beti gizonak kotizatzen du orduan». Baserria gizonen izenean egoten da ia beti.

Andreek indar hartzea, «garrantzia daukatela sentitzea» da gakoa, Aramendiren esanetan. «Askotan, egoerak eramaten du baztertuta sentitzera, ez daukalako inoren aitortzarik».

Gaur, martxoak 8, Aian bilduko dira Hitzez elkarteko andreak. Egun-pasa dute. «Ihesaldi bat baserriko eguneroko lanetatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.