Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gobernabidea Europan

Irtenbide, eta amesgaiztoen iturri

Europako Batasuneko estatu kide gehienetan koalizioan gobernatzen dute; ohitura bilakatu da, eta kultura politikoaren parte ere bai. Horrek, ordea, ez du zertan bermatzen agintaldi osorako egonkortasuna, urteotako adibideek erakutsi dutenez.

M5S-PD koalizioa dago agintean Italian, irailetik; aurrez, Lega-M5S egon zen boterean, urtebete baino gehiago. A. DI MEO / EFE.
ander perez zala
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) estatu kideetan gobernu koalizioak dira nagusi. Koalizioak osatzea ohikoa da, elkarrekin hitz egitea eta negoziatzeko gaitasuna izatea; herrialde ia guztiek hori dute ezaugarri komun, erakundeak eta kultura politikoak askotarikoak eta desberdinak izan arren. Elkarrekin lan egiteko behar hori alderdi sistema eta hauteskunde sistemak bultzatuta gertatu ohi da. Egun, 28 estatuetako hemezortzitan alderdi batek baino gehiagok osatzen dute gobernua.

Horrek, baina, ez du zertan egonkortasun politikoaren sinonimo izan, hala erakutsi baitute EBko errealitate politikoek. Egunerokoaren eta agenda politikoaren menpe daude koalizioak, hori osatzen duten indar politikoen arteko harremana egokia izan arren. Nola gobernatzen dute EBn, eta zeintzuk dira zailtasunak?

AUSTRIA

Bipartidismora ohituriko herrialdea da, baina 2017az geroztik ez dago bipartidismorik. Austriako Alderdi Sozialdemokrata (SPO) eta Austriako Herri Alderdiak (OVP) «koalizio handia» osatuta agindu dute hamarkada luzez, boterea elkarren artean partekatuz; horren ondorioz, elkarrizketaren eta kontsentsu handien estatutzat jo izan da Europa mendebaldeko herrialde txikia.

Hori, ordea, 2016an amaitu zen. Migrazioaren auziak gogor jo zuen Austriako politika eta gizartea, eta urte hartan hamarkada luzeko egonkortasunak lehen arrakalak izan zituen. Auzi horren kudeaketaren ondorioz, SPOk eta OVPk behera egin zuten bozetan, eta horiek bidean utzitako botoak harrapatu zituen Austriako Askatasunaren Alderdia (FPO) ultraeskuindarrak.

2017rako, «koalizio handia» hautsi egin zen, eta OVPko Sebastian Kurzek beste koalizio bat egin zuten FPOrekin: EBn lehenengoz, alderdi bat eskuin muturrarekin aliatu zen. Eta, horren ondorioz, Kurz agintari gazteena bilakatu zen, 31 urte zituela.

Koalizioen herrialdea egonkortasunera ohitua zegoen, urte luzez bata bestearen ondorio izan zelako. «Koalizioa handitik» kanpoko esperimentuak, baina, gutxi iraun zuen: aurtengo udako oporraldiak hasi aurretik desegin zen, austriarren ohiko oporlekuetako bat den Eivissa uhartean (Herrialde Katalanak) gertatu zen ultraeskuindarren ustezko ustelkeria kasu baten ondorioz.

Irail amaieran bozak egin zituzten arren, Austria oraindik gobernurik gabe dago —bitartean, gobernu teknokratiko bat dago agintean—, eta herritarrek euren burua ohikoa ez den testuinguru batean ikusi dute. Kurzek egin zuen ohartarazpena emaitzak jakin ostean: «Uste dut oraingoan zailagoa izango dela gobernua osatzea».

BELGIKA

Gobernabiderako sistemen artean, kasu bereziena Belgikarena da, nahitaez koalizioak osatzera behartuta baitaude ordezkaritza lortzen duten alderdi politikoak: izan ere, konstituzioaren arabera, gobernuak ministro flandriarren eta ministro valoniarren kopuru bera izan behar du. Zenbait identitate dituen herrialdean, zenbait hizkuntza erabiltzen dituen estatuan, oreka politikoa mantentzea ez da erraza izaten.

Testuinguru horrek baldintzatu egiten du gobernuaren osaketa, are gehiago kontuan hartuta Ordezkarien Ganbera zatitua ateratzen dela hauteskunde bakoitzean. Horri, gainera, gehitu behar zaio eskualdeen errealitatea: Flandriako bost probintziek 87 diputatu bidaltzen dituzte ganberara; Valoniako bostek, 48; eta Bruselak, 15.

Egun, ordezkaritza handiena du Flandriako Aliantza Berria(N-VA) alderdi independentista eskuindarrak, 150etik 25 diputatu eskuratu baitzituen iragan maiatzeko hauteskundeetan.

Alderdi hori, hain justu, protagonista izan ohi da gobernuetarako negoziazioetan eta hori egonkortasunean. Iragan urteko azarokoa da adibideetako bat:N-VAk koalizioa utzi zuen migrazioari buruzko desadostasunengatik, eta Charles Michel lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen abenduan, ganberan gutxiengoan geratu baitzen.

