Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Kalamuaren sarea, hazten

Kalamu haziak, olioak, infusioak eta erretzeko tresnak egon dira salgai, besteak beste, Expogrow kalamuaren nazioarteko azokan. Industria geroz eta handiagoa dela esan dute saltzaileek.
Expogrow azokako erakusmahaietako bat, atzo, Ficoban.
Expogrow azokako erakusmahaietako bat, atzo, Ficoban. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko irailak 11 - Irun

Kolore guztietako gozoki, kaxa eta tresnak daude erakusmahaietan eskura, baina bada kolore bat gailentzen dena: berdea. Eta bada seinale bat azokaren muina zer den argi uzten duena: kalamuaren usaina. Atzo eta herenegun egin zuten Expogrow nazioarteko azoka, Irungo (Gipuzkoa) Ficoban, Kalamuaren azoka bat baino askoz ere gehiago lelotzat hartuta. Bederatzigarren aldia izan du aurten.

Expogrow du izena azokak, eta ez alferrik: haziz doa azoka, haziz doazelako, harekin batera, kalamuarekin lotutako industria eta sarea: haziak, olioak, infusioak, erretzeko tresnak... denetik aurki daiteke Ficoban azokak hartutako 5.000 metro koadroetan. 180 erakusmahai daude guztira, hiru gunetan banatuta.

Erakusmahaiez gain, kanpoaldean, janari furgonetak, puzgarri bat, eta jateko eta edateko tokiak daude, eszenatokiarekin batera. Izan ere, kontzertuak ere egin zituzten atzo. French Touch Squad, Anthony B eta Iseo & Dodosounden musikak girotu zuen gaua Ficoban.

Azoka bisitatu ondoren, kanpoko gunera bidean daude Jon Lopez eta Raul Bastida. Bigarren aldia du Lopezek, eta lehenengoz bisitatu du azoka Bastidak. Logroñotik (Espainia) joan dira, eguna pasatzera. «Interneten eskuragai ez dauden gauza asko aurkitu daitezke, denetarik baitago: erretzeko objektuak, haziak, pipak...», esan du Lopezek. Ikusitakoak ikusita berriro etorriko direla esan dute.

Barruko gunean, erakusmahaien artean oinez dabiltza Alba Notario eta Anny Ramos, eta poltsa bana daramate eskuan. Castellongoak (Espainia) dira, eta asteburua Irun inguruan pasatu dute: «Etortzen garen lehen aldia da, eta azoka txukuna iruditu zaigu. Aukera handia dago marken artean», azaldu du Notariok.

Bezeroak erakartzeko, pizgailuak banatzen dituzte, edo kalamu haziak zozkatzen dituzte erakustokietan daudenek. French Touch hazi enpresarena da erruleta horietako bat, berdea, horia eta gorria: «Ofizialki sortutako lehenengo hazi bankuetariko bat gara; oraindik Frantzian legezkoa ez zenean sortu genuen enpresa», aurkeztu du Frantziako etxea Sebastian Lirak.

Urteak daramatzate Ficobako azokara joaten, eta beste hainbat markak eta produktuk hartu dute aurten aterpe haien postuan, ahalik eta aukera gehien eskaintzeko: ongarriak, erretzeko CBDak, tatuajeak, kamisetak... denetik daukate salgai: «Ahalik eta bezero gehien erakartzen saiatzen gara, eta saretzeko ere balio digu», adierazi du.

CBD Alchemy postua dago Frantziako enpresaren parean, eta bertaratutako jendea artatzen ari da Angela Gagliardi. Italian, Espainian eta Berlinen dituzte denda fisikoak, besteak beste. Europako hainbat herrialdetara banatzen dituzte ekoizpenak. Infusioak, olioak eta loreak dituzte ikusgai, besteak beste: «Elikagaietan ez gara gehiago sartzen, legeari dagokionez arazorik ez izateko; olioekin eta loreekin konformatzen gara», esan du Gagliardik.

Industria, «profesionala»

Kontsumorako produktuak alde batera utzita, lege kontuekin laguntzeko asmoz joan da Raquel Galiano Puebla azokara. THC abogados taldeko kidea da, eta industria handitzen ari zela ikusita erabaki zuten kalamuari buruzko adar bat sortzea enpresan. «Ahotsa jasotzea erabaki genuen, sektore asko baitabiltza gaur egun kalamuaren inguruan lanean, eta oraindik estigmatizatuta baitago; guk proiektuak legezkoak izan daitezen laguntzen diegu».

Industria geroz eta «profesionalagoa denez, kontsumitzaileen profila aldatzen ari dela uste du abokatuak. «Lehen, institutuetako nerabeak ziren nagusi bezeroen artean, baina, orain, gaixotasunak dituzten adinekoak, medikuak, abokatuak... jende asko dabil kalamuaren sarean bueltaka». Legea aldatzeaz gain, estigma txikitzeko konponbidea argi dauka abokatuak: «Informaziorako sarbidea denek izatea, informazioa boterea baita».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.