ATZEKOZ AURRERA

Arratoia, zorion mezuen ekarle

Txinatarrentzat iritsi da urte berria, arratoiarena, oraingoan, eta Bilboko Txinatar Institutuak, urtero bezala, zenbait ekitaldi antolatu ditu ikasle eta lagunekin, behar bezala ospatzeko.

Dragoiaren burua txinatarren Urteberriaren ospakizunetan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Koloretako kartoiak tolestu, artaziekin ebaki batzuk egin, ertzetan beste kolore bateko paperezko tirak itsatsi. Eta, amaitu aurretik, kartoian esaldi bat idatzi: Gong xi fa cai(zori ona eta diru asko izan ditzazula). Prozesua burututa, kartoizko esku-argi bat da emaitza, txinatarrek etxeak eta kaleak apaintzeko erabiltzen dituzten horietakoa.

Egunotan, txinatarrak urte berria ospatzen ari dira. Izan ere, Txinan urte berriaren ospakizuna ez da egun bakar batekoa; bi aste iraun ohi du. Txinako herrietako kaleak esku-argiz betetzen dira, urte berriko ospakizunetako ezinbesteko osagai baitira. Eta ez dira apaingarri huts: zorion ekarle ere badira esku-argiak. Bilboko Txinatar Institutuak ere, aurten zazpigarren aldiz, ongietorria egin dio txinatarren urte berriari, etaeskulanak egiteko mintegi bat antolatu dute. Umeak eta helduak buru-belarri ibili dira esku-argiak atontzen.

Geroago, txartel gorriak egiteari ekin diote. Horiek ere urte berriaren ohiko osagai dira: zoriona edo bizipoza adierazten duten hitzak idazten dituzte txinatarrek txartel horietan, eta leihoetan edo hormetan eskegitzen dituzte. Bilbon txinera ikasten dabiltzan umeek ere berba horietako batzuk idatzi dituzte txarteletan: chun (udaberria), fu (zorte ona), cai (zoria).

Txinako tradizioaren arabera, lurreko zerriaren urtea izan da amaitu berri dena, eta orain metaleko arratoiaren urtea hasiko da. Bost elementu eta hamabi animalia uztartzetik sortzen da urteak izendatzeko modua. Eta Txinan aspaldi egutegi gregorianoa hau da, mendebaldean erabiltzen dena hartu zuten arren, haien tradizioaren arabera, orain hasi dena 4718. urtea da.

Sorterrira itzultzeko aroa

Pei Xuan txinera irakaslea da Bilboko Txinatar Institutuan. Dioenez, Urteberria jai nagusietako bat da Txinan: «Normalean, data hauetan jendea sorterrira itzultzen da, familiarekin egoteko. Asko jaten dugu, edan ere bai, eta senideekin eta lagunekin egoten gara».

Otordu oparoak dira urte berriaren jaietako ezaugarri nagusia. Jakirik preziatuenak enpanadak, arroz pastelak eta, batez ere, arrainak dira: «Arraina beti dago Urteberriko otorduetan. Txineraz, arraina esateko erabiltzen dugun hitza ahoskatzen da zorte on-en txinerazko baliokidea bezala. Horregatik, arrainak egon behar du derrigor».

Alabaina, aurten urte berriak ez du, oraingoz behintzat, zorte on askorik ekarri. Koronabirusaren izurritea arazo handiak sortzen ari da Txinan, eta leku askotan bertan behera utzi dituzte urte berriaren ospakizunak. Euskal Herrian bizi diren txinatarrek, ordea, ez dute esperantza galdu nahi, eta festari eusten diote: «Txinan bizi ez garen txinatarrontzat ere oso egun bereziak dira hauek, eta txinatar komunitate osoak ospatzen du».

Bilboko Txinatar Institutuak antolatutako festan, txinatar jatorriko lagun ugari daude, baina gehienak gaztetxoak dira. Txinan jaio eta Euskal Herrira ekarritako ume asko Institutura eramaten dituzte gurasoek, sorterriarekiko lotura gal ez dezaten. Baina, Bilbon behintzat, txinatar komunitateko kide gehienek nahiago dute Urteberriko ospakizunak etxean eta gertukoekin egin.

Egun, institutuak 280 ikasle inguru ditu, haur zein nagusi: «Ume asko ditugu, gurasoek badakitelako txinera etorkizuneko hizkuntza dela», azaldu du Megan Fowler Institutuko zuzendariak. «Helduei dagokienez, batzuk etortzen dira lantokian txinera ikas dezaten eskatzen dietelako, baina asko dira Txinako eta, oro har, ekialdeko kultura interesatzen zaielako txinera ikasi nahi dutenak».

Txinera eskolak emateaz gain, institutuak jarduera ugari antolatzen du, Txinako kultura bilbotarrei helarazteko, eta urte berriaren ospakizuna horren adibide da. Eskulan mintegia amaituta, kalera jo dute, dragoi eta guzti, eta festa amaitzeko otordu txiki bat egin dute; jatetxe txinatar batean, nola ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.