Erregeak, ordea, erabakia behin-behin eten zuen, eta Michelek jarduneko karguan jarraitu zuen joan den maiatzeko hauteskundeetara arte; harrezkeroztik, herrialdeak gobernurik gabe jarraitzen du, eta Michelek Europar Kontseiluko presidente kargua hartu berri du. Haren ordez, emakume batek lehenengoz hartu du Belgikako gobernuburu kargua, jardunean bada ere:Sophie Wilmesek.

Azken kasua Michelena izan da, baina Guy Verhofstadtena ere esanguratsua da: 1999tik 2008ra izan zen lehen ministro, eta epe horretan lau gobernu koalizioren buru izan zen.

DANIMARKA

Danimarka da kolore bakarretako gobernuetara ohituta ez dagoen estatu kideetako bat: esaterako, 1982tik 2015era ez du halakorik izan. Ohitura, hori bai, bloke ideologikoetan oinarrituriko gobernuak partekatzea da.

Blokeetan oinarrituriko gobernabidearen ondorioz, ez da harritzekoa hauteskundeetan boto gehien jaso duen alderdia oposizioko indar nagusi gisa ikustea. Kasurako, Sozialdemokratak (SD) alderdia: 2015etik 2019ra oposizioan egon zen, boz kopuru handiena jaso zuen arren.

Aurtengo bozetan eskuineko blokeak gehiengoa galdu duela baliatuta, SD boterera itzuli da, baina kolore bakarreko gobernua osatuta: Portugalgo 2015-2019 agintaldiaren gisara, hiru alderdiren babes parlamentarioa du.

ERRESUMA BATUA

Erresuma Batua, EBko estatu kide gehienak bezala, bipartidismora ohituta zegoen. Alderdi Kontserbadorea edo Alderdi Laborista, biek partekatzen zuten boterea, bakarrik.

Errealitate hori, EBko hainbat herrialdetan gertatu bezala, duela hamar bat urte aldatu zen: 2010eko bozen ostean, toryak ados jarri ziren Liberal-demokratak alderdiarekin gobernatzeko, eta biek koalizioan gobernatu zuten legealdi batez. 1945etik lehenengoz, Erresuma Batuak koalizio gobernu bat izan zuen.

Parentesia 2015ean itxi zen, kontserbadoreek gehiengo osoa jaso baitzuten bozetan; baina, bi urteren ondoren, Theresa Mayk galdu egin zuen abantaila hori. Brexit-aren garaia abian zegoen jada, herrialdeko paisaia politikoa guztiz nahasi duen epea; testuinguru horretan, Mayk lortu zuen bakarrik gobernatzen jarraitzea, baina hori gobernabide itun bati esker izan zen, Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistarekin egin zuena.

Ordea, brexit-aren prozesuak erakutsi duenez, horrek ez du askorako balio izan, haren alderdiko hainbat diputatuk boto diziplina hautsi eta gobernuaren aurka bozkatu baitute.

2010az geroztik, gehiengo garbirik gabeko bi parlamentu izan dira Erresuma Batuan, eta datorren hilabetean egitekoak diren hauteskundeek aukera handiak dituzte paisaia bera emateko.

GREZIA

Greziak gobernabidea eta egonkortasuna bermatzeko sistema bat du ezarria 2012tik. Boto gehien jasotzen duen alderdiak, hori lortzeagatik, 50 diputatu gehiago izaten ditu, bakarrik gobernatzeko behar adina indar izan dezan parlamentuan.

Gobernabidea errazte aldera harturiko neurria izan zen, herrialdea gogor jo zuen krisi ekonomikoak gobernabidea zaildu baitzuen: 2007an, 2009an eta 2012an bi aldiz egin zituzten bozak. Horrek, ordea, ez zuen eragotzi Syrizak koalizioan gobernatu behar izan duela 2015etik aurten arte.

Egoera bere horretara itzuli zen uztaileko bozetan, eskuinak agintea gehiengo osoarekin berreskuratu zuenean. Syrizaren parentesiaren amaiera ere ekarri zuen, bipartidismo tradizionala osatu duen Demokrazia Berria alderdia baitago boterean. Baina, orain Syriza da bipartidismo horren beste adar bat.

ITALIA

Gobernu koalizioak eta gobernu krisiak aipatzeko orduan, ezinbesteko adibidea da Italia, bi horietan erabateko esperientzia baitu. Bata bestearekin doa.

Adibideen zerrenda luzea den arren, honako kopuru hauek laburbiltzen dute hango politikaren desegonkortasuna. Edo agian egonkortasuna, egoera horietara erabat ohituta baitaude italiarrak: 1946az geroztik, herrialdeak 67 gobernu izan ditu —eta 29 lehen ministro—. Hau da, gobernu bakoitzak urtebete inguru irauten du; kasurako, azken krisi politikoa: Lega ultraeskuindarrak eta5 Izar Mugimenduak (M5S) osatu zuten koalizioak urtebete baino pixka bat gehiago iraun zuen.

Orain, M5S Alderdi Demokratikoarekin ari da gobernatzen —eta Askeak eta Berdinak ezkertiarraren babesarekin—, eta koalizio horrek Silvio Berlusconiren hirugarren gobernuaren iraupena dauka helburutzat; gehien iraun duen gobernua baita, 1.400 egun inguru, ia lau urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.