begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Don't cry me a river', ahizpa maitea

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Kopetaraino nauzue, ahizpok. Beti negarrez, beti zotinka, beti malkotan, beti kexu; beti lantua jotzen, txalo jo beharrean. Eta negar-marrasketan zaudetela, ez diezue erreparatzen, zuek ez bezala, negar egiteari aspaldian uko egin zioten sister andana paregabe horri. Besoetako haurren moduan mainetan izanda, ez dituzue ez ikusten, ez ezagutzen. Negarrez zaretela, ez zarete miraz.

Zinemaz ari naiz, jakina. Zinema munduko gure ahizpei buruz ari nauzue izkribuan. Eta benetan diotsuet haserre gorrian naukazuela.

Hilabete eskas dela, Donostiako Tabakaleran datorren urtean Locarnoko Zinemaldiak omenduko duen Kinuyo Tanaka emakume zuzendariaren inguruko zikloa eskura, begietara ekarri zieten zeluloidea delicatessen bat balitz bezala jaten duten ikusle leial hainbati.

Zikloaren aurkezpenean, batzuen ohiko aieneak: emakumeok ez bide dugu behar eta merezitako lekua zinemagintzan; 2015eko datuen arabera, munduan filmatzen diren pelikula guztien artean, %7a besterik ez zuen sister batek sinatzen.

Jarriko dizkizuet nik hankaz gora estatistika malapartatu horiek, zeren...

Negarrak neuronak ito ohi ditu. Neuronak blai dituzula, datuak baino errealagoak, fisikoagoak, egiaztatzeko errazagoak diren errealitateak ezkutatzen dira. Esaterako, aurten Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra Georgiako emakume batek irabazi zuela baieztatzen duena. Baina hain erosoa eta gozoa da biktimarena egitea, ezen malkoak txaloak baino nahiago dituzten horiek datu zahar eta hotzei eusten diete.

Jendearen aurrean kexati agertzen ziren horietako batek ere ez zuen Dea Kulumbegaxviliren Dasatskisi film probokatzaile, ausart, sendoa ikusi. Laketagoa baita, berriro diot, biktimarena egitea, Deak pelikularen oinarri literarioa ere sortu zuela begiratu gabe, eta, lan horregatik, Zinemaldian bertan, gidoirik onenaren garaikurra jaso zuela kontuan hartu gabe.

Beste behin idatziko dizuet, ahizpatasun-sororitate moderno honetako nire pareko maiteak: batzuentzat atsegina oso da «ez gaituzte maite» lelopean bizitzea. Bila ibiltzea, ordea, nekosoa duzue. Gure babeslekutik, gure erosotasun-eremutik garratz ateratzen gaituen eginbeharra deritzozue horri, antza.

Horrexegatik, Tabakalerako aurkezpen haietan zotinka jarduten zuten horiek ez zekiten (edo ez zuten jakin nahi) aurtengo Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailean lehian ziren bederatzi filmetatik zazpi genituenik emakume batek egindakoak. Eta gizonezkoek filmaturiko batean emakumezkoa zela argazki zuzendaria.

Errealitate horiek guztiak bistakoak izan arren, 2015eko datu ilunei eusten zieten negarrontzi galant horiek, Elias Kerejeta Zine Eskolako hainbat ikasleren aurrean. Ikasle horietako gehienak neskak zirela ez zuten ez pentsatu, ez kontuan hartu ere ahizpa nagusi eta tristatu haiek.

Kinuyo Tanaka, aktore gisa, izarra izan zen Japonian. Izar handia. Zuzendariek, ekoizleek eta ikusleek maitatua. Sei film burutu zituen zuzendari. Sei film fier eta ausart. Ez zuen lortu Mizoguchi baten, Ozu baten maila, baina gauza nabaria da zinemagintzaren sekretu oro ezagutzen zuela.

Aurkezpen hartan esan, betikoa esan zuten, Kinuyok ez zuela merezitako ez aitortzarik ez laguntzarik lortu.

Gezurra. Izugarrizko ekoizpen lanak exijitzen zituzten filmak sortu zituen Tanakak. Hala nola Ruten noh ôhi (Printseza alderraia). Txinan eta Japonian errodatu zuten. Bi hizkuntzatan, mendietan eta itsasoetan zehar. Gerra eszenak badira. Baita ihesaldikoak ere. Hori guztia burutu ahal izateko bitartekoak, dirutza eta primerako euskarri teknikoak ezinbestekoak dira. Eta Kinuyok bazituen. Baina politagoa, bide, inoren laguntzarik gabeko biktima baten erretratua egitea.

Malkotan zaudetela, sisterrok, ezer ez duzue ika(u)sten. Etsenplu, Donostiako Beldurrezko Astean jendeak gehien gozatu dituen filmetako bat Irlandako Neasa Hardimanek eskainitako Sea Fever dela. Neasa, jakina, emakumea da. Dublinen eta Berlinen ikasia, Irlanda eta Amerikako Estatu Batuetako hainbat telebistarako lanetan ibilia. Sea Fever-en omendu egiten du Niamh Cinn oir itsasoaren jainkosa zelta. Pelikulan, amesgaizto izugarria biziko dute arrantza-ontzi batean dauden arrantzaleek eta neska zientzialariak; emakume indartsu bat patroi eta brankako-iruditzat jainkosa baten figura dituen barku batean, hain zuzen.

Baina zuek, ahizpok, negarrez. Konturatu gabe Paula Olazek musika jarri diola Bi urte, lau hilabete eta egun bat-i. Ohartu barik, Alazne Ameztoik soinu kontuetan diharduela Ventajas de viajar en tren-en.

Has zaitezte, arren, kreditu tituluei erreparatzen. Horrela ikasiko duzue sorginek hartutako The Craft-eko lantalde tekniko osoa emakumeek osatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.