ATZEKOZ AURRERA

Omako basoko koloreei, hesia

Azaroaz geroztik itxita dago Omako baso margoturako sarbidea. Xingola marroiaren gaixotasunak jo du Ibarrolaren pinudia, baina, hala ere, hainbat bisitarik hesia gainditu dute.

Omako baso margotuaren sarrerak hesituta daude, baina jende asko sartu da Aste Santuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Kortezubi
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Autoz lepo dago Omako baso margotura joateko aparkalekua (Bizkaia). Bisitari gehienak, ordea, apain jantzita, Lezika auzoko jatetxean daukaten ezkontzara doaz. Mendiko zapata gutxi. Oma auzora joateko bidegurutzean kartel bat: «Omako baso margotua guztiz itxita egongo da mantentze lanak eta sarreretan hobekuntza lanak egin ahal izateko». Azaroaz geroztik dago kartel hori jarrita, basorako sarrera-irteerak egokitzeko lanen ondorioz lehenik, baina apiril erdialdean jakin zen pinudia xingola marroia gaixotasunak jota dagoela. Bisitari kopurua nabarmen jaitsi da orduz geroztik, inguruko bizilagunek azaldu dutenez.

Aste Santuan, baina, kartelari jaramonik egin gabe, jende asko sartu zen Agustin Ibarrola artistak margotu zuen baso ezagunera. Sare sozialetan eta hedabideetan behin eta berriro agertu da irudia: jendea hesia gainditzen, gainetik edo albo batetik. Hori berriz ez gertatzeko, basoko bi sarreretako hesiak indartu egin dituzte. Sartzea debekatuta dagoela adierazteko trafiko seinalea jarri dute, Ez sartu mezua duen zinta bat alderik alde, eta oharra hainbat hizkuntzatara itzulita. Eta, hala ere, batek baino gehiagok ez dio jaramonik egin debekuari.

Joan den astean jende andana ibili zela ikus daiteke bideoetan, baina orain ez dago halakorik. Jon Ezkanok bere bikotekideari erakutsi nahi dio baso margotua. «Badakigu itxita dagoela, baina sarreratik basoa ikusi ahal izango da, ala?». Ez da pinu margoturik ikusten sarrera bietako batetik ere. «Tira, ba gutxienez sarreraraino joango gara, eta bueltan itzuliko gara; pena da, ordea, ezin ikusi ahal izatea». Aparkalekura inguratu, eta bi gizonek berriz ere galdera: «Basora inguratzeko modurik badago?». Hesituta dagoela erantzun arren, galderari eutsi diote: «Bai, entzun dugu itxita dagoela, baina hesia gainditzeko modurik badago?». Jendea albo batetik igaro dela erakusten dute hesien ondoan dauden arrastoek. Bidexka bat eta guzti ere badago.

Norberaren ardura

Iazko udaz geroztik, Euskal Herriko ipar isurialdeko intsinis pinu ugariri eragin die xingola marroiaren gaitzak. Horien jabeei buruhauste ugari sortu dizkie, eta pinudi asko ezin izango dira lehengoratu. Omako basoaren geroa zein izango den, beraz, oraindik ez dago argi. Bizkaiko Foru Aldunditik ikerketa egiten ari dira, eta gaur-gaurkoz ez dute pinudiaren egoeraren berririk eman. Hala ere, zein arrisku izan dezake halako pinudi batera sartzeak? Jon Hidalgo Lurgaia fundazioko kidea da, eta bertako basoen iraupena sustatzen egiten du lan.Xingola marroiaren eragina zein den azaldu du: «Gaitzak jotako pinu horiek hiltzen hasten dira, eta adarrak galtzen; beraz, pinudira sartuz gero, hori izan liteke arazoa: adarren bat gainera eror daitekeela». Pinudia, gaur, Bizkaiko Foru Aldundiarena da, eta, haren ustez, bisitariei sarrera ixtea erabaki egokia izan da. «Adar batek joz gero ardura diputazioarena baita».

Horregatik, sarbidea itxita egon arren pinudira sartu den jendea «arduragabekeriaz» aritu dela uste du Hidalgok. «Ez dut uste Diputazioak kapritxoz itxiko zuenik». Are gehiago turista askorentzako ezinbesteko bisita denean, eta sarbidea itxi denetik bisitari kopuruak behera egin duenean.

Edozein modutan, Lezika auzoan dagoen aparkalekutik bisitatzeko beste gune batera joateko aukera dago. Santimamiñeko kobak bertan daude. Baso margotua ikusteko aukerarik ezean, kobako margoen erreplikez goza daiteke. Gaitzak Omako baso margotuan izan dezakeen eraginaren tamaina ezagutu artean, pinudiak hesituta jarraituko du, xingola marroiak Ibarrola margolarien koloreei gain hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.