ATZEKOZ AURRERA

Hautsitako tresnen erietxea

Eguneroko tresnak eta hondatutako gailuak konpontzen dituzte Hor Konpon lantegi irekian, hilean behin, Donostiako Tabakaleran. Bakoitzak dituen gaitasunak baliatuz ikasten dute.

Hor Konpon lantegiko parte hartzaileak etxe tresna bat konpontzen, atzo, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Puskatutako objektu ugari tratamendu eske daude Donostiako Tabakalerako Medialab aretoan: irrati gorri bat, motxila zauritu bat eta haurrentzako Mickey Mouseren aulki txiki bat, adibidez. Gaixo horiek konpontzeko, badaude baliabideak, badaude sendagaiak: kablez, mailuz, josteko makinaz eta bihurkinez beteta daude mahaiak. Izan ere, matxuratutako tresna zaharren ospitalea bihurtzen da Donostiako Tabakalerako Medialab aretoa hilabete bakoitzeko bigarren larunbatean, Hor Konpon lantegi irekian.

«Hor konpon, Marianton», dio esaera zaharrak, eta gizarteak hondatutako tresna eta gailuekin egiten duena ederki islatzen du: puskatu edo zaharkituta geratu orduko, zaborrontzira botatzea da ohikoena. Horren aurka egiten dute lantegian, ordea: denen artean, objektu edo tresnak berriz ere martxan jartzen saiatzen dira.

Ordenagailu batekin zirujau lanetan ari da Ibai Zabaleta, lantegian parte hartzen duen Tabakalerako teknikarietako bat, huradesmuntatu nahian. 2016an hasi ziren tailerra antolatzen, Donostia Europako kultur hiriburu zenean, eta piezak konpontzeko eskubidea aldarrikatzen dute: «Gauzak konpontzeko ohitura galdu dugu; horregatik da interesgarria aurreko belaunaldien logika», adierazi du.

Medikuaren ordua bezalaxe, hilabeteroko plana bihurtu da tailerrerako bisita jende askorentzat. Adinekoak daude gehienbat aretoan; Zabaletaren hitzetan, haiek dira gehienbat etxetresnei bizi berri bat ematera joaten direnak, eta gazteak, berriz, gailu elektronikoak sendatzera joan ohi dira. Joskintza, ordea, belaunaldi artekoa dela esan du. Gaur gutxiago daude, baina 30 pertsona ere batu izan dira bertan.

Dena den, ez du balio begira egote hutsak; ikasteko eta aritzeko prest egon behar dute: «Ikasteko gogoa eta jarrera eskatzen ditu. Hori gehiago kostatzen da. Jendeak uste du gauzak ekarri eta konpondu egiten dizkiegula. Ez da hori helburua», adierazi du Zabaletak.

Sendagiriak banatzen

«Begira, begira!», esan du Amar Ech-Charayk. Esku artean daukan esku argiak ere jaso du sendagiria. Ingurukoek lorpena goraipatu dute: «Gaur, dagoeneko aulki txiki bat, patinete bat eta linterna bat konpondu ditut», esan du.

Nellida Senlle de la Fuenteren oratzailea eta zuku makina den etxetresna bat konpontzen ari dira. Bat-batean geratu zitzaion ogia oratzeko erabiltzen duen 30 urteko makina. Torlojuak banan-banan kentzen ari dira, baina ez dute lortzen tripetara iristea: «Muntatuta dago konpontzea ezinezkoa izan dadin; 20 torloju baditu, hemeretzi kendu ditzakezu, baina hogeigarrena, ez», azaldu dute.

Senlle de la Fuente motxila baten forrua josten hasi da ondoko mahaian, eskuz, makina ondoan eduki arren. Umetan ikasi zuen josten, eta, eskulanetan aritzea gustatzen zaionez, hilero joaten da lantegira. Ech-Charayrena da motxila: «Trukeak egiten ditugu, zerbait ekartzen dute eta konpondu egiten dugu; beti ikasten da zerbait hemen».

Urteak daramatza bertan parte hartzen Carmen Gonzalezek ere, eta Senlle de la Fuente agurtu du topo egin dutenean. «Dagoeneko ezagunak gara, eta bakoitzak dakiona partekatzen du besteekin». Azken boladan jostera joaten dela esan du, baina gauza asko konpontzen ikasi duela. Pixkanaka, beldurra galdu die konponketa batzuei: «Ikasitakoa etxean egiten saiatzen naiz. Lehen, beldurra ematen zidan, batez ere etxetresnak eta horrelako gauzak zirenean. Orain, beldurra ez, errespetua ematen dit».

Arlo askotako espezialistak elkartzen dira Medialabeko erietxean. Konpondu dezakete telebistako urrutiko aginte bat, irrati bat, kremailera bat edo bizikleta bat. «Bizikleten kontua errepikatzen da, baina gaur ez dugu ekarri. Maiatz inguruan etorriko dira, bizikletak puntu-puntuan jartzera», esan du Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.