Urtea!

2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Mendigoizale ziren, erromerietara jotzen zuten, breaz margotzen zituzten arrokak, ikurrinak nahiz zenbait lelo gero baino gero jakin eta ezagunago eginzirenak — RV (Resistencia Vasca), Gora Euzkadi, Askatasuna...—, txistua jotzen zuten, txapela eta kaikua janzten... Guardia zibilen amorragarri ziren, txapelokerren errepresioaren helburu.

Ondoko aldi batean, ikurrinak margotzen ez baina egiazkoak jartzen hasi ziren, trikornioak ezin hel zitezkeen tokietan betiere, eta ikurrinei artefaktu gisakoa eransten, jendearen bistara ahal zen gehiena iraun zezaten.

Hurrena, gerrila aldi izan zen, EAJren Baionako egoitzako ikastaroak, Joseba Emaldi Indioa gidari. Komandoak osatu ziren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Klandestinoak, ageri denez, gradurik goreneraino isilpekoak, EAJk berak ere komando haiek zertan ziren ez jakiteraino. Inork jakitekotan, Emaldik zekikeen gehientsu, eta hark ere, hein batean, berak ere ez baitzuen komandoetako kideekin loturarik, haietako buruekin besterik.

Artajo eta Asurmendi hil zirenean, berriz, orduantxe kutxa zabaldu. Ordukoxea behar du Leizaola lehendakariaren orro mina, protesta gogorra: «Heriotzari buruz daramazue gure gazteria!».

Bertan behera utzi zuten ordu artekoa.

Abandonatu zituzten militanteak.

Askok, ETAra jo zuten. Eta gizendu zuten hura.

Abentura gogoak, erresistentzia gogorrak, betiko aienatu zitzaizkion EAJri. Ez Euzko-Naya, ez EGIren komando berezirik, ez armen biderik.

Garaiak ez zuen laguntzen. 1969ko hasmentan, indarrean zen salbuespen egoera espainiar estatu osoan. Eguneroko ogi ziren etxe miatzeak, atxilotzeak, tratu txarrak. Apirilaren 6an Artajo eta Asurmendi hil eta, handik hiru egunera, ETAren zuzendaritzako kideak atxilotu zituzten Bilboko Artekalen eta Mogrovejon (Kantabria, Espainia). Artekaletik ihesean, Fermin Monasterio taxilaria hil zuen Mikel Etxeberria Iztuetak. Guardia zibilak Segundo Urteaga sakristaua hil zuen Urabainen (Araba), elizako kanpaiak jotzen ari zenean; guardia zibilak Urteaga «ETAkoei ohar egiten» ari zela esan zuen. Urrian, poliziak tiroka hil zituen Anton Fernandez eta Josu Murueta, Erandion, airearen kutsaduraren kontrako manifestazioan. Abenduan, hamabost presok ihes egin zuten Basauriko espetxetik; hamar, ETAkoak.

Ezinezkoa hori dena behar bezala inork burutzea.

Are gutxiago, klandestinitatearen gorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.