Onintza Mokoroa. Artillari nagusia

«Orain arte ezagutu dugun jai eredua aldatu egingo da»

Donostiako jaiei hasiera ematea dagokio Mokoroari, baina atzo ez zuen artillari jantzia soinean izan. Zalantza askorekin ikusten du festen etorkizuna, eta «gogoetarako unea» dela nabarmendu du.

JON URBE/ FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoia pizteko ardura du Onintza Mokoroak (Donostia, 1978) 2019tik, Luis Mokoroa aitaren lekukoa hartu zuenetik. Pandemiak, ordea, etenda utzi du artillari nagusiaren jarduna.

Bigarren urtez jarraian, ez da kanoi hotsik izan Donostian. Zer moduz zaude?

Arraroa da. Iaz oso barneraturik geneukan zer gertatuko zen, baina aurten galduago nago, eta gogoeta egiten ari naiz. COVID-19ak bizitza aldatu digu, eta jaiak ere aldatuko ditu. Ez dakit zer modutara, baina orain arte ezagutu dugun jai eredua aldatu egingo da.

Jai ereduen inguruko hausnarketa bat etorriko da, beraz?

Niri geneuzkan jaiak asko gustatzen zitzaizkidan, baina uste dut goia jo dugula, eta orain, beste garai bat datorrela. Penatuta nago, zalantza askorekin eta ezkortasun puntu batekin, era berean. Aldaketa bat datorrela ikusten dut. COVID-19ak elkartzea eta gizartean lan egitea kendu digu. Eta hori da jaien funtsa. Beraz, beste modu batzuk asmatu behar ditugu.

Jaiak bertan behera uztea beharrezkoa ikusten duzu, ala egin zitezkeen beste modu batera?

Ulertzen dut erabakia hein batean, baina beste modu batera egitea ere posible da. Ezjakintasunetik oso erraza da gure iritzia ematea, hala ere. Esaten da zerbait egiten bada jendea kalera ateratzera animatzen dela. Tira, ez dakit.

Aitaren lekukoa hartu zenuenetik behin bakarrik egokitu zaizu metxa piztea. Gogotsu egongo zara, ezta?

Bi aldiz bota dut. Lehen aldia ezustekoa izan zen, txilibiteroei omenaldi bat egin nahi izan zigutelako. Gero, aitaren ondorengotza hartu nuen. Modu oso ez berdin batean bizi izan nuen hori; prestatuta nengoen. Lekuko hori ganoraz eramateko gogo handiz nago, baina, oraingoz, hortxe geratu da.

Zer esanahi du Aste Nagusiak zuen etxean?

Egokitu zaidan egitekoarekin, oso esanahi berezia hartu du kanoikadak: aitak botatzen zuelako hasieran, eta niri tokatu zaidalako ondoren. Horregatik, oso bereziak dira jaiak, baina San Sebastian eguna askoz ere garrantzitsuagoa da guretzat.

Zein izaten da jaietako unerik bereziena?

Kanoikadaren momentua. Ekainean hasten gara entseguekin eta trajea prestatzen. Eta gure lana bukatu arte, urduritasunarekin eta arduraz bizi dugu. Plazer bat da halako ekitaldi batean parte hartzea. Gustatzen zait ardura hori edukitzea, eta ondo eramaten dut.

Ardura horrek mugatu egiten zaitu festak bizitzeko unean?

Hamar mila saltsatan sartuta ibili naiz bizitza osoan, eta jende asko ezagutzen dut. Baina sekula ez naiz mugatu ezer egitekorakoan aurpegi ezaguna izateagatik. Ez dut uste ezer txarra egiten dudanik, eta egiten dudana naturaltasunez egiten dut. Nik nahi dudana egiteko ez dit batere mugatzen.

Kanoikadako jantzia hautsa hartzen izango duzu dagoeneko...

Armairuan dago, eta noizbehinka aireztatu egiten dut. Orain zalantza dut gerria ondo lotuko nukeen [kar-kar].

Etxean janzteko tentaziorik izan duzu?

Neguan egingo dut. Orain ez, oso lodia delako. Iaz, kanoikadaren egunean jantzi nuen, eta lagun batzuekin antzeko zerbait egin nuen, faltan sumatzen genuelako. Aurten ez, beste aldarte batean nago. Bigarren urtea da, etsituago gaude, eta ez dut ezer berezirik egingo.

Ez da ospakizun berezirik izango, beraz?

Egia esan, egunez egun noa gauzak disfrutatzen, eta ez dut gehiegi pentsatzen zer data izango den. Agian afari edo bazkariren bat egingo dugu.

Zer mezu helaraziko zenieke Donostiarrei?

Disfrutatzeko bizitzaz eta egunerokoaz. Kolpe handia hartu dugu urte eta erdi honetan; hori onartu egin behar dugu, eta indarrarekin hortik atera. Festa egin nahi duenak edo jantzi nahi duenak festetako jantziekin egin dezala, baina dauzkagun mugekin. Disfrutatzeko beste era asko daude, eta anima daitezela haien gertukoekin gauzak ospatzera.

Datorren urtean entzungo da Artillero?

Espero dut baietz, baina auskalo nola. Ni hortxe egongo naiz, esaten didatenerako beti prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.