Osasunak denboraldiko lehen garaipena behar du zulotik irteteko
Ligako lehen hiru partidetan puntu bakarra batu ostean, Osasunak beharrezkoa du denboraldiko lehen garaipena, beheko postuetatik ahalik eta azkarren ateratzeko. Horretarako, aukera ona du gaur, etxean (16:00), Almeriaren kontra. Espainiako taldeak ere puntu bakarra du, eta behin bakarrik irabazi du Sadarren, 2013-2014 denboraldian.
Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea argi mintzatu zen atzoko agerraldian: «Aurrerapauso bat eman behar dugu jokoaren arlo guztietan». Onartu zuen «amorratuta» daudela, eta itxura hobea emateko gogoz. «Ez dugu urrutiago begiratu nahi, baizik eta biharko [gaurko] partidara. Zuzenagoak eta oldarkorragoak izan behar dugu».
Imanol Garcia, Miguel Flaño eta David Garcia deialditik kanpo utzi du. Aridane, berriz, bueltan da, orkatilako lesioa gainditu ondotik. Min hartuta segitzen dute, berriz, Fran Meridak eta Javi Martinezek.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.