Autonomoentzako laguntzak luzatu egingo ditu Gizarte Segurantzak

Espainiako Gobernuak irailaren 30era arte mantenduko ditu laguntzak. Sasoikako autonomoentzako sari bat ere onartu du

Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gizarte Segurantzak autonomoei ezohiko laguntzak ematen jarraituko du. Ekainaren 30ean ziren amaitzekoak koronabirusaren ondorioengatik beren jarduna eten behar izan duten autonomoentzako laguntzak, baina, Espainiako Gobernuak eta autonomoen elkarteek atzo adostu zutenez, luzatu egingo dute epea, printzipioz, irailaren 30era arte.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako Ministroaren arabera, udako denboraldian—uztailetik irailera— euren jarduera erabat etengo duten edo fakturazioan %75etik gorako galera izango duten autonomoentzako «laguntza gehigarri bat» izango da. Gainera, negozioa irekia izan arren ere jaso ahalko dute, eta ez dute kotizatu beharko laguntza jasotzen duten bitartean.

Urteko hirugarren hiruhilekoko fakturazioan halako beherakadarik izan ez baina orain arte laguntzak jaso dituztenei, berriz, autonomoen kuotan murrizketak aplikatuko dizkie Madrilek: ez dute kuotarik ordaindu beharko uztailean; abuztuan, erdia ordaindu beharko dute; eta irailean, hiru laurdenak.

Autonomoen eskarietako bat ere onartu zuten atzoko bileran: sasoikako autonomoei ezohiko diru laguntza ordaintzea. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri eta diru laguntzak onartu zituenean, diru sari haiek jaso gabe geratu ziren sasoikako autonomoak, ez zeudelako Gizarte Segurantzan izena emanda orduan.

Gutxienez 661 euro

Diru laguntza berezia jaso nahi dutenek mutualitateen bidez egin behar dute eskaria, eta, onartuz gero, autonomoak bere kotizazio oinarriaren %70 jasoko du —661 euroko gutxienekoa kotizatu badu eta haurrik ez badu—. Apirilean, Gizarte Segurantza laguntza horiek ematen hasi zenean, Hego Euskal Herriko 38.000 autonomok jaso zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.