Ainara Castellanos-Rubio.
ARGI ALDIAN

Sagu gorputzetan?

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Zientzia fikzioa badirudi ere, La Jollako Salt Institutuan giza mini-garunak inplantatu dituzte sagu helduen buruen barnean. Garun organoide horiek, 2013. urtean garatu ziren lehengo aldiz zelula amak erabiliz, eskizofrenia bezalako gaixotasunak ikertzeko asmoz. Hala ere, beste batzuk izan daitezke organoide horien erabilerak etorkizunean, hala nola burmuin kalteak konpontzea edota garapen arazoak tratatzea.

Transplantatu eta bost egunera organoideek odol-hodiak garatzen dituzte; hiru hilabetera, giza neuronak saguen garunetan guztiz integratuta daude, giza eta sagu burmuinek sare neuronal sinkronizatu bat eratzen dutelarik. Orain arte, giza mini-garunek 5 aste baino ez zuten irauten, baina saguetan inplantatuz gero, animalietatik beharrezko odola eta nutrienteak jasotzen dituzte, garatuz eta hilabetetan zehar aktibo mantenduz.

Aurrerakuntza honekin, kezka etikoak planteatzen dira. Ardura nagusia animaliak gizakiegi bilakatuko ote diren inguruan sortzen da. Salt Institutuko zientzialariek garrantzia kendu diote kezka horri; giza mini-garunak sagu helduen burmuin garatuen parte espezifikoetan txertatu dira, eta horrek burmuin botereak emendatzeko arriskua murrizten duela diote. Sagu umekietan egitea beste kontu bat izango litzateke…

Orduan, sagu baten gorputzean bizi den gizakia sortzea posible izango litzateke? Giza adimena, emozioak, maniak eta oroimenak garunean baldin badaude, horiek gordetzen dituen garuneko parteak garatzen ari den sagu baten burmuinaren barnean jartzean, saguak gizaki baten kontzientzia izango du? Eta, kontzientzia hori, norena izango da, zehazki?

Betiko bizitzeko nahiak burmuinak kriogenizatzera bultzatu gaitu jadanik. Errusiako KrioRus enpresak, adibidez, bezeroen buruak izozten ditu, horiek hil ostean, etorkizunean, beste gorputz edo bitartekari batean transplantatzeko eta berpizteko asmoz. Munduan badaude 100 pertsona inguru dirutza bat ordaindu dutenak haien burmuina kriogenizatzeko. Pertsona horiek etorkizunean bertako informazioa era batean edo bestean berreskuratu ahal izatea espero dute, horrela haien bizitzak berrabiatzea lortzeko.

Salt Institutuan egindako azken aurrerapen honek garunaren eta gaixotasun neurologikoen ulermenera hurbiltzen gaitu dudarik gabe, baina honetaz gain, giza kontzientziak saguetan inplantatzeko posibilitatea planteatzen digu, baita ere. Argi dago etikoki oso eztabaidagarria den zerbaiti buruz ari garela, baina posible izanez gero, bizitza luzeago bat izatea aukeratuko al genuke, sagu gorputz batean izanda ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.