Baxurako arrantza. Errelebo falta

Lemazain gazterik gabe, geroa auzitan

Sektoreak arazo asko ditu langileak aurkitzeko, patroiak eta makinistak bereziki. Arrantza lanetan, berriz, etorkinak aritzen dira gehienbat: Galiziakoak eta Senegalgoak.

Arrantzale batzuk Ondarroako ontzi batean, itsasora irten aurreko prestaketa lanetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Gero eta arrain gehiago dago, baina gero eta marinel gutxiago». Euskal kostaldeko portuetan maiz errepikatzen da esaldi hori. Belaunaldien arteko ordezkapenik eza da sektoreak egun dituen arazo larrienetako bat. Itsasoari lotutako lanbideetan eragozpen gehiegi izaten dira, lan baldintzei loturikoak bereziki. Baina ez da oztopo bakarra. Erreleborako beharrezkoa da barkuen lema hartuko duten marinel gazteak egotea, patroi eta makinista lanak egingo dituztenak, eta horiek aurkitzeko arazo ugari ditu sektoreak.

Bereziki bi lanpostu horietan dago eskulan falta handiena. Hego Euskal Herrian, Langile Heziketako erdi eta goi mailako ikasketak egin behar dira horretarako, baita baxurako arrantzan aritzeko ere, eta gazte gutxik hautatzen dituzte. Arrantzale «arruntak» aurkitzea, berriz, ez da hain zaila, 30 orduko oinarrizko prestakuntzarekin aski baita itsasoratzeko. Baina, hala ere, nekez aurkitzen dute bertakorik. Hala, duela hamarkada batzuetatik hona, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako barkuek Galiziako, Portugalgo eta, batez ere, Senegalgo arrantzaleekin osatzen dituzte euren eskifaiak.

Ontziaren ezaugarrien arabera, bat eta lau tituludun artean behar dira. «Arrantzale lana bokaziozkoa da, baina gazteak motibatu egin behar dira halako ikasketak egitera, eta armadoreak ere bai, ontzietan ikasleak sartzeko mesfidantza handiak dituztelako, oztopo moduan ikusten dituztelako esperientziarik gabeko gazteak, eta gastu bat delako haientzako: gertatu izan zaigu barkurik ez topatzea praktikak egiteko, eta praktikak derrigorrezkoak dira titulua lortzeko; horretarako prest dauden ontziak baino ikasle gehiago izaten ditugu. Hor badugu erronka bat», azaldu du Ana Manzanok, Pasaiako (Gipuzkoa) Blas de Lezo ikastetxeko zuzendariak. Hego Euskal Herrian dauden hiru itsas eskoletako bat da Pasaiakoa. Bizkaian daude beste biak, Bermeon eta Ondarroan.

«Esperientzia» bat

Manzanok aipatutako gabezia horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak bi programa jarri ditu martxan. Horietako bat da Itsasoratu. Ikasleek udako kanpaina bat edo bi egiten dituzte, 950 euro jasotzen dute, eta Gizarte Segurantzan alta eman behar zaie; armadoreek, trukean, diru laguntzak jasotzen dituzte gastu horietarako, baina ez dira nahikoa, batzuen iritzian. 2016tik, programa martxan jarri zenetik, 85 ontzik parte hartu dute, eta 99 ikaslek, bat emakumea.

«Programa hau ondo etorriko zaigu erreleboa egon dadin, tituludunik gabe ezin baitzara itsasora atera», azaldu du Javier Sarobek, Armintzako Bihotz Alai ontziko patroiak. Iritzi berekoa da Getariako Agustin Deuna-ko Iñaki Larrañaga. «Pertsona baten faltan nengoen barkuan, eta programaren berri izan nuen. Bi izan ditut, eta esperientzia oso ona izan da». Horietako bat Beñat Izagirre gaztea izan da. «Hasieran, oso gogorra egin zitzaidan, baina trukoa hartzen diozu. Konturatzen zara ofizio honetan zeinen garrantzitsua den elkarbizitza. Niretzat, bizi esperientzia bat izan da. Aurrera begira ez dakit zer egingo dudan».

Udako praktikez gain, badago Lanbide Heziketa duala egiteko aukera, ikasketak lanarekin batera uztartzeko. Horretarako, itsas zabaleko atunontziek soilik parte hartzen dute. Ikasleek hiru urtean banatzen dituzte praktikak, eta guztira hamabi hilabete egiten dituzte itsasoan; marinelen soldataren %70 jasotzen dute. Programaren lehen urtean zazpi aritu dira, emakume bat tartean: Irati Ruiz. Bermeoko Pevasa enpresako itsas zabaleko atunontzi batean ibili da, etxetik oso urrun, Atlantikoan eta Indiako ozeanoan. «Halako barkuetan hobeak dira bizi baldintzak, eta teknologikoki ere oso prestatuta daude; horrek harritu ninduen gehien. Sektorea oso maskulinizatuta dago, baina errespetu handia dago». Sektorean jarraitzeko asmoa duela dio arrantzale gazteak, baina ez du argitu itsasoan ala lurrean.

Izan ere, egin daitezkeen bi ikasketen artean, makinistarenak edo itsas mekanikariarenak nahiago izaten dituzte ikasleek, Pasaiako eskolako zuzendariak dioenez. Neurri batean, profesional horiek denetik pixka bat egiten dute azkenean: elektrizitatea, iturgintza, motorren mekanika... Eta haietako askok lurrean lan egiteko aukera gehiago izaten dituzte. Hori da Elhadji Malick Sene ondarroarraren kasua. Ikasketak amaituak ditu berak, eta itsasoan aritua da, baina egun portuan dabil, ikuskatzaile moduan. «Ordezko gisa ere banago itsasorako, baina lurrean geratzeko aukera sortu zitzaidanean ez nuen bitan pentsatu. Lurrekook ere izaten ditugu lanik gabeko ordu eta egun asko, barkuen arabera lan egiten dugulako. Baina askoz ere erosoagoa da. Eta, bai, arrantza ona denean, itsasoak merezi du; kasu horretan oso onak dira soldatak. Baina, izatekotan, hori bakarrik du on».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.