Madrilen, kilometro karratu berean daude Kristobal Kolonen omenezko plaza, Espainiako Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena, Falange Espainolaren sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren jaiotetxea eta PPren egoitza nagusia. Hedabideek eta madrildarrek Genova deitzen diote eraikin horri —Genova kalean dagoelako—, baina, izena kenduta, Italiarekin ez dauka inolako zerikusirik. Eremu hori espainola da, oso espainola. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PPk irabazi izana ospatzeko atzo inguruan elkartu zen jendetzaren arabera, espainoletan espainolena.
Gaueko jendetza ez zen goizean egon, bare baitzeuden Madrilgo erdialdeko kaleak; uztaileko igande goiz bat gehiago ematen zuen. Genova kalearen alde batetik bestera, PPren presidentegai Alberto Nuñez Feijooren aurpegia errepikatzen zen faroletik farolera, baina PPren egoitzakoa zen argazkirik handiena; fatxada ia osoa hartzen zuen Feijooren aurpegiak, mezu batekin: Es el momento (Orain da garaia).
Ez zen oraindik jendea kalera irteteko garaia. Dozena bat polizia eta beste pare bat pertsona zeuden Feijooren argazkietatik gertu. Horietako bat kaleak garbitzen ari zen udal langilea da. Emakume arrazializatua da, eta nabarmendu du ez duela botoa emateko eskubiderik, baina izango balu ere ez lukeela bozkatuko: «Ez dut konfiantzarik erakundeetan».
Inguruan lanean dabilen beste pertsona bat PPren egoitza ondoko kioskoko langilea da. Mutil gazte bat da, eta, salgai dituen egunkarien artean, El País-ena da pilarik handiena. «PPren egoitzaren ondoan gauden arren, hemen inguruan El País beste egunkariak baino hamar aldiz gehiago saltzen da», esan du, besapean El Mundo daraman andre bat kiosko paretik pasatu bitartean.
Goiza aurrera joan ahala, tenperatura berotuz joan da. Fresko samar egoten da, ordea, Genova kaletik minutu batera dagoen Santa Barbara elizan. Eguerdiko mezan elkarri «bakea» eman diotenean, abanikoa gorde behar izan dute askok. Apaizak «batasuna» defendatu du sermoian. Mezetatik irten diren batzuek, zehazki, «Espainiaren batasuna» aldarrikatu dute.
«Espero dut inkestek diotena gauzatzea [inkesta askok esaten zuten PP gailenduko zela bozetan]. Espainiaren aldeko gobernu bat nahi dut. Oraingoa Espainia hautsi nahi dutenekin bat etorri da, eta onartezina da», esan du mezetatik irten den andre batek. Beste gizon heldu batek nabarmendu du ez dagoela «askatasunik», eta «berriro egon dadin» eskuinak egon beharko lukeela Moncloa jauregian. Elizan serora lanak egin dituenak nabarmendu du PPren alde bozkatuko duela, «balio kristauak defendatzen dituelako».
PPren egoitza inguruan bizi diren gehienek Isabel la Catolica institutuan eman dute botoa. Aurerra eta atzera ibili dira boto emaileak eta ahaldunak. PPko eta Vox alderdi ultraeskuindarreko ahaldunak elkarrekin hizketan egon dira sarri.
Boto emaile batzuek nabarmendu dute «ezkerrari» emango diotela botoa, eta denek arrazoi bera eman dute: PPren eta Voxen gobernu bat «atzerapauso demokratikoa» izango dela. Hala ere, denek uste dute, inkesta gehienei kasu eginez, eskuina dela bozak irabaztekoa.
Hori nahi duten beste asko ere izan dira botoa ematen. Horietako batek esan du «bihotzarekin» emango diola botoa PPri: «Bizitza osoan eman diot botoa. Aitak ere ematen zion: militarra zen. Voxek irabaziko balu ere ez nuke arazorik izango». Cayetano itxurako mutil gazte batek nabarmendu du «eskuinari» botoa emango diola «zergak jaitsi ditzaten».
Beste andre bat alabarekin joan da botoa ematera, nahiz eta alabak 16 urte dituen —eta Espainiako bandera duen eskumuturrekoa—. Voxi emango dio botoa, eta agerian utzi du bere ideologia transfoboa: «Nire alabak ezin du botoa eman, baina sexua aldatu dezake? Ez du ez hanka eta ez buru».
Urduritasuna
Iluntzean, 20:00ak pasatuta, jendetza hasi da biltzen PPren egoitzaren inguruan. Kazetari ugari, polizia gehiago eta hainbat zale daude Genova kalean.
Minutuak aurrera joan ahala, hasi da gero eta jende gehiago gerturatzen. Gazte asko daude—arropa beixa eta nautikoak dituen asko—, baita jende heldua ere. Lehen emaitzak atera ahala, PSOE eta PP pareko joan dira, baina sozialistak aurretik. PPren zale batek lehen emaitzak ikusi ditu sakelakoan. «Putza! PSOE lehen!», esan dio itxuraz bere neska laguna denari. «Lasai, %10 baino ez dute zenbatu», erantzun dio. Gero, Japoniako kazetari batzuen galderei erantzun die, eta nabarmendu du PP dela «aukerarik onena».
Genovara bildu direnak zerbaitek elkartzen baditu, gorri-horiek elkartzen dituzte. Espainiako banderak astindu dituzte, kapa moduan jantzi, gerrikotik lotu , eskumuturreko batean eraman. Denetariko moduak aurkitu dituzte bandera espainola erakusteko.
Musika ere jarri dute. Esate baterako, Julio Iglesiasen Me va, me va entzun da. Laster kendu dute, ordea. Botoen %30 baino gehiago zenbatuta, PSOEk segitu du aurretik. Jendea telefonoetan murgildu da. Gizon heldu batek albokoari esan dio: «Lasai egon. Irabaziko dugu, eta botila bat cava erosiko dugu».
Kostatu da giroa berotzen, inkesten emaitzen hauspoa falta zutelako, zenbakiak oraindik ez zielako gobernatzeko ematen. Halako batean, jendea algaraka hasi da. Botoen %60 zenbatu eta gero, PP gailendu da. Zaleak Espainiako banderak astintzen hasi dira, eta denetariko leloak abesten: «Feijoo presidente», «Zure aldeko botoa Txapotek eman dezala» eta «Nabari da, ikusten da PPren garaipena», esaterako.
Beren liderraren zain daude, eta «Gora Espainia» oihukatu dute bitartean, baita izenburu hori bera abestia kantatu ere, Manolo Escobarrena. «Y España es la mejor», dio kantuak (eta Espainia da onena). Orduan, Feijoo balkoira atera da.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kronika Madrilen
Espainoletan espainolenak
Madrilgo Genova kale inguruko bizilagun askok esan dute PPri eman diotela botoa. Bandera gorri-horiak astindu dituzte «Espainiaren batasuna» aldarrikatzeko, «hautsi nahi duten horien» aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu