Zientzia

«Aurrerapen itzela», baina ez sendabidea

Bizkar muineko erabateko lesioa duten hiru gaixo oinez ibiltzea lortu du Suitzako ikerketa talde batek. Lorpena garrantzitsua bai, baina ez dela konponbidea argitu du Gurutzetako ospitaleko Nora Civicosek.

Nora Civicos, Gurutzetako ospitaleko Bizkar Muineko Lesionatuen Unitateko koordinatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Barakaldo
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Irudiak ikusgarriak dira: Michel Roccati gurpil aulkitik jaiki, taka-taka bati indarrez heldu, eta Lausanako (Suitza) zubi batean oinez ibiltzen, iazko abenduko egun hotz eta haizetsu batean. Robot ibilerarekin, pausoak baino gehiago kolpeak diruditen mugimenduekin, baina ibiltzen. Roccatik erabateko etena dauka bizkar muinean. Motorrean zihoan, animalia bat atera zitzaion errepidera, eta istripua izan zuen duela lau urte. Bizkar muina erabat eten zitzaion, eta ezin izan da ibili geroztik. Jocelyne Bloch eta Gregoire Courtine agertu ziren arte.

CHUV Lausanako Ospitale Unibertsitarioko irakasle eta neurozirujaua da Bloch; EPFL Lausanako Eskola Politekniko Federaleko irakasle eta neurozientzialaria Courtine. NeuroRestore ikerketa zentroan lan egiten dute. Bizkar muinean erabateko etena duten pertsonak zutik jartzea etaoinez, piraguan eta bizikletan ibiltzea lortu dute. Baita igeri egitea ere. Otsailean argitaratu zuten ikerketa, Nature Medicine aldizkarian, eta mundu guztiko komunikabideek eman zuten haren berri: Hiru paraplegiadunek berriro ibiltzea lortu dute, hori izan zen titulurik errepikatuena.

Nora Civicosek «oso pozik» hartu zuen albistea. «Sekulako aurrerapausoa» iruditzen zaio, baina «beldur pixka bat» ere eragin dio. Zergatik? «Ondo ulertu behar da zer egin duten, zertan datzan ikerketa, jendearen sentimenduekin ez jolasteko». Gurutzetako ospitaleko Bizkar Muineko Lesionatuen Unitateko errehabilitazio medikua eta koordinatzailea da. Gurutzetakoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erreferentzia zentroa.

Bizkar muineko lesioak dituztenez ari da Civicos «jendearen sentimenduak» aipatzen dituenean. Albistea kaleratu eta batzuek telefonoz deitu zieten; beste batzuek kontsultara edo ospitalera egindako bisita baliatu zuten ikerketaz galdetzeko. «Gaixo kronikoek, lesioarekin urte asko daramatzatenek, bizi izan dituzte horrelako beste ikerketa batzuk, eta badakite ez dela sendabidea», ohartarazi du Civicosek. Gurutzetako Ospitaleko medikuaren zuhurtziak, baina, ez du ikerketaren garrantzia gutxitu nahi. Aurrerapausoa da? Bai, «aurrerapen neurozientifiko itzela». Sendabidea da? Ez.

Nerbio sistemaren zati garrantzitsua da bizkar muina. Bizkarrezurreko ornoen barruan egoten da, babestuta, eta haren bidez komunikatzen dira garuna eta gorputzeko zati eta organo gehienak. Handik pasatzen da informazioa, bi norabidetan. Handik pasatzen dira garunaren aginduak. Informazioa prozesatzeko ere balio du. Telefono hariekin edo autobideekin alderatu izan dute.

Bizkar muina kaltetuz gero, gizakiaren oinarrizko funtzioak ere kaltetu daitezke, higiarazlea eta sentsoriala, esaterako. Lesioa bizkar muinean zenbat eta gorago izan, orduan eta funtzio gehiago galtzen dira. Lesioa partziala edo erabatekoa izan daiteke, hau da, bizkar muinaren zati bat eten daiteke edo erabat. Eten, ez moztu (ez da ohikoa moztea). Bizkar muineko lesioen ondorio izaten dira tetraplegia eta paraplegia. Garuneko seinale elektrikoak ez dira iristen giharretara, eta haien paralisia eragiten du. Gerta daiteke seinaleak ez iristea, baina lesioaren azpiko neurona motore horiek ondo egotea, kalterik gabe.

«Bizkar muina organo oso berezia, oso sentibera eta oso apetatsua da», Civicosen arabera. «Ez dago bizkar muineko lesio berdinik, ezta lesioa leku berean edukita ere».

Zehaztasuna

Suitzako ikerketa taldeak hiru pertsonaren bizkar muinak estimulatu ditu, lesioa izan zuten lekutik behera. «Gai izan dira zehazteko bizkar muineko zer gune aktibatzen diren hanketako gihar, giltzadura edo lotailu bat mugitzen edo luzatzen denean», argitu du Civicosek.

Zehaztasuna da ikerketaren ezaugarri nagusietako bat. «Elektrodoak bat datoz bizkar muineko nerbioen sustraiekin», azaldu du Jocelyne Boch ikertzaileak. «Horrela, guztiz kontrolatzen ditugu gihar batzuk erregulatzen dituzten neuronak».

27 pertsonaren bizkar muinak aztertu zituzten, erresonantzia magnetikoa eta ordenagailu bidezko tomografia erabiliz. Horrela, bizkar muineko neuronen neurria eta kokapena zehaztu ahal izan zituzten.

Kokapena ezagututa, elektrodo batzuk sortu zituzten, eta gaixoei bizkar muinean bertan jarri zizkieten. Elektrodoen bidez gaixoen bizkar muineko gune horietara seinale elektrikoak bidaltzen dituzte, eta gune horiek —neuronak— aktibatu. Horrela, pausoak eginarazteko, ibiltzeko.

Ez da erraza. Ibilera prozesua deseraiki eta berreraiki dute. Gizakien ibileraren eredu bat sortu dute, bizkar muineko gune bakoitza behar denean eta behar bezainbeste estimulatuta. Urratsen maiztasuna, abiadura... egokitu dizkiote gaixo bakoitzari. Bizikletan edo piraguan ibiltzeko eta igeri egin ahal izateko estimulazio ereduak ere sortu dituzte. «Erreflexuen edo estimuluen bidez lortu dute mugitzen edo uzkurtzen ez ziren giharrak modu koordinatu batean mugitzea eta uzkurtzea, ibilera simulatzeko», laburbildu du Civicosek.

Ibilera simulatu. Ez baita berezko ibilera, Roccatiren garunak agindutakoa. Ordenagailu edo tableta baten bidez eragindakoa baizik. Ordenagailuak egiten du garunaren funtzioa. Roccatik hankak mugitu nahi baditu, haren garunaren aginduak ez dira hanketara iristen, bizkar muineko lesioagatik, etenagatik. Ikerketari esker, ordea, hankak mugitu ditzake, ibil daiteke. Roccatiren lau gurpileko ibilgailuak botoiak ditu ezkerreko eta eskuineko heldulekuetan. Ezkerreko hanka mugitu nahi badu, eskuineko heldulekuko botoia sakatzen du; estimulu elektrikoa elektrodora iristen da; ezkerreko hanka mugitzeko guneak aktibatzen ditu; eta Roccatik ezkerreko hanka mugitzen du.

Oinez ibiltzen hasi aurretik prestakuntza jaso zuen hainbat hilabetez. Kilometro erdi ibiltzeko eta eskailerak igotzeko eta jaisteko gai da. Kilometro bat egitera iritsi nahi du udaberrian.

Civicosek Suitzako ikerketaren hiru lorpen nabarmendu ditu: bizkar muinaren ezagutza hobetzea; ibiltzeko bizkar muinean zer gune jakin estimulatu behar diren zehaztea; eta ibilera simulatzea lortzea.

Bizkar muineko lesioak jende gaztearekin lotu izan dira. Auto edo motor istripuak izan dituztenekin edota, udan batez ere, uretara jauzi egin eta buruz lurra jo izan dutenekin. Soslai hori aldatuz joan da azken hamar-hamabost urteetan: «Trafiko istripuak gutxitzen ari dira, eta hartzen ditugun pertsonak nagusiagoak dira. Batzuen lesioaren arrazoia traumatikoa da: etxean edo kalean erortzea».

Bizkar muineko lesioen arrazoiak, baina, ez dira kolpeak bakarrik. «Gaitz pila batek» mindu dezakete bizkar muina: diskoko herniek, ebakuntzek, metastasiak, infekzioek, bizkar muinaren infartoek... Gurutzetako ospitaleko datuen arabera, bizkar muineko lesioen %55 dira arrazoi traumatikoengatik eta %45 arrazoi medikoengatik.

Suitzakoa ikerketa bat da, terapia esperimental bat. Bizkar muineko lesionatuen unitateen errealitatea bestelakoa da. Urratsez urrats eta pixkana-pixkana egiten den prozesua. Helburua: «Paziente bakoitzak, daukan lesioarekin, ahalik eta autonomia handiena lortzea». Lesio mota izaten da baldintza nagusia.

Ohetik aulkira

Bizkar muineko lesioa duen paziente bat iritsi da Gurutzetako ospitalera. «Normalean ohean egoten da, eta lehen zatia, fisioterapia, ohean egiten da», azaldu du Civicosek. Hurrengo urratsa ohean eserita egoten ikastea da. «Oso garrantzitsua da ohetik ateratzeko aldia». Eserita egoteko gai direnean, aulkira pasatzen dituzte. Aulkian eroso daudendean, gimnasiora, fisioterapia egitera. «Helburua da funtzionatzen duten giharrak indartzea, haiekin moldatu beharko dutelako».

Bizkar muineko lesioa osoa bada, gorputzaren enborrari eusten ikasi behar dute, eta leku batetik bestera mugitzen: ohetik aulkira, aulkitik komunera, autora... Enborra ondo kontrolatzen badute, zutik jartzea pentsatzen hasten dira. Gaixoaren gaitasunaren eta lesioaren araberakoa izaten da. Batzuk ibili ere egiten dira, Biocruces institutuaren bi exoeskeletoei esker. «Zutik egoteak eta ibiltzeak abantaila itzelak ditu organismoarentzat», Civicosen arabera. «Baita autoestimuan ere».

Bideoan, Roccatik oinez jarraitzen du. Taberna batera iritsi da. Te bat hartu du lagunekin. Zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.