ATZEKOZ AURRERA

Nor izan zen Josefa Molera?

'Emakumeak zientzian' egitasmoak Bilboko Erribera merkatura eraman dituen esperimentuek gaztetxo askoren ikusmina piztu dute. Emakumezko zientzialarien ikerketetan oinarritu dira.

Ikerlari bat bi neskari PHa zer den azaltzen, atzo goizean Erribera merkatuan antolaturiko zientzia ginkanako esperimentuetako batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Zientzia bada nesken kontua», dio orrialdean idatzitako mezu ezkutuak. Maitek 10 urte inguru ditu, eta gorriz tindaturiko betaurreko lenteari esker irakurri du. Irenek utzi dio lupa, eta neskatoak harriduraz begiratu dio hari. «Hiru dimentsioko filmak nola egiten diren azalduko dizut orain. Horretarako, baina, beste lente bat behar duzu, urdina». Irenek azaldu dio argi zuria hainbat koloretan desegiten dela kristal bat igarotzean, eta argiari koloretako lenteekin begiratzean efektu ezberdinak sor daitezkeela, esaterako, sakontasuna, eta hor datzala hiru dimentsioen efektuaren sekretua.

Irene Luengas da Irene, eta Achucarro Neurozientzia Ikerketa Zentroko Neurobiologia arloan dihardu. Atzo goizean, baina, laborategia Bilboko Erribera merkatuarekin aldatu zuen, eta, Maiteren eta beste 50 bat gaztetxoren laguntzaz, filtro koloredunekin zerikusia duten esperimentuak egin zituen. Haien harridura baliatuz, azaldu zien, besteak beste, Marie Curie bi Nobel sari irabazitako zientzialariaren ikerketei esker deskubritu ahal izan zirela argiaren eta erradiazioaren hainbat ezaugarri.

Otsailaren 11 Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta, hori ospatzeko, Emakumeak zientzian egitasmoak zientzia ginkana antolatu zuen atzo, Bilboko merkatu ezagunean. Erosketa legean ziharduten hiritarrak, adibidez, bost mahaitan banaturiko esperimentu ezberdinetan parte hartu zuten umeekin nahastu ziren. «Zientzia jolas bihurtzen dugu, nolabait. Helburua umeengan zientzia bokazioa ereitea da, eta,bereziki, neskengan», azaldu zuen Laura Garcia ingeniari eta Achucarro zentroko ikerlariak.

Ingeniaritzak ez diren beste zientzia ikasketetan —medikuntza, biologia...— emakumezko ikasleak gehiengoa badira ere, ikerketa eremu maskulinizatua da, Garciaren ustez. Emakumeek bide profesionala lehenesten dute, eta horrek ikerlari gisa ikusgarritasuna kentzen die. Joera hori aldatzeko bideetako bat da esperimentazioa txikitatik erakargarri egitea, eta, hain zuzen, horixe da Emakumeak zientzian asmoaren xedeetako bat.

DNAren bila

Eta, noski, baita aitortza ere. Ginkanara bildu ziren umeek esperimentu bana egin zuten, eta, ondoren, harekin zer ikusia zuen emakumezko zientzialari baten berri izan zuten. Garciak DNA zer den azaldu zien bere mahaian, eta bananarena nola lortu azaldu. «Bizidun guztiok dugu DNA: gizakiok, animaliek, landareek... Guri buruz dena dioen kode bat da, eta, Rosalind Franklin ikerlari ingelesaren lanari esker, askoz gehiago dakigu DNAri buruz».

Ginkanan omenduriko ikerlari guztiak ez ziren atzerritarrak. Bostetako bat nafarra zen: Josefa Molera, hain zuzen (Izaba, Nafarroa, 1921 - Madril, 2011). «Aitzindaria izan zen kromatografiaren erabileran, eta Kimikako Nobel saridun biren alboan egin zuen lan», goratu zuten. Hari eskainitako mahaian, kromatografia zer den azaltzen saiatu ziren: «Izen arraroa du, ezta? Bada, substantzia kimikoak euren osagaietan banatzeko teknika bat da». Aski izan zituzten tintaz zikindutako paper zati batzuk eta alkohola.

Beste bi esperimentutan, umeek animalia bakoitza bere burmuinaren tamainaren arabera sailkatu behar zuten, eta, aza more baten zukuarekin, PHa zer den azaldu zieten. «Eskura ditugun osagaiak dira guztiak, eta ez dira arriskutsuak. Nahi duenak etxean edo ikasgelan egin ditzake», nabarmendu zuen Garciak. Esperimentuen azalpenak Emakumeak zientzian egitasmoaren webgunean eta Zazpi Kaleetako hainbat saltokitan jarritako afixa QR kodedunetan aurkitu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.