Lehenengo lan ituna helburu, kalean dira

Lan baldintza «duinen» eske, hamaseigarren greba eguna izan dute Arabako zahar etxe pribatuetan. Aldundiarekin kritiko dira

Arabako egoitza pribatuetako langileek hamaseigarren greba eguna izan zuten atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Lan baldintza duinak eta sektorerako lehen lan hitzarmena»: hori eskatzen dute Arabako zahar etxe pribatuetako langileek. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bi urte eta erdi daramatzate karrikan mobilizatzen, eta hamaseigarren greba eguna izan zuten atzo. Iraila bitarte azken protesta eguna izan zen: orain arte egindakoaz hausnartzeko eta «indar handiagoz» itzultzeko baliatu nahi dute uda.

Zaintzaren sektore pribaturako lehen lan hitzarmena nahi dutela aldarrikatu zuten atzo Gasteizko karriketan, eta zuzenean Emilio Sola Arabako Gizarte Ekintzako diputatuaren jarrera izan zuten hizpide: beren aldarrikapenei jaramonik ez egitea leporatu zioten. Sindikatuen hitzetan, apirilaren 6an diputatuarekin egindako bilera batean esan zien enpresak prest zeudela langileekin hitz egiteko, eta auzia apirilaren bukaerarako konponduko zela.

Bilera hartatik ia hiru hilabete igaro diren honetan, ordea, ez dute Solaren berririk izan, eta langileen ordezkariek esan dute maiatzean harekin berriz bilera egiteko egindako eskariak ere ez duela erantzunik jaso. Horregatik, hitz onak alde batera uzteko eta ekiteko eskatu diote Solari: «Publikoki adierazi du sektore honetan ditugun arazoak konpontzeko interesa duela. Hala ere, bere ekintzek erakusten dute ez duela konpromiso sendorik».

Gaiaren «erabilera»

Solaren jarrera kritikatzeaz gain, sindikatuek salatu dute alderdi politikoek oro har zaintzaren gaia politikoki «erabiltzen» dutela: «Alderdietako kideek esaten dute gizartearentzat funtsezko zerbitzua garela, gure lanpostuak ezinbestekoak direla gizartearentzat. Baina gobernutik marketin politikorako erabiltzen dute gure lana, eta mendekotasun eta prekaritate egoeran gaude oraindik ere». Beren lan baldintzak «txarrak» direla nabarmendu dute: akituta daude, eta arriskua beren gain hartzeaz nazkatuta.

Gainera, David Alonso ELA sindikatuko kide eta egoitzetako langileak salatu du COVID-19aren pandemiak lehenagotik ere «txarra» zen egoera okertu bertzerik ez duela egin: «Gu aurretik ere ari ginen manifestatzen, eta pandemiak erakutsi du gure kexak egia zirela». Datuak ere eman ditu: «Egoitzetan hil diren hiru egoiliarretik bi egoitza pribatuetako erabiltzaileak ziren, eta horrek erakutsi du zer lan baldintza prekariotan aritu garen lanean». Nabarmendu du, gainera, zaintzeaz aparteko lanak ere eskatzen zaizkiela: «Sukaldeko lanak egitea ere egokitu izan zaigu, eta baita erizainik ez dagoenean haien lana egitea ere». Orain, gainera, egoera epidemiologikoa hobetu eta adinekoak senitartekoekin bizitza soziala egiten hasi diren honetan, lana bikoiztu egin zaiela azaldu du Alonsok: «Eta hori dena egiteko lehengo langile kopuru bera gaude».

Horregatik, borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu du, egoiliarrei eguneroko martxa ahalik eta duinena eta zoriontsuena bermatzeko.«Ez dakigu zer erritmotan, baina sektoreko enpresen eta aldundiaren atean egonen gara. Jendea gaixotu egin da; egoiliarrak hil egin dira, eta miseria egoera pairatzen jarraitzen dugu. Aldatzeko modu bakarra mugitzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